Herri-izen asko, geure ingurukoak, euskeraz eta erderaz, ez ditugu bardin ebaten, eta intonazio bardinaz be ez. Erderaz esaten dan Dérjo, euskeraz be bardin esan behar al dogu? Edo Mañárja? Edo Bákjo?
Puntu hau garrantzi handikoa da berbatik entzumenera doazen hedabideentzat. Eta leku-izenetan (herri-izen zein hainbakoetan) alde handia dago euskeraz edo erderaz zelan esaten dan.
Herri bateko edo hurreko hiztun euskaldunek zelan esaten daben, ha legetzat hartzea da kontua. Bada esakera ezagun bat Txorierrian: Derio, Zamudio, Sondika ta Loiu, asko erein eta gitxi koiu. Euskeraz diptongorik nekez erabilten dogu. Bide beretik: Erán-di-ò, Otxán-di-ò, Lau-dí-ò, Legú-ti-ò eta beste asko.
Leku-izen askoren azentua edo azentuak ez daukie zerikusirik erderazkoagaz. Muxíká, Gerníká, Mundáká eta Berméó esatea toketan dala esango neuke. Edo Gorbéiá.
Leku-izenak osorik ahoskatzea lege da, baina azentua, erabili daigun jente euskaldunak darabilena. Izen batzuk azentu diferenteak esaten ditugu han edo hemen. Eibár askok, Éibàr beste batzuk; Bízkàia batzuk, baina Bizkáiá beste batzuk.
Bilboko Zorrotzán ganadu-hiltegia egoanean, baserritar asko Zorrótzera joaten ziran, ez Zorrózàra.
Baina Bílbòra doazenak eta Bilbaóra doazenak, beharbada ez da jentemodu bardina. Batzuk Bizkaiko herrietatik datoz, eta besteak ez dakit nondik…
Adolfo Arejita




