Amorebieta-Etxanoko Udalak jardunaldi bereziak egingo ditu otsailean Santiago Onaindia ikerketa bekari ikusgarritasuna emoteko. Beka horrek, 1989tik, euskerazko ikasketa eta sorkuntza intelektuala bultzatu izan dau. Ekimen honen bitartez, Santiago Onaindia zornotzar idazle eta ikertzaileari omenaldia egiten deutso Udalak, bere heriotzaren 30. urteurrenean, kultura kritiko, sortzaile eta konprometituaren aldeko apustua indartu guran.
Lourdes Iriondo, jardunaldien ardatz
Bekaren jarduera herritarrei gerturatzeko, Udalak jardunaldi bereziak antolatu ditu. Aurtengo ekitaldiak Lourdes Iriondo izango dau ardatz, XVIII. edizinoko lan sarituaren protagonista: “Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile. Literatura eta kantagintza aztergai”, Alex Gurrutxaga eta Lorea Jainagak egindako ikerketa.
Ikerketa horrek Lourdes Iriondoren lana balioan jartzen dau; euskal musika modernoaren aitzindarietako bat izan zan, eta diktadura garaian euskerazko haur literaturako lehenengo egileetako bat. Lanak ikuspegi feminista eta kulturala erabilita berreskuratzen dau haren ibilbidea eta nabarmendu egiten dau emakume sortzaileentzat eta euskerarentzat garai historikoki gogor baten egindako ekarpena.
Horregatik guztiagatik, jardunaldi hauek modu pluralean eta inklusiboan diseinatu dira, haur, gazte eta helduentzako proposamenakaz:
- 4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako ipuin kontalari musikala, otsailaren 7an, zapatua, 12:00etan, haur liburutegian.
- “Lourdes Iriondo, bide urratzaile” hitzaldia, Alex Gurrutxaga ikertzaile eta bekari esker argitaratutako liburuaren egilekidearen eskutik. Otsailaren 10ean izango da, 19:00etan, Zelaietako auditorioan, Santiago Onaindiaren heriotzaren 30. urteurrenean, eta omenaldiaren ekitaldi nagusia izango da.
- “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” dokumentalaren proiekzinoa, Zinemaldian estreinatu barria. Saioa otsailaren 11n izango da, 19:00etan, Zelaietako auditorioan.
Horrez gain, otsailean zehar, liburutegian Santiago Onaindia Bekaren bidez argitaratutako liburuak bilduko dituen erakusketa berezia egongo da, Berbalapiko programaren baruan, “Santiago Onaindia beka, 36 urte euskal literatura ikertzen” goiburupean.




