Dakienak dakiEtnografia

Jatorduak I Armozua

Posted on

Euskal Herriko jatorduak, leku gehienetan legetxe, eguneko ordu nagosiei lotuta egon dira aspaldirik. Halan, hiru izan dira jatordu garrantzitsuenak: goizekoa, eguerdi partekoa eta ilundekoa edo, beste berba batzuekaz esanda, gosari edo armozua, bazkaria eta afaria. Denporeagaz, baina, etxean etxeko ekonomiaren eta gordeta eukiten zanaren arabera, beste jatordu txikiago batzuk be gehitu dira, esaterako, hamarretako edo hamaiketakoa edo arrasti parteko meriendea. Jatorduak urte sasoiaren araberakoak izaten baziran be, normalean ondoko tarteetan izaten ziran, eta dira: armozetakoak goizeko seiretatik zortzi eta erdiak arte, bazkaria ordu batetarik ordu bi eta erdiak arte eta afaria zazpi eta erdietarik bederatzi eta erdietara.

Gaiagaz lotuta, polita da Zornotzan kriada ebilen neskato bateri batu jakon esakunea: Nahiz dala udea, nahiz dala negua, goxeko zortziretan armozu ordua. Geuk bost jatordu bereiztu eta euren ganeko informazinoa batuko dogu hona.

Goizean, berez, hiru jatordu egiten izan dira. Lehenengoa, goizetikoa, barausi edo barauskarria da, hau da, baraua apurtzeko egiten dana. Ez da armozuagaz nahastu behar, horren aurretik hartzen dalako. Normalean, ogi zati edo kuskur bat eta graduazino altuko likore bat hartzen ziran barausteko: lehenengo likorea edan eta ostean jaten zan ogi zatia leku gehienetan, baina Portugaleten, esaterako, nahastean jaten ebezan, ogia erdibitu eta hara botaten eben anis eta orujo kopatxu bat. Beste leku batzuetan, ogirik ez eukienean, galletak jaten ziran.

Jagi eta segiduan hartzen zan barauskarria, baina etxeko guztiek barik, beharrean joan behar ebenek hartzen eben. Bermeon, esaterako, marinelek goizaldean portuko beharretara joan aurretik egiten eben, fot izeneko ogi zatia eta koak, orujo edo anis kopea hartuta.

Ondino be halango barauskarriak egiten dabez batzuek, esaterako, neguan kaleko obretan ibilten diran beharginek; dana dala halango beharginen ohiturea barauskarria tabernan hartzea bihurtu da. Etxean be, apurka-apurka kafeak ordezkatu ebazan likore gogorrak.

Armozua da goizeko jatordu nagosia eta bere ardatza esnea izan da eta ondino be bada. Esnea, baina ez zan hutsean hartzen, ezpada zopakaz edo morokilagaz. Zopa klase bi egiten ziran esneagaz: talo-zopak eta ogi-zopak. Lehenengoak jateko, arturunagaz eginiko taloa esne beroa daukan lapikoaren ganean itxi eta zatitu egiten zan. Ogi-zopak, barriz, gari urunagaz eginiko eta aurreko egunetan gordetako ogi zatiakaz egiten dira ondino be. Ogia zabaltzeagaz batera, taloa bera desagertzen hasi zan eta, beragaz, talo-zopak.

Belaunaldi barriagoek ekarri dabe, bestalde, armozuan tostadak edo mantekilleagaz edo mermeladeagaz bustitako ogia jateko kontua eta barriagoak dira, ondino, ingelesen ohiturak imitetan oin nongura hartzen diran laranja-ura edo gariagaz egin eta esneagaz batera jaten diran zerealak. Barauskarriagaz pasau zan moduan, ganera, gero eta gehiago zabaltzen dabil etxean barik tabernan armozatea, tartean kafesnea, kruasanak edo antzeko opilak.

Zopez aparte, morokil edo arto-zukua be hartzen zan. Arturunagaz eginiko amasea da morokila: irakiten dagoan uretan gatz apur bategaz bota eta egurrezko goilareagaz eragin eta eragin egin behar jako harik eta amasa lodi batek urten arte. Morokila hotzituten itxi eta esne bero-beroa botaten jakon ganean jan aurretik. Leku batzuetan, ganera, azukrea be botaten izan deutsie. Estomagurako jateko on eta betegarria izan bada be, jende askok taloa gurago izan dau askotan.

Armozuan bestelako gauzak hartzea, etxeko egoerearen araberakoa izaten zan. Halan, kafea erosteko beste ditu egon ezkero, erosi eta kafesnea hartzen zan. Txarria hil ostean be, txarriki nahikoa euki ezkero be, ohikoa zan armozuan sarteneko edo txarriki frijidua jatea.

Hain zuzen be, txarrikiakaz, arrautzakaz edo sardinazaharren bategaz egiten ziran hamarretakoa eta hamaiketakoa. Jatordu barriagoak badira be, sano zabaldu dira azken hamarkadetan. Izenek eurek esaten daben moduan, goizeko hamarrak eta hamaikak bueltan hartzen ziran etxean nahiz etxetik kanpo. Halan, solora beharrean joan behar ebenek goizetik eroaten eben hamarretako edo hamaiketakoa solora bertara, jatordua helduta han bertan jan ahal izateko, etxera bueltau barik.