Dakienak dakiHizkuntza

Lan baratza, lan aratza

Posted on

Azur Eizagirre euskerazale kezkatiari irakurri deutsat oraintsu sareetan errefrau hori, aspaldi entzun barik neukana, eta begira jo deust. Errefrau zaharra dogu berez. XVII. mendean A. Oihenartek bere bilduman baturik dakarren bitxietarikoa: “Lan baratza, lan aratza”. Frantsesezko itzulpena: “Le travail fait lentement est d’ordinaire beau” (Prov 294). ‘Geldiro eginiko beharra ederra izan doa”. Erakutsi handiko esakuntzea batetik, eta gitxi entzuna eta gitxitan irakurten dana, bestetik.

Askoz gehiago eta sarriago entzuten da mezu bera, baina kontrako erara esanda. Txorierri aldean sarri entzun izan dot: “Arin eta ondo antxina hasarratu ziran” (Pedro Mari Goikoetxea. Lezama). Baina era positiboan, lana ondo egiteko astiro eta arduraz egitea hobe dala, arin-aringa eta harrapataka baino, gomendatzen dauenik bakanago entzuten da.

Harira dator, Ander Manterola jaunari, Labayru Fundazioko buru izan dan aldian sarri entzun izan deutsagun eretxi-esaera bat: “Bardin kostetan dok gauzak ondo edo txarto egitea. Denpora bardina eskatzen jok, behar bat ondo edo txarto egiteak”. Esan gura eukean: beharrean emoten dan denporearen iraupen luze-laburrean baino zeregin bat arduraz eta gogoz egiteak gehiago balio dauela, lan bat ondo eginik geratu dadin.

– Goiburuko errefrauaren hurreko esangureaz eihoriko beste esaera bi. Bata, alperreko lanik ez dala egin behar gomendatzera dator: “Alperrik biher ein baino, geldi egon hoba” (Atsot 619). Eta bestea, behar bat txarto egitekotan, hobe dala bapez egin esatera: “Lan txarra egitekotan, askoz hobe geldi egotea” (Atsot 8679).

Baina gatozan errefrauaren guna diran berba bietara. Zer da aratza eta zer da baratza esakuntza horretan?

Aratz adjektiboa, ‘garden, orbanbage, garbi’ esangurakoa, Iparraldeko tradizino zaharrean agiri da nagusiro, baina askoz beranduago atzera barriro bizibarritu izan da XIX. mendeko idazle batzuen lumatik.

Etxeberri Ziburukoak (XVI. mendea) Ama Birjineari buruz darabil: “Andre tatxagabea, / andre aratza” (Manual Devotionezco II). Eta barriro idazle beronek Ama Birjineaz: “O Maria andre guztiz aratz eta xahua” (Elizara). Axular maisu handiak be Gero bere obra nagusian: “Erremediorik hoberena, haragiaren lohian ez sartzeko eta sarthuz gero ere fite ilkitzeko, aratz eta garbi gelditzeko eta egoiteko” (Gero). Eta XIX. mendera hurreratuta, J. P. Arbelbide idazleak, uso bati buruz bertsoz: “Gora zare hegaldatu, / uso garbi aratza; / mundua duzu gaitzetsi, / ikustea berantetsi / aingeruen egoitza!” (Igandea).

Baina Iparraldetik Hegoaldera jauzi egin dau aratz adjektiboak, eta bizi barria beregandu. XX. mendeko, gerraosteko, hainbat idazle dira aratz berbea aupatu dabenak (Mirande, Orixe, Etxaide, Gandiaga, Aresti, Onaindia, Mitxelena…). Domingo Agirreren testigantza bat, mutil gazte bati buruzkoa: “Azal zuri, begi urdin, gorputz iaioko mutila, alai eta askatua, aratz eta belatza” (Garoa).

Baratz adjektiboa dogu bestetik, ortu edo baratzagaz zerikusirik ez dauena. Lan baratza aitatzen dau errefrauak: ‘geldiro, emeki, polito-polito’ eginiko lana aditzen emoteko. Aspaldi gogora ekarri genduan, Ondarroan hondino be bizi-bizi dabilen berbea dala baratza, personen gorabeheran. Jaten baratza, oinez ibilten baratza… Miren Josune Ariztondo andrearen testigantzea genkarren orduan esaldi horrentzat. Eta orduko jardunean gogorarazo genduan baratz adjektiboa eta baratxe adberbioa XVI. mendean bertan agiri dirala sartaldeko errefrau zaharretan (RS 9 eta 173). Baratza, ‘geldoa’ adiereaz eta baratxe ‘astiro, geldiro’ adiereaz.

Baratz berba zahar horrek gaurko euskaldunen ezpanetan be hondino bizirik irauteak, eta norbere hurreko hiztun bati “zu baratza zaz jaten” entzuteak, aparteko poza emoten dau, berez be harrigarri samarra izateaz gainera. Ondarroan ez eze, Oñatiko berbetan be batu da baratz berbea: “Pausua baratz botaten dau” jaso eban Kandido Izagirrek Arantzazu-Oñate hiztegi-corpusean: ‘geldiro, torpe, baldar dabilela’ aditzen emoteko. Azkue lexikografo handiak be, Markinako berbetea gogora ekarririk, esaldi hauxe idatzi eban behinola baratz berbearen inguruan: “Markinarra dan markinarrak badaki, gure baratza, ta erderazko ‘lento’ bardinak direana” (Txirristadak). Eta ondarroarra zan Domingo Agirre idazlearen testigantza bigaz biribilduko dogu baratz berbearen autua: “Edozer gauzagaitik. Edo lodi eder guria, edo argal me zatarra dalako, apaindua edo prakazaharduna, azkarra edo baratza, argitsua edo argibagea [ipini deutse izengaiztoa]” (Kresala). “Lehengoa [potintxoa] zaharra daukat, zaharra ta sorra (baratza; pesada), askotan arabakindua” (Kresala).

Adolfo Arejita