Dakienak dakiHizkuntza

Jan zahar gagoz eta gose gara

Posted on

Zahar berbea, beste berbaren baten atzetik, behin baino sarriago erabilten dogu, baina ez zaharra dala esateko, ezpada beste esangura batzukaz. Oraintsu entzundako hau, esaterako: Jan zahar gagoz eta gose gara.

Jan zahar egotea jan barri egotearen justu kontrakoa da: aspaldi janda egotea. Eta halantxe erabilten dogu beste aditz batzukaz be, orain dala denporatxoa jazo dan gertaera edo ekintza bat aitatu gura dogunean. Baina zahar eta barri aditzari loturik joateko kasuan, bien arteko diferentzia nagusia da barri ugaria eta emonkorra dala, eta zahar, ostera, aditz gitxi batzukaz baino ez dala entzuten.

Jan zahar horren hari-harikoa da Iparraldeko beste hau, Duvoisin idazleak bere hiztegitxo baten dakarrena: «Ez gare barazkaldu zaharrak«, ez dala denpora luzerik igaro bazkaldu dogunetik.

Azkuek zehaztasun handiagoz dino, jan zahar dagoala esaten dala batzuetan, norbait baraurik dagoala aditzen emoteko. Otxolua mundakarrak bere idatzietan berebiziko esaldi polit hau dakar: «Jantzar egoteak jakiak gozatsu eta on egiten dituz». Eta bide berekoa Jabier Kaltzakortak bere amari entzuniko hau: “Jan zaharrik egin egin!”, hau da, baraurik luzaroan ez egoteko erregua.

Baina beste aditz partizipio batzukaz batera be emoia dauka zahar osagai horrek.

Mokoroak ipuin euskeratu baten jo zaharra darabil: “Kanpantorreko erlejuari begiratu bat hontan, eta… bezperetako ordua jo zaharra” (Erraondoko 16): bezperako ordua igarota ordurako. Inozentzio Oleak Donostiako egunkari baten idatzi eban aspaldi honako hau: “Lehenago hain urruti egiten zan Barbari aldera kaminoa dago, ez da hain egin zaharra baina” (DV 17-10-1990).

Bergaran J. Martin Elexpuruk baturiko esaldiak dira hurrengook: «Ez naiz Donostian izan zarra» dino behin. Eta etorri aditzagaz hurrengo honetan: «Julian ezta oindio lanetik etorri zarra«. Ezkondu aditzagaz darabil beste honetan: «Etzan ezkondu zarra hil zanian».

G. Garatek Erderakadak bilduman dakarzanak dira hurrengo honeek: «Ez naiz jaten aritu zaharra”, jaten aritu aditzaz, edo: “ez da hil zaharra”, edo: “ez zera edan zaharra” Azpeiti aldean, Nafarroako Bortzirietan eta Bizkaian baturikoak. Eta J. Kaltzakorta markinarrak aitari aspaldi entzuna: “Hau ez dok Ameriketatik etorri zaharra”.

Denpora-izen batzukaz be, egun seinaladu baten hurrengo astean edo domekan egiten dan ospakuntzari izena emoteko erabilten da zahar. Halan, Gabon egunaren hurrean, aste bete garrenera dogu Gabonzahar. Iretargiaren kontuan be, iretargibarri edo ilbarri daukagun lez, badaukagu ilzahar berbea be, iretargi bete dala esateko. Halan esaten da Atxondo eta Arrazola partean (Jesus Eguzki). Baina baita Nafarroan eta Iparraldean be: “Bazkoz ilargi-zar, Austez ilargi-berri” jaso eban Damaso Intzak bere errefrauen artean (EZ 2001). Udagoienari be Nafarroa aldean, alde batzuetan, udazaharra deritxo. Sebastian Mendiburu jesulagun idazle klasiko oiartzuarrak behinola idatzia da: “Negu otza, udaberri epela, uda beroa ta utsa edo udazar epeltzen ta ozten asia” (I.Arg I 169).

Eta amaitzeko, gaitzeste edo txarreste zentzuna emoteko adiera be gorde dau alkaketa batzuetan zahar adjektiboak beste izen edo aditz jakinen atzean. Kaka-zaharra, burla-zahar esan, tenta-zahar esan, erronka-zahar ibili eta halakoetan.

Adolfo Arejita