Munduenea munduko ipuinak beste maila batera igaro dira EITBko plataformen bitartez. Makusi umeei zuzendutako materialen plataforma da, eta hor dagoz ipuinen bideopodcastak. Eta Guau deritxonean audiopodcast modura dagoz entzungai.
Orain arte Labayru Fundazioak argitaratu izan ditu liburu moduan, eta entzuteko moduan. Horrez ganera, lehenengo bildumako hamar ipuinak bideo euskarrian be baditu. Euskarri guztiok bildumaren webgunean dagoz.
Munduenea bildumea munduko hogei herrialdetako ipuinek osotzen dabe. Ipuin guztiok euskeraz eta jatorriko hizkuntzan argitaratu dira, eta danak gure artean bizi diran herritarrei jasotakoak dira.
Munduan bidaiatzeko modua emoten dabe ipuinok, baina aldi berean gure artean bizi diran auzokoak ezagutzeko be bai. Zenbat herri, zenbat hizkuntza, zenbat kultura eta pentsakera dagozan gure inguruan irudikatzeko bide ezin hobea dira. Horretara, euskaldunok beste hizkuntza-kultura horreek ezagutu ahal izango doguz, eta eurak gure hizkuntza.