Dakienak dakiHizkuntza

Lo batek iraun deust etzun nintzaneti ona

Posted on

Mogelek dakarren esapide bitxi bat. Dino bere elebarrian: “Lo batek iraun deust etzun nintzaneti ona”. Idazleak PAb-an darabilen lokuzino polita da: lo batek iraun gau guztian, gazt. “dormir de un tirón” esatea lez.

Esapidearen mezuaren guna lo luzea izatean datza. Esanguraz hurrekoa da lo sakona izatearena be. Berba diferentez adierazoten da euskeraz luzaroko lo sakona izatearen kontu hau.

Lozorroa deritxo sarritan. Lafitten hitzez: “Ohean da ganbara handian, lo-zorro pisu batek hartua. Bederen ez ditu aditzen, aita xaharrak bultaka derabiltzan erasiak” (Murtuts). Lozorroan inesiboa dogu ezagunena.

Lo gogorra entzuten da asko sartaldeko hizkeretan: lo gogorraren irudia. Klasikoetan be ondo lekutua. J.J. Mogelen idatzietan: “Artu eban Adan lo gogor batek” (JJMg BasEsc). Baina geure eguneroko berbetan be berez dariguna: “Ez eizu itxartu, lo gogorrean dago umea eta”.

Lo astuna be ezaguna da. J. A. Mogelek: “Artu zuan bereala lo astun batek” (CC).

Lo handiaren irudia irakurri deutsagu Kardaberaz hernaniarrari, lo handi batek hartu lokuzinoa: “Gau batean lo andi batek onela artu zuen” (Justuen Ispillu).

Lo pisua be gitxi-asko ezaguna. Halan Lardizabal zaldibiarrak: “Lo pisu batek hartu zuen” (TZarreko).

Loak, onak eta txarrak izaten dira, arrazoi bat edo bestegaitik. Lo onaren ezaugarriak ugariagoak dira: gozo, samur… Halan: “Lo gozo batek begiak itxi ziozkan” (G. Arrue GB). “Igarri be egin barik lo samur batek bere besoetan artu eban” (E.Erkiaga Arranegi).

Lo txarraren ingurukoak dira sor eta halakoak. Eus. Azkuek onduriko olerki-txatal hau: “Lo sor txar batek ezereztu eban / neure usain gozo laztana; / baina arrezkero, ai ze zoria! / Narriz eldu da neugana” (Parnaso).

Loaren inguruan, aditz multzo eginez, aditz batzuk be erakarmen gehiagokoak dira. Ezagun hedatuena beharbada hartu aditza, loak hartu multzo lexikotua eraginik. Tradizino ugaria dau idatzietan: “Artu zue lo batek, ala nola aurra angabeturik edo akaiturik negarres, azkenean lokartzen baita amaren besotan” (Liz-Elkano.Ir.)

Loak euki lokuzinoa be bada: “Munduko atseginek eta plazerek, lo gozo batek bezala, azpian nendukaten” (Axular).

Loak irautea, Mogelen lumaz heldu jakun lokuzino zoragarria, idazleak herri-berbetatik batu eban, duda handirik ez daukat. Irauteak, egoera bati eten barik eustearen balioa dauka hor. Gaur egungo literaturarako be baliagarria eta liluragarria, geure eretxian.

Adolfo Arejita