Dakienak dakiHizkuntza

Konparazino egiturako errefrau bat

Posted on

Konparazino-banatzaileen egituraz eregitako esakuntza eta esaerak ugariak dira, ez bakarrik euskeraz, baita beste hizkuntzetan be (tal … cual …, tanto … como …). Batzuetan konparatze kualitatiboa garatzen da, beste batzuetan kuantitatiboa. Eta osagai bien arteko lotura-markak era diferentetakoak izan ohi dira. Kualitatearen arloan, zelangoa / halangoa edo zelakoa / halakoa edo nolakoa / halakoa. Kantitatearen eremuan, zenbat / hainbat, zenbateko(a) / hainbateko(a) edota zenbateraino / hainbesteraino.

Goiko atsotitz horretan, mezuak, persona, izaki edo elementu biren arteko kidetasuna, antzekotasuna edo hurkotasuna alderatzen dau. Personen artekoa gehienbat. Eta andra-gizon, neska-mutil edo bata-bestearen osagarri diranen artekoa batez be.

Ondoren kordatu ditugunotan, goiko horren taiuko kualitate arlokoetara mugatuko gara.

Zeanuritik urrin barik, Arratiako Arantzazu herrian, hitzak apurren bat aldatuta, irudi bera darabilen beste hau batu dogu: “Zelango zakue, halango amarrea” (Jon Etxebarria ‘Alkate’).

– Gizakion arteko eremukoak dira alderatze batzuk.

Persona biren arteko hartuemon hurrekoen irudi ditugu zakuto-kordelak edo zaku-amarreak. Neska-mutil, andra-gizon edo enparaduko; gaztelaniaz esatea lez: ‘tal para cual’.

Beste hainbat be badira, ondo ezagun edo entzunak, ildo honetako irudiak; batzuk barriz, aspaldi zaharrekoak. Horreetarikoa dogu Isastiren bildumako hau:“Nolako nobia, alako kabia” / “Cual el novio, tal el nido” (RIs 61)..

Ugazaba edo nagusia batetik eta haren mendeko morroia, txakurra edo dana dalakoa bestetik jardungai dabenak be badira: “Nagusia nolako, txakurra halako” (EZBB II 65).

– Denporearen joanak berekin darakarzan aldaketak eta giro-barritzeak islatzeko ondua dirudi, Azkuek dakarren ondoko honek: “Zelako aldiak, alako hasi-orraziak. (V) «¿De qué clase los tiempos? De aquella clase los hechos» (EY III 166).

– Eleiz giroko irudiaz baliatzen da, Juan San Martinek plaentxiarrak dirala-ta bere pasadizu-kontaeretariko baten dakarren bat, mezuaren guna edertotxo islatzen dauena, hatan be: “Baekian berak [abadiak] nola berba ein. Zelako lapiko, halako tapa. Bai aukeratu be plaentxiatarreri eurendako moduko abadia” (Zirikadak).

Eleiza eta eleizaldea darabil autugai hurrengo zahar honek be; Isastiren bildumatxoan agiri dan honek: “Nolako elizalde, halako abade. «Cual la anteiglesia, tal el abad» (RIs 60).

Erlijino girokoa dogu, santuak konparagarritzat hartzen dituan hau be: “Nolako Santo guziak, halako egoarriak” (Euzkel Egutegiya.Tolosa 1924-05-17).

– Itsas arrainen irudiaz ondua da hurrengo hau: “Zelako zakatza, halako lebatza” (V-m) (Azkue).

– Belaunaldien arteko transmisino edo oinordetza darabile mintzagai atsotitz zahar batzuk. Nafarroako atsotitz batek, antxinekoak eta gaur egungoak bardintzen ditu: “Antziñekuak nolako, gibelekuak halako” (AN-5vill) (NEZ 1618).

Familia bereko jarraiko belaunaldiak hartzen ditu jardungai beste honek: “Nolako gurasoak, halako umiak” (AN-arakil) (NEZ).

– Etxeko tresnak, ezkaratz eta sukalde ingurukoak ardatz hartzen dituenak be badira.

Sukaldaritzako lanabesetan, ohikoak dira eltzea, lapikoa, marmita batetik, eta tapea edo burruntzalia bestetik. Halan: “Nolako eltzea, halako burruntzalia” (EZBB II 70). “Nolako marmita, halako tapa, behin ere ezta palta” (EZBB II 71).

Iruditzat jabea eta tresnea darabilezan esaerak be zaharrak dira. Halan: “Tresneak jabea dirudi” dino Garibairen errefrau batek (RG B, 19), egitura banakariaz formulaturik be ezaguna dana: “Nolako jabea, alako tresnea” (Larramendi DT).

– Natura edo natura-elementuak aitatzen ditu gaztelaniazko guztiz ezagun batek: “De tal palo, tal astilla”. Baina irudi berekoa dogu zura eta ezpala darabilzan euskerazko beste hau be: “Nolako zura, halako ezpala” (J. Zaitegi Platon).

– Lan munduari atxikiriko atsotitzak be ugariak dira: lanbide, ofizio eta jarduerak irudi dituela onduak. 

Gizasemeei buruzkoa dogu hurrengoa: “Nolako langillia, halako erramienta” (AN-gip) (EZBB II 70).

Eta emakumeen tradizino-lanbide bat, joskintza, darabil iruditzat beste honek: “Aria nolako, arilla halako” (EZBB I 40).

Horreetarikoa dogu soinularia eta dantzaria bardintzen dituan hau be: “Nolako soiñularia, halako dantzaria” (AN-gip), D. Intzak ‘tal para cual’ modura ulertzen dauena (Euskera 1928, 264).

– Giza sentipenak, umore-aldarteak ointzat hartzen ditu hurrengo honek: “Gogoa nolako, hizkera halako. Euskeldunen gogo-bihotzetan dago galde-buru horren koropiloa” (F. Irigarai GH 1921, 629).

Amaitzeko, gogora daigun literaturan be sarri jo izan dabela idazleek banakaritza-egitura honetara, bardintze edo neurtze irudiez baliatzeko. Halan, Gregorio Mujikak Pernando Amezketarra herri-kontaeren bildumatxoan: “Neskameak, nolako itxura atera deitzen dutenak, halako arpegia jarri izan ohi dute”.

Adolfo Arejita