Dakienak dakiHizkuntza

LotsaBAGAtik lotsaBAKOra lotsaBAGATU edo lotsaBAKOTU

Posted on

Lekeitioko itsas kantu ezagun baten berbak dira: Seineru gaizto lotsabagia, / beti itsasorako deidxa, / andra ederrak ohian itxita / txaputxeruen kontura. / Trabola trabola trabola / dxudxia / itsasorako treotzaria.

Lotsabaga esaten da hondino be Bizkai ekialde eta erdialdeko leku askotan, bizkaiera sartaldean lotsabako eta gainerako lurraldean lotsagabe danarentzat: lotsabaga bat, lotsabageori!, lotsabageok!.

Sartaldeko euskaran baga hitza izan da, zahar eta klasikoetatik gehiago, ekialderago gabe danaren ordaina. Gipuzkeraren eremu zabaletan bage (bae) esaten da oraindino hitzez, batasun zaharragoaren lekuko: bat + -ge.

Baga atze-hitz edo postposizinoa konposaketako bigarren osagai bihurtu da edo nahi bada, parasufijo euskerazko hitz-sorkuntzaren ibilian. Izaki edo kualidade bat eukana dun atzizkiaz markatzen bazan, haren eztasuna, edo eza eukana baga atze-osagaiaz markatzen zan: diruduna # dirubagea, jabeduna # jabebakoa, zentzunduna # zentzunbagea. Kirikioren hitz-kontrajartze bigaz erakutsirik: Zu, jatorriduna, ta ni, jatorribakoa, gara (Abarrak), eskoladunen artean baino eskolabakoen artean notin buru obedunak egon leitekez (Abarrak II). Adjektibo kategoriako hitzak sortu dira horretara era irregular batez, adberbio funtzinoaz be erabili izan diranak.

Euskerearen erdi eta ekialdean bage zaharra gabe bihurtu zan aspaldi: lotsagabe, bai adjektiboetarako, bai adberbioetarako: lotsagabea izan edo lotsagabe portatu.

Euskerearen sartaldean, baga zaharrak bide bi hartu diru. Adnominal eta adjektiboak garatzeko, bagako klasiko-modernoa: bako adjektibo eta adnominaletarako, bagako erdibidetik igaro ondoren, eta barik adberbioetarako, bagarik zubia igaro ondoren. Hitza formaz bikoiztu egin da sartaldean, beraz. Ezeren ardurarik ez dauena, lehen ardurabagea zana (eta dana leku batzuetan) ardurabakoa bihurtu da adjektibo kategoriaz eta ardura barik bizi da adberbioarenaz. Gatzik ez berakatzik ez daukana, lehen gatzbagea zana, gatzbakoa bihurtu da batetik, eta gatz barik bizi izatera etorri da bestetik.

Lotsabaga finkatu bada hainbat lekutan, eta ez lotsabako, era zaharreko, taiu zaharreko lexikalizazinoa jasan dauelako da.

Izenen gainean eregiten badira be sarrien baga/bako-dun eratorriok, aintzat hartzekoak dira beste kategoria batzuen gainean eregitako ereduak be. Aditz partizipioak dira besteon artean ugarien antzekoak, izenen ondoren. Ardao garrantzubakoa edo esne mindubakoa. Genero saldua eta saldubakoa. Emakume ikasia eta ikasibakoa. Sein jaioa edo jaiobakoa. Arrautza egosia edo egosibakoa. Aragi gazitua edo gazitubakoa. Erabagi ondo pentsaua edo pentsaubakoa, eta horretariko zenbat gura eregi geinkez.

Zenbatzaile batzukaz be erabiliak dira, normalean bereiz idatzirik: asko bako, gitxi bako, lar bako, bape bako.

Kualidade batzuk adierazoteko, edo hobeto esanda, kualidade-eztasun batzuk aditzen emoteko, maiztasun handikoa da bako osagarriaren laguntza. Batzu-batzuk zertzelatuko ditugu jarraian, ezer agortzeko asmo barik:

Goiburuan aitatu dan lotsabaga/lotsabako bikotea, Kirikioren pasarte honetan hanpadura-indar bereziaz dirauena: ?Geiztoa, bai!, barriro be esango jonat; hazalako. Gizona be jo egiten don eta! ?Aitearen! Hau da emakumearen lotsabakoa! Gizona joten dodala? (Abarrak).

Zeozerk amairik, akaburik edo azken ertzik ez dauela aditzen emoteko, esan daikegu azkenbakoa, amaibaga/amaibakoa, akabubakoa edota neurribaga edo neurribakoa dala.

Zerbaiten behar besteko ardurarik ez daukanagaitik, esan daiteke dala: ardurabakoa, sustraibakoa edo zuzterbakoa edo ganorabakoa. Edota leba edo ardura gitxi deutsagun gauza bat dala-ta, lebabako edo ardurabako kontua dala. Edota neke gitxi emoten dauen zeregin edo lan bategaitik, nekebakoa edo arina izan dala.

Norbait edo zerbaiten kideko, ereduko edo mailakorik ez dagoala aditzen emoteko, esan leiteke: bardinbakoa/bardinbagea, parebakoa dala.

Zentzunez eskas dabilen bati, ondo esanda legoke, zentzunbagea edo zentzunbakoa dala, adinbagea edo adinbakoa adin gitxikoa dala be esan daikegun moduan.

Ezeren bildur ez danagaitik esan daiteke dala: bildurbagea edo bildurbakoa, ikarabagea edo ikarabakoa, edota partitibo eta guzti, bildurrik bakoa edo dardararik bakoa.

Norbait zeozeren errudun joten dogun bitartean, errurik ez dauenagaitik esango dogu errubakoa edo hobenbakoa dala, edota ezeren kulparik bakoa.

Esker ona deuskunaz eskertsua edo esker onekoa dala esango dogun moduan, esker txarrekoa danagaitik eskerbakoa edo eskerbagea dala esan daiteke.

Sinistea edo fedea dauena sinisteduna edo fededuna dan moduan, zerbaiti sinesterik edo federik emoten ez deutsanagaitik esango dogu sinistebakoa edo fedebakoa dala.

Pertsona anker bat dala-ta esan daiteke errukibakoa dala.

Kemen gitxi daukanagaitik esan daiteke, adorebakoa, odolbakoa, nerbiobakoa edo ketoa dala.

Eroapen gitxi dauen bategaitik esan geinke epebakoa, artebakoa, pazientziabakoa, eroapen bakoa, edota urduria eta errea dala.
Ikasketak edo eskolea dauenagaitik, ikasia edo ikasiduna, edota eskolatua edo eskoladuna dala esaten dan moduan, horretarikorik ez dauenagaitik esango dogu eskolabakoa edo ikasibakoa dala, edota eskola edo ikasi gitxikoa. Kirikioren berbaz: Ai, orduan badakit guk eskolabakoa esan oi doguna da analfabeto.

Izakeran edo jokabideetan gatzik ez berakatzik ez dauen bategaitik esan daiteke gatzbakoa, graziabakoa dala, edo gatz edo grazia gitxikoa.

Usterik gitxien danean jazotakoren bati buruz esan daiteke, kasurako, ustebako heriotzea gertatu dala.

Hutsik egiten ez dauenagaitik esan daiteke utsbakoa edo hutsbagea dala, akatsik ez dauenagaitik akatsbakoa dala esan geinken moduan.

Zorioneko edo zoriontsu izan daiteke bat, eta halan ez dan edo ez dagoana zoribagea edo ditxabagea dala esaten zan lehenago: Nire ditxabagea!, inoan Peru Abarkako Madalena benta-ugazabandreak, laban eginda jausi eta mankatu eta ostean.

Esaera zahar batzuetan untzeturik be gorde dira bako osagaidun adjektiboak. Horreetariko polit bat, Zamarripak gogorazoten deuskun hau: Arran minbakoa sasian usteldu zala da esakunea.

Bako, aurreko izenagaz alkarketa estuan ezeze, banango egituran be sarri darabilgu, postposizino edo atze-hitz modura. Alde horretatik, barik libreagoa da sintaxi aldetik bako baino, baina honek be postposizinoen sintaxi libreagoa garatzeko bidea eskaintzen dau sarritan. Horregaitik beragaitik, bako hori eransten jakon aurreko gramatika egiturak konplexuagoak gertatzen dira batzuetan, eta ondoko honeetariko batzuk izan leitekez:

– Aurreko izenari –ik partitibo-atzizkia dautsala: /Iz + -ik + bako/. Halan: Txarrik bakoa. Bape lotsarik bako jentemodua. Ezeren bildurrik bako mutila. Inoren ardurarik bako andrea. Zamarripa txorierritarraren esaldi batzukaz on egin dogu dinoguna: Gaur berton urten eragingo neuskie, eta lauoinean urten eragin be, baina geldiunerik bako arineketa ikaragarrian, beti negarrik bako poz baten bizi izatea, begiratutea utsa da, begiratute utsa, asmo txarrik bakoa danean, Bizkaiko izenik bako erri baten bizi zan. Eta Kirikioren beste bategaz osotu: Nire besoa ta azkorea, barriz, bata makala ta bestea zorbatzik bakoa dira..

– Izen eta adjektiboaz osoturiko sintagma bati laguntzen be agertu leiteke bako hori. Dotrinetan sarri aitatzen dan damu on bako konfesinoa esaldia balia bekigu eredutzat.

– Izenlagunaz lagunduriko izen baten ondoren. Sermoilari baten hitzetan: Gatxen usain bako onak. Edo: Inoren gatx bako biraoak.

Izen kategoriako hitzak be erraz garatzen dira baga edo bako osagaiez lagundurik, adjektiboarena baino askoz neurri apalagoan izanda be. Baten batzuk aitatuko ditugu. Bidebaga (bidebako) dogu klasikoetariko bat. Mogelen berbaz: Espaia naiz Siriako arma-gizonak egin baleuste bidebaga damugarriren bat, igarokorra izango zan enetzat (PAb). Ustebaga/ustebako bikotea be batuz ustekabe hedatua eta ezaguna dogu guztiz, sarritan adnominal gisa (ustebako) edo adberbio gisa (ustebagean): Nok esango leuke Landetako baserrian imini jatala, uste-ustebagean sartuta, oillanda ta usakumezko errea. (Mogel).

Gaur egungo berbetan bizitasun handia darakus egitura honek, tradizinoko lekukotasun urriak gorabehera. Janbakoa, jan-ezaren esanguraz: Janbakoak ez dakar gauza onik! Dirubakoa, dirurik ezaren esanguraz: Dirua txarra dala esaten da baina, dirubakoa be ondo tristea da, gero! Zamarriparen hitzez: diru bakoa beti da txarra. Jaio zan ezkero ama ezagutu ez eban andra zahar bati neuk entzuna: Zuek ez dakizue ondo, amabakoa zer dan!
Bako osagaiaz eregitako adjektiboen gainean hainbat aditz sortu dira. Horreetarikoa dogu azkentsu aidean dabilen armabakotu/armagabetu bikotea, aditzizen modura armabakotze/armagabetze gehiago erabilia, gaztelaniazko desarme izenaren ordainez. Tradizinoan sustraituagoa dogu lotsabakotu. Artean beste portakizun bat eukan bategaitik behin baino sarriago entzun da: Aspaldion garbi lotsabakotuta dago, gero!

Izen barriak be eregi geinkez keria edo tasun atzizkien bidez. Sustrai edo zentzun gitxigaz eginiko ekintza edo hartutako erabagi bategaitik erraz entzungo zenduen: Ikaragarrizko zorakeria, itzelezko zentzunbakokeria urliak egin dauena! Eta ezetsi edo gaitzestekoa, egite bat ez eze, jarrera bat, joera bat edo izaera bat be izan daiteke. Ditugun eginbeharretan ardurabakoa danari arpegira egotzi leio: Zure ardurabakotasunak ez dauka akaburik!

Halan bazan, ez bazan, sar dedila kalabazan, eta urten daiela Derioko plazan.

Iturriko
2017-04-21