Dakienak dakiHizkuntza

«Kaltea dagianak bizarra lepoan»

Posted on

Getxoko armarriaren, Getxo familiaren armarriko berbak dira, errefrau-berbak: “Kaltea dagianak bizarra lepoan” (Getxo familiaren ikurra). Mitxelenak bere Textos arcáicos vascos bitxitasunez beteriko obra labur ederrean sartu eban (TAV 3.3.1, 169), eta harrezkero guztiz ezagun bihurtu da gure artean. Hainbesteraino ze, Getxo alde horretan alkarte baten izenburu bihurtzeraino heldu da Bizarra lepoan lema hori.

Gudu aurreko euskal literaturan be badogu errefrau beronen oihartzuna, hatan be Mundakako seme genduan Otxolua idazlearen lumapean: “Kalte dagijanak bixarra lepuan” idatzirik itxi euskun Bertolda itzulpen-obran.

Errefrau horren barruan datzan mezua unibersala da, edozein hizkuntzatako herri-jakintza edo literatura edukietan idoro daitekena. Era diferente askotara eta irudi diferenteen bidez formulaturik agiriko da, baina mezua beti bat: besteri kalte egin deutsana gero be bildur izaten dala, ostetik eta bera ohartu barik berari be beste hainbeste egin deioen. Horretan dau indarra bizarra lepoan irudiak: beti atzera begira, arpegia leporantz bihurturik, atzerik hara kalte txarren bat etorri ez dakion.

Badogu beste errefrau zahar bat, RS bilduman XVI. mende barrenean agiri dana, dinoana: “Gextoto oi danari / bildurra jarraigi, / ta kaltea jarrugi” (RS 341).  Berbakera gaurkotuagoan berresanda: Gaizto jokatzen, edo besteen kaltean daragoionari bildurra darraio, bildurra dario atzetik, eta kalteak oratuko deutso aurrerago-atzerago. Gaztelania zaharrean halan dino errefrauak: “Al que mal habita, / el miedo le sigue, / y el daño encuentra” (RS 341).

Bide batez gogora daiguzan kalte egitearen gorabeherako beste errefrau batzuk. Ugariak dira berez, baina gitxi batzuk hautu ditugu kontzeptuen arabera.

– Gaizkin mozorrotuaren irudia adierazoten dabenak: “Txakur ixillak ozkarik seguroena.  Ixilka esanak kalte haundiena askotan” (NEZ 1216) // “‘Ardi-larruz otsoa estaltzen da’. Gure Jaunak esan zuen hori; gaiztoak on-itxura hartzen, ahal duen kaltea egiteko.” (NEZ 1292).

– Gaizkinek sorrarazoteko dituen oste txar eta kalteak aitatzen dira sarri. Kalteginak, hilda gero be oste txarrak ixten dituala dinoe: “Gaizkileen hezurrak lur azpian gordetzen dira, baina beren kalteak ez” (EEZZ I 1218). Beste era antzekoan esanda: “Gaizkilearen hezurrak lurrazpian gordetzen, bainan bera(re)n kalteak ez” (Atsot 5228). Beste formula batez be ezaguna da: “Txar nahi duanak, kalte egin dezake” (EEZZ II 2753). “Txarto gure dauenak kalte ein leike” (Atsot 6132).

– Gaiztoari mesede egiteak norberari ekarri leiola atzera kaltea ohartarazoten deuskue beste batzuek. “Gaiztoari egiten zaion mesedea, egillearentzat da kaltea” (Atsot 5254).

– Besteri kalte egiteak norbere buruari be azken baten kaltea dakarkiola: “Iñori kalte egiten dionak erakarriko duela kaltea bere burura” (VMog 45).

– Mesede egiteak edo kalte egiteak neurri bereko erantzuna jaso ohi dabela dirauskue beste batzuk: “Lehen eta orain betiko leloa: on eginak horrenbeste, kalte eginak hainbeste” (EEZZ II 1929).

– Norbere buruari kalte egiteaz ohartarazoten deuskue beste batzuk: “Nork bere buruari egiten dio kalterik haundiena” (Atsot 8238). Batzuetan norbere borondate txarrez: “Gaizki pentsatzen du(e)nak, ongi ezin egin.  Bere buruari ta bestei kalte. (NEZ 1039).

– Zuztar gitxikoa danak ahotik ateraten dituan berbak, gehienak bere buruaren kaltean izan ohi dirala: “Neskeak hiru hitz egunean, ta biak bere kaltean” (Atsot 10145).

– Gaizki-esakak, deungaro-esakak eragindako kalteak: “Miiak ze bes buruen kalte”. Gaurko eran: ‘Mihiak ez bei esan bere buruaren kaltean’. Gaztelaniaz: «No diga la lengua en perjuicio de la cabeza» (RS 271).

– Debekua haustearen kalteez dihardu beste zahar honek: “Sar dina geben lekuan, / bere kaltean” (RS 209). Gaurko eran: ‘Galerazota dagoan lekuan sartzen dana (sar dadina), bere kaltean’ izango dauela. Gaztelaniaz: “El que entrare en lugar vedado, / en su daño” (RS 209).

Beste atsotitz asko dira kaltearen inguruan, esangura diferentetakoak, baina oraingoz bego horrainokoan.

Adolfo Arejita