Dakienak dakiEtnografia

Linuaren penak eta nekeak

Posted on
Neskatilek soloko ataltxo batean linua ereiten eben ezkontzarako arreoa prestatzeko

Antzinako garaietan linugintzak garrantzi handia euki eban Euskal Herrian. Mende hasierara arte linua, ardi-uleagaz batera, oihalak, jantziak, etab. egiteko lehengaia izan zan. Horregaitik neskatila gazteek soloko ataltxo baten linua ereiten eben, apurka-apurka euren ezkontzarako arreoa prestau ahal izateko. Linuaren ardura osoa emakumeena zan; ereitea, zaintzea, eta azkenean haria egitea, baina beti be garaitiko etxeko lan guztiak egin eta ostean.

Linugintzaren prozesua lan nekosoa eta luzea zan, ederto adierazten deusku hori esaera zahar honek: linuaren atsekabeak, amaigabeak.
Linua eskuz ateraten zan susterretik, egun batzuetan soloan bertan sikatzen itxi eta eskutadak edo liu-balak egin ondoren etxera eroaten ebezan, kamarara. Hurrengo pausua garrama deritxon orraziaz hazia kentzea izaten zan. Gero burdian edo astoaren ganean errekara edo putzura eroan eta beratzen ixten eben hamar-hamabost egunez, linua sasoindu arte.

Hamabostaldia igaro ezkero linu-sortak larrainean eguzkitan zabaldu behar ziran, sikatzeko eta azala usteltzeko. Gero etxeko atarian linarrian zanpatu, hori gizonezkoen beharra zan. Ondoren linua ezpatatu eta trangatu, gero suhasketa etorren, eta amaitzeko orrazketa.

Horrek prest ixten eban linua iruten edo goruetan hasteko, hau da, linu-harigaia hari bihurtzeko, gero horregaz izarak, alkondarak, zapiak, etab. egiteko. Baina O Pello, Pello! kantu ezagunak dinoskun moduan, prozesu hau be luze-luzeaa zan. Harigaia irundu, astalkatu, zuritu, harilkatu, irazkitu, pikatu eta josi egin behar izaten zan eta. Hauxe zan antzinako amen eta amamen neguko gauetako jardunik handienetarikoa.