Dakienak dakiHizkuntza

Kolko BETE, arra BETE, basu BETE, esku biak BETE leku-neurri eremuan

Posted on

Bete hitz askotakoa dogu euskeraz. Hiztegira begiratu bat egitea baino ez da behar, berba honen aniztasunaz eta polibalentziaz ohartzeko. Aditz kategoria danean, bete hitzak itxura irregularra dau zelanbait, erre aditzak lez; bestelako aditzetan ditugun tu, -i, -n edota o amaieretatik urrundua. Baina aditz izaera osoa ohi dauka: bete dau aspektu burutuaz, beteten dau aspektu burutugabeaz eta beteko dau etorkizuneko aspektuaz. Adibide adierazgarria da bete aditzak jan-edan eremuan dituan erabilerena. Esaera atal bat: Gabon, bon-bon, Natibitate, ase ta bete, non ase eta bete aditzak sinonimo gisa erabilirik agiri diran. Lorratz berean, bete-bete egin aditz lokuzinoa, jate zein edate kontuan larregizkoa aditzen emoteko.

Aldaera nagusi bi garatu ditu egitura erregularren analogiaz, betetu eta betatu; biak aspaldi-aspaldirik. Betetu, hondino be bizi-bizi dagoan aditz itxurea (Mungialdeko berbetan, berbarako), eta betatu, berariaz idatzi zaharretan agiri dana, XVI. mendeko errefrau honek gogorarazoten deuskunez: Dindika murkoa betatu doa (RS 94).

Aditzaz ostean, adjektibo kategoriaz dau seguruen bete hitzak erabilerarik zabalena. Ondoko herri-berbeta formulea testigu: Osasuna, bakea eta lapiko ondo betea.

Adberbio kategoriaz, dauen erabilera be ugaria baizen emonkorra da. Kantitate esparruko adberbioetan agiri da berariaz. Bete, bere soilean batzuetan, eta beterik, -rik atzizkiaz adberbiotasuna markatuago dauela sarri-sarri: lapikoa beterik dago. Inesibo kasuan be ez gitxitan, betean: Alboz-albozka bideak betean joan da etxeruntz esaldian. Aitatzea merezi dau hemen, itsasertzeko herrietan ezaguna dan betien bete, beten bete lokuzinoa betearen bete ete dan nago era landuan, edo behar bada, betean bete?, Augustin Zubikaraik idatzitako ondoko pasarteak argiro darakusanez: Autobusa betien bete doa Ondarroatik Bilbora.

Gaurko idatziaren helburua, baina, bete neurri-izenakaz darabilguneko egiturez gogoeta egitea da gehiago. Hau da: plater bete, platera bete, plater bi bete ereduko egituren gainean jardutea. Bete, aurreko sintagma egituron barruan determinatzaile kategoriakoa dogu, zenbatzaile zehaztu erakoa. Funtsean, bat zenbatzailearen ordeak hartzen ditu izen sintagman, zenbateko edo neurri osoa adierazteko, erdi hitzak neurri osoaren erdia adierazoteko egiten dauen antzera: botila bete ardao, botila erdi ardao. Bete horrek determinatzaile lez daukan berezitasuna, bat, bi edo erdi zenbatzaileen aurrean, neurri eremura mugatzean datza; horretarako berenberegi garatu da euskal hizkuntzaren barruan. Euskerearen sartaldekoa da askoz gehiago egitura hau, ekialdekoa baino. Erdialdeko hizkeretan be erabilia da.

Bete det. zenbatzaile kategoriako marka izatera beranduago heldu da, itxura guztien arabera, aurreko kategorietara baino. Bete izan, egon, euki… aditz lokuzino ereduetatik garatua dirudi bete zenbatzaile horrek. Lapiko ezin dana estalgi litzate, ze edozeinek dauko bere lekua bete aipu dau errefrau zahar batek (RS 69). Baina edozelan be aspaldi-aspaldikoa dogu, XVI. mendean bertan be agiri ditu honezkero sustraiak.

Denporearen eremu semantikoan goiztarrago izan dala dirudi beste neurri-eremuetan baino (bolumena, luzera, pisua). Hilabete konposatu zaharra dogu euskeraz, eta urtebete eta beste batzuk be antzera.

Guztiz interesgarria dogu bete hitzak izen konposatuen eraikuntzan euki dauen papera, izan be, konposatu egiturok baitira bete det. zenbatzailearen kide zuzenak. Azkue hiztegigileak seinalatu eta berariaz aitatu eban eraikuntza hau. Horrela sortuak dira, neurri-kontzeptu jakinen adierazle diran atzbete (pulgada) eta oinbete (pie). Baina soka horretakoak dira, era berean, besabete (besoaren neurria), gizabete (gizaki baten goi-behe neurria) eta beste gehiago.

Lexikalizatze osora helduak dira horreek eta denpora eremuko hilabete, berariaz aitatzeko. Baina gramatikaren aldetik aparteko garrantzia dabe bete horrek izen, izen multzo edota izen sintagma osoei darraien egiturek.

Izen mugagabearen gainean: etxe bete lagun. Izen mugatuaren gainean: bazterrak bete lagun. Determinatzaile bikotxaz: kamioi bat bete harri.
Izenordainen gainean be bizkortasun handia agiri dau bete horrek. Herri-kopla baten berbek aitatzen dabe, urlia bera beteko kakatzan sartu zalakoa. Azkuek Urola aldean jasotako egiturea da: Ni bete baino putzu andiagoa zegoan.

OEH-k (Orotariko Euskal Hiztegia), sareko oraintsurengo bertsinoak aditzen emoten dau etxe bete gizon eredua (izen mugagabeduna) dala zaharra eta etxea bete gizon eredua modernoa, eta gaur egun bigarren hau nagusi dalakoa. Horko baieztapena da: Hasta el s. XX el nombre que precede abete aparece casi siempre en caso absoluto indeterminado; despus es ms frecuente la forma determinada.

Esteban Garibaiko eskribau-kronikagilea ez da atzo goizekoa, eta harek jasoa da ondoko errefraua, zerrendako 31.a: Antonio, etxea bete enkonio. // Antonio, la casa llena de pendencias. Ez da lekukotasun bakarra inondik be. Baina ondorio bat atera daiteke horretatik: izen mugagabeaz zein mugatuaz ditugun egiturak, biak dirala aspaldikoak, testu corpusetan bata bestea baino ugariagoa izateaz aparte.

Baina gaur egun izen mugatuaz ugariagoa dala epaitzen be ez da hain erraza. Idatzizko corpusak aparte, hizkera batzuetan batera eta beste batzuetan bestera erabilten da. Toribio Etxebarriak Eibarko bere lexikoian bitzutako adibideak dakarz: a) mugatuaz: neri ontxia bete, horri erdia; b) mugagabeaz: Arra bete falta dau erreiarako.

Nik esango neuke sintaxi egitura biak koexistitzen dirala gitxi-asko, bete zenbatzailea erabilia dan lekuetan: esku bete urretxa eta esku biak bete urretxa, poltsiko bete intxaur eta poltsiko biak bete intxaur.

Determinatzaile bikotxa agiri da beste sintagma egitura batzuetan: izenari bat bete darraiola. Esaera ezagun baten aldaera honek darakus argiro: Portugalete, / vino clarete. / Erango nuke / baso bat bete. Edo atzerago jota, Mogelen beste esaldi honek: katillu andi bat bete ardao bero.

Aipu berezia egin deiogun luzera edo distantzia eremuan bete honek izan dauen erabilerari, gaur egun behintzat bolumen eta beste eremuetan baizen ezaguna ez dan horri. Edozelan be gogoan izatekoa da eremu horretan dauen tradizinoa eta erabilgarritasuna. Tradizinoan luzera-neurri izen jakinetarako garatu diran atzbete, arra bete, kana bete, legua bete usadio zaharrekoen ildotik, zilegi eta egoki da neurri-izen modernoagoakaz erabiltea be. Lardizabalek, kana izenarekin darabilen kana bete eta hurrengo dakarren kana erdia diferenteak dira sintaxi aldetik. Bete determinatzailea dan bitartean, erdia adjektiboa da gehiago: Luzean kana bete, zabalean kana erdia.

Bego gaurkoz honenbestegaz.

Iturriko
2017-12-15