Dakienak dakiHizkuntza

Leku-izenez berba bi

Posted on

Euskal leku-izenen jatorriaz eta esanguraz asko idatzi eta ikertu da, garrantzi handiko gaia da ganera, besteak beste, abizen euskaldun gehienek leku-izenak dituelako oinarri. Hau da, euskal abizen gehienak sortu dira etxe, etxondo, auzo, edota izen, izengoiti nahiz ofizio edo abere izenetatik, eta askotan, etxe izenetan batez be, inguruak artez-artez baldintzatu dau prozesu hori. Holan, leku-izen askok izadia deskribiduten dabe:

Mendigorria izeneko mendian, kasurako, burdina kolorea da nagusi, edo Pinueta izeneko baserriak, pinu lekua adierazo gura dau, bertako jaubearen esanetan (lehenago paraje guztia ei zan haretxa, pagoa eta gaztainea eta toki hatan, etxea eregi eben lekuan bertan, lehenengo pinu landarak ipini ziran; izena be halantxe emon eutsien etxeari).

Beste batzuk, gizakiak izadiari eragindako aldaketei egiten deutsee aitamen: Elorrioko herria, berbarako, harresiz inguratuta egoan Erdi Aroan eta herriaren barrura sartzeko bost sarrera edo portal egozan. Sarrera ondoetako etxeak Portalekoa izenez ezagutzen ziran.

Edo erreferentzia bat harturik distantzia adierazoten daben toponimoak be zabal dabilz: Zubikoa, Zubiaur eta Zubiurruti, edo Leanizaldekoa, Leanizbarrutia, Leanizbeaskoa, Leanizgarai eta Leanizuriarte baserriak.

Ofizioak be erabili izan dira etxeari izena emoteko, ugazabak etxean bertan eukiten ebalako ogibidea. Ha-ta guzti be, inoiz etxeko jaubearen ezizena ofizioa da eta ezizenetik jatorko izena etxeari, ez ofiziotik. Erletxetako Olarragana baserria nekez ezagutuko dau bertakoa danak izen horregaz, gehienak Errotariena esaten deutsie, ez baserrian errotea dagoalako edo egoalako, ezpada inoizkotan bertako ugazaba errotari ibili zalako eta ezizena bera be haxe ebalako. Batera nahiz bestera normala izaten da etxe horreek beste leku-izen bat eukitea eta jatorrizko izena erdi galduta egotea. Adibidez, Patxo izeneko errementariak arotzerian egiten eban etxean bertan eta Patxoerrero esaten eutsien, lekukoen esanetan ezizenaren deformazinotik ei dator etxearen izena Batxurrune (baina dokumentazioan, zaharrena Gangoitiena).

Beste batzuetan jazoera historikoak edo esaundak be badagoz toponimoaren atzean. Sansonarri izenaz ezagutzen zan Lezama eta Larrabetzuko mugan egoan harri bat, eta bertakoek dinoenez Sansonek han hartzen eban deskantsua, eta indarbarritzen zanean hanka bat ipinten ei eban Ganguren mendilerroan eta bestea Berreagan, halan, Algorta inguruko itsasoan hartzen eban ur trago luzea bideari ekiteko.

Holan ba, garrantzitsua da toponimia ikertzea, azterlanean ezagutuko dogulako gizakiak izadiarekin izan dituan loturea eta hartu-emona, baita hizkuntzearen eboluzinoa be.