Bilboko Santimami futbolzelaian ospatutako partidua dala-ta, marrazki zelebre bati laguntzeko idatzirik hedabide baten azaldu dan testua, berbarik berba.
Lehenengo puntuan erdiratuko gara (milazak kanpotar), bigarrena, deiotsegun adizkiarena, atze-txostenerako lagata.
Oraintsuagoko beste albiste bat. Arriaga antzokian Bizenta Mogelen Ipui Onak alegi-bilduma liburua irakurten ehundaka lagunek parte hartu ebela. Izan be, gaur dana neurtzen da zenbaki-kopuru astunetan: ehundaka, milaka… batzuetan ia miloietara be ailegetan garala.
Gorengo esaldia dala-ta ohartxo bi. Milezak kanpotar, milezak kanpotarren artean zenbakidun sintagmaz dihardugu. Esamodu dotorea, bizkai sartaldekoa gehiago ekialderanzkoa baino. Milezak zenbatzailea, milaka eta milaka izan dirala aditzen emoteko.
Milazak kanpotar edo milaka kanpotar erabili, esaldi horretan berean adiera bigaz ulertu leiteke, bai berbaz, bai idatzizkoan.
Lehenengoa eta ugariena, mila eta piku esangurakoa: milatik gora, baina bi milara ailegau barik, honen azpitik. Eta bigarrena, gitxienetan erabili eta ulertzen dana, mila asko esangurakoa; milaka eta milaka dirala, hatan be. Zenbaki-hitzei -ezak / -aka eransten jakenean, adiera bata eta bestea nahasturik edo gurutzaturik dirala jazoten da ia beti. Inguruneak, kontestuak laguntzen deusku jeneralean, zein dan aditzen emon gura dana ulertzen.
Zelan hobeto bereizi bata eta bestea? Erreferentziazko zenbakia ‘biderkatzea’ aditzen emon gura danean, egitura konplexuago bat erabilita. Milaka lagun dinogunean, milaka batzuk lagun, milaka asko lagun, zenbait milaka lagun, milaka eta milaka lagun edo horreetarikoren bat erabilita.
Edozelan be -taz / -tazak atzizkia darabilgunean, eta bardin -taka egiten dogunean, kontesturik gehienetan eta piku adierazoteko egiten dogu.
Geldoetako andra bati entzun neutsan oraintsu Bizkaia irratian berton esaten: Oin berrogetaz urteakaz ezkontan dira. Berrogeitik gora urtegaz esan gura eban, eta ez larogeigaz edo ehun eta hogei urtegaz, jakina.
Kirikiño idazle-kazetari mañariarrari irakurria deukotsat, ondoren kontauko dauen pasadizu edo jazoerea aspalditxokoa dala adierazo guran: Orain hogetaz urte dirala… Idazle beronenak dira hurrengo esaldi biok be: Hogetaz urteetako mutil kankailua. / Hogetaz ginan batzarrean.
– Goiko pasarteko bigarren esaldian, aditza agintera baliokoa dan horretan Eutsi deiotsegun irakurri dogu. Baina aditz laguntzailea deiegun ipiniko neuke nik: eutsi deiegun. Ondo dakigu horrelan be esaten dana herri batzuetan, sartalderengoetan batez be, tradizinoz eta zaharren legean deiegun dana. Idatzian agiri dan (eutsi) deiotsegun hori berbazkoa da; modernoa da guztiz, eta leku jakin batzuetara mugaturik dago. Belaunaldi gazteagoena dala esaten be ausartuko nintzateke. Zaragi zaharretik edan daigun ardao gaztea be, ahal dala.
Adolfo Arejita