Juan Manu Etxebarriak, Zeberioko semeak, kukuaren inguruan batutako sineste batzuen bueltan ibiliko gara.
Esakuntza honegaz emoten deutso hasierea kukuagazko jardun horri. «Andra Mari martikorik zortzira kukuak joten ez badau, ondrak egin behar jakoz. Baina udabarririk udabarri gurera etorri eta mendia hartuko dau gure basoetan, kukuotsa zabalduaz batean bestean. Izan be, negua itxi eta udabarrian sartzen gara, eta kukuak be eurien osteko ortzadarra, ustrukua edo Erromako zubia ikusten dauanean, kukuotsean ekingo deutso bere kantuagaz inguru guztiak alaitzen”.
Martiaren 25a da Andra Mari martikoren egun seinaladua, kukuaren etorrerea eta kantuotsean hastea iragarten dauena. Data horretan aurten kukuaren soinua entzun dauen entzuterik ia ez da izan inguruotan baina.
Data horregaz loturik dagoz Kepa Enbeita ‘Urretxindorra’ bertsolariaren bertso bateko berbak: “Kukuak pozik, kuku ta kuku / hemen Marti Andra Mariz / hasi zaneko, gexotu jatan / eztarri hau negargarriz” (Enb 130). Kantari onaren ospea dau kukuak, eta gure bertsolari boz ederrekoari eztarria gaixotzea adu txarreko jazoeratzat kontatzen dau, justu Andra Mari martikoz, kukua kantetan hasten dan egun seinaladuan bertsolariak mutu gelditu beharra.
– Lokuzino ezagunak dira kukua, edo kukuaren kantua irudi lez darabilenak. Kukuaren kantua ona edo txarra izan daiteke. Ona bada, zori ona, adu ona. Zorigaiztoaren iragarle izan daiteke kukuak oker jotea. Sarri erabili dan irudia, batez be erdialdeko euskaldunen artean. Mokoroaren bilduman, behin agiri dira lokuzino bi lerroz lerro: “Beste upel bateko sagardoa edango zendun gizon jokatu baziña…”. Hori bera kukuaren irudiaz: “Beste kuku batek jardungo zun kantari….”, gazt. “Otra había sido tu suerte si….) (Pasioko gaua. J. Dorronsoro). Manuscrito –Dorronsoro Joaquín).
Kirol giroan, desapio erako kontestuan sarri erabili izan da kukuak oker jotearen lokuzinoa. Basarri kazetariaren hitzez: “(Onek irabaziko zuala, besteak irabaziko zuala…, kukuak oker beti, andre gaxoorri…”, gazt. “Siempre le fallaban sus augurios” (Zeruko Argia) (Eizmendi Iñaki / Basarri). Zabaleta anai bertsolarien bertso baten: “Orio gaillen geldi baietz, jendea gogor zan fio; baiñan alperrik: aurtengo hontan kukuak oker jo dio”; gazt. “Le han fallado los cálculos” (Juan eta Pello Zabaleta bertsolariak. Ed. Auspoa 63 64).
Herriko emakume baten hitzez: “Ala uste zuun…, baiña oker jo zion kukuak” (Manuela Ormaetxea).
– Errefrauetan badira batzuk, kukuaren etorrerea goseteagaz edo janari urriagaz lotu izan dabenak: “Kukua etorri, gosea etorri; kukua fan (joan), gosea fan”. Nafar esaera honen azalpena, Damaso Intza biltzailearen hitzez: “Kuku-garaia: garia urri izaten dan garaia” (NEZ ). Gazt. “Epoca del año en que se empieza a sentir la escasez del trigo del año anterior. Errefrau bera Euzkadi egunkarian: “Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan” (Felipe Ayerbe). Azalpena: “Características desfavorables de los meses en que canta el cuclillo: abril a junio”.
– Sineskizunen artean bada bat gure artean, guztiz ezaguna. Hara ze berbaz idatzi eban gudu aurrean Euzkadi egunkarian Jon Zuatzaga dalakoak: “Adiskidea: diru apurtxu bat baiño ezpada be, sakelean sartuta belarriak zur ibilli, kukuaren zaratara!”.
Adolfo Arejita




