LiteraturaZahar-barriak

Lino Akesolo eta Mikel Zarate bizkaitar argiak

Posted on

Apirilaren zazpian bete dira 100 urte Lino Akesolo Diman, Oban, jaio zanetik, Akesolo deritzan baserrian (Dima 1911-Bilbo 1991). Hori dala-ta, gogoan hartuko dogu arratiar euskalzale eta maisu handia.

Bederatzi urterarte auzoko eskolan ikasi eta 1921ean Zornotzara, Larrara, joan zan. Humanidadeak lehenengo, urtebete Markinan eta beste hiru Gasteizen filosofia ikasten. Ostean, Teologia Begoan dagoala. Meza barria 1934an emon eban.

Gerra etorri zan, eta Aita Lino Eusko gudarien Teniente Kapellau ibili zan Itxasalde batalloian, Matxin taldean. Espetxean be egon zan. Hiru urte kartzelan, eta beste hiru baldintzapeko askatasunean, baina Euskal Herritik kanpora. Kantabria aldetik ibili zan batez be aldi horretan.

1948an teologoen irakasle egin eben, lehenengo Gasteizen eta gero Begoan, hamazortzi urtez.

Lino Akesolok barru-barruan eukan etxeko euskerea, baina kanpoan hizkuntzak ikasten ibili zan aldia onuragarria izan eban euskera bera ikusi eta estimetako.

Zeregin asko bete ebazan kultur arloan. Bizkaiko Eleizbarrutiko Liturgi-Batzorderako izendatu eben 1964an, eta Eleizbarrutien arteko Liturgi-euskeratzaileen taldekoa 1968an, Bizkaikoen buru.

1963an Euskaltzain Oso egiteko proposatu eben, baina berak uko egin eutsan izendapenari. 1978an Euskerazaintza sortu barriak taldeko buru egin eban.

Karmeldarren nagusi be izan zan Donostian eta Markinan. Gero Begoara bialdu eben, Diccionario Retana de Autoridades lanari ekin eta atzena emoteko asti gehiago eukiteko

Lino Akesolok asko eta asko idatzi eban, baina batez be artikuluak. Horregaitik, bere lana batean eta bestean zabalduta dago. Karmengo Argia, Karmengo Egutegia, Karmel, Zeruko Argia, Zer, Euskera, Olerti, Egan, RIEV eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu ebazan artikuluak. Karmel-en arduradunek artikulu guztiak batu eta ale bitan atara ebezan Idazlan guztiak izenagaz. Euskera eta euskal kulturaren adar guztiak erabili zituan Lino Akesolok bere idazlanetan, beti zorrotz eta artez.

Euskal idazle zaharrak ondo aztertuta eukazan, mugaz bestaldekoak zein hemengoak. Euskalki guztiak ondo be ondo menperatuten zituan, eta literaturan be aitua zan guztiz.

Aita Linok itzulpenak be egin ebazan hainbat. Esaterako, entzute handia hartu eban Iratzederrek euskeratutako Salmoak berak bizkaieraz zelan egokitu zituan.

Horrez ganera latin, frantses, aleman eta inglesetik asko itzuli eban gaztalaniara, aldi baten hemen barriak ziran filosofo eta pentsalarien lanak berak ekarri zituan hona erderatuta.

Bizi zala hartu zituan merezita eukazan omenaldiak. Orain jaio zaneko 100 urte bete diranean, herrian omenaldia egingo deutsie apirilaren 15 eta 16an.

Baina apirilaren 10ean Mikel Zarate hil zala 32 urte betetzen dira (Lezama 1933-1979). Honek be Bizkaia, euskera eta Bizkaiko euskera buztartuta erabili izan ditu, aita Linoren moduan.

Aparejadore ikasketak egin eta aitagaz beharren ibilita ostean joan zan Seminariora abaderako ikasten. Abadetzagaz eta euskereagaz lotuta ikusiko dogu bere bizialdi guztian. Ezagutu ebenek bizia, bizitasun handikoa eta bizizale handia dala dinoe; ordagozalea be bai, hurrean, gogo eta borondate handia jartzen ebana danean.

Liturgia euskeratzeko batzordean ibili zan luzaro eta horretan behar handia egin eban, taldean nahiz bakarrean.

Derioko Udako Euskal Ikastaroan lehenengotik parte hartu eban, eskolak emoten ezeze, orduan hain eskasak ziran materialak be atontzen, deklinabideaz, ortografiaz, literaturaz, zertaz ez!

Baina hori nahikoa ez eta sorkuntzan be sartu zan, literatura idazten. Eta horretan be genero guztiak erabili ebazan, ipuin-alegiak, nobela, olerkiak, saioa

Gizon oparoa izan zan gure euskal kulturarako, eta baita bidegina be. Euskerearen batasuna egiteko urte zurrunbilotsuotan, bete-betean parte hartu eban egitasmo eta eztabaidetan. Batasunari bidea egiteko prest egoan, eta bera be sartu zan horretan, baina bereari uko egin barik, dakigunetik ez dakigunera, euskera bizitik adarretara.

Lan guztiak ez aitatzeko, bi gogoratuko ditugu hemen.

Ipuin antzeko alegi mingotsak, izenburuak berak adierazten dauen moduan, alegiak dira, baina ez ohiko animalienak eta, bere denporako gizarteko arazoak eta gaiak darabilz, animalia, gauza edo beste edozer pertsonaia bihurtuta. Gaiak, baina, ederto identifikatzen dira, orduko literatura sozialaren bidetik.

Haurgintza minetan nobelea da. Fikzinoan neska bat haurdun dago, eta haurdunaldi hori da haria, baina gizarte-giro nahastetsua dago inguruan, Euskal Herrian egoan moduan. Gizarte barria da jaioteko dagoana nobelan, gizarte-gaiakaz batera hizkuntzarenak be leku handia daukela.

XX. mendeko euskaltzale bizkaitar handi-handi bi dira gaur gogoratzen ditugunak. Bakotxa bere arloan eta bere giroan, euskeraren ganean behar handia egindakoak biak, baita batera be.