Dakienak dakiHizkuntza

“Makina bat lekutan, ur-putzuak errepideetan”. ‘Makina bat’ ondo esanikotzat jo geinke?

Posted on

Makina bat kopurua adierazoteko darabilgunean, beti da hanpatua, beti da gehiegizko balioaz indarturiko kopurua adierazoteko darabilgun izena: makina bat, makinatxo bat… eta ondoren izena edo izen-multzoa. Gaztelaniaz ‘un carro’ edo beste irudi batzuk erabili ohi diran legetxe.

Baina makina bat irudiaz baliatzearena aspalditik datorren joerea dogu. Hara gure klasikoetan, Pedro A. Añibarroren testigantza: “Makina bat atal-zatiz adobaurik dagozan soinekoakaz” (EL-1821).

Zenbatzaile zehaztubako hanpatua dogu makina bat.

– Izen edo izen-multzo baten aurrean dala, hara testigantza batzuk. Bilintx: “Aditzera detanez, / dama begi alai, / zure ondoren dabil / makina bat galai”. Juan San Martin: “Makina bat izar ahotan erabili ondoren, hilargira jo eben” (Zirikadak). E. Erkiaga: “Makina bat aldiz […] zizpuru eta inkesak soinu egin dabe” (Arranegi).

– Izenordain modura, atzean izenik ez dauela erabilirik be, sarritxotan agiri da. Halan F. Etxebarria dimoztarraren bertsoz: “Makina batek izango dau ba / egun hori akorduan” (Nor garan).

– Maiztasunik gehienaz darabilgun lokuzinoetarikoak dira makina bat bider eta makina bat aldiz. Halan Jon Etxaidek: “Mutikotan makina bat aldiz esan zidan amonak nire aitaren antzeko erten nintzela. Orduan, ezin igarri alderakizun onen salaketaren gaiztoari” (Itxasoa).

– Graduatzaileaz be sarritxo darabil: makinatxo bat. Halan: “Makinatxu bat aldiz entzunda ninjagokon” (Otxolua).

– Aditzagazko akordioa singularrez eginda be guztiz zuzentzat jo behar da, pluralezkoa ugariagoa izanagaitik. Halan: “Haien azpian egoten zan alperkerian etzanda makina bat gizon garagarra irabazten” (A. Anabitarte).

– Lazkao-txiki bertsolariaren bertso-atal bategaz sartuko deutsat puntuari ziria: “Gaurtik aurrera nik egingo det, / makina bat ametseta, / sinista zazu nere gogua / juango dala aseta”.

Erabil-aholku modura, atzera gogorazoko dogu, bere lekuan erabili behar dala makina bat, eta ez deslekuan. Pasarte edo esaldi neutroa danean, hobe da beste zenbatzaile bat erabili: ur putzu asko, hainbat edo hainbeste ur putzu agertu dirala gure errepideetan euriteen ondorioz edo esanda. Eta enfasi berezia edo aparteko indarra emon gura dogunerako gorde makina bat edo makinatxo bat erabiltea.

Adolfo Arejita