Dakienak dakiHizkuntza

Nafarroa aldeko errefrau zahar baten berbak: “Urik gabe ezin eho”

Posted on

Ekaitz Santazilia nafar ikertzaileak argitara emon dauen XVIII. mende inguruko errefrau zahar bateko berbak, eskutarri baten agiri diranak. Osorik: “Hurik gabe bihirik ez liro eho. Hur denean irin hoberik ezin izaten ahal mündüan”.

Hurragoko berbetan esanda: “Urik barik alerik, garaurik, ezin jo leiteke. Ura danean, ostera, urun hobetik ezin topau leiteke munduan be”.

Errota, bolu edo eiheraren jardunaren ardatzean eihoriko atsotitza. Ubidera ura datorrenean eihoten dala garaua. Gaur galdurik, edo ia galdurik dagoan jarduera: errotara arto (edo gari) zorroak, aurretik labasuan ondo kizkortuak, eroan, errotan eiho garaua, eta errotariak berari zor jakon mendea beretzat gorde ondoren, urun zorroagaz atzera etxera.

Laborearen, edo artoaren uzta, lurgintza bizimoduan egin izan denetik daukagun lanbide zaharra. Manuel Lekuonak aspaldi gogorarazo euskun bere kantu ezagunean, lanbide hau bajoiala behin betiko: “Errota zahar maitea / uraren ertzean, / uraren ertzean ta, basati beltzean. // Negar egiten dezu / alea txetzean, / ni ere triste nabil / zutaz oroitzean”.

Atsotitzaren mezu hau berau, beste hainbat irudigaz be aditzen emon izan da errefrau bidez. Baina herri-bertan berba lauz sarri esan ohi dana: “Ez dagoan lekutik ezin leiteke atera”.

Errota edo eiheren gainean hainbat errefrau dira. Gitxi batzuk gogorarazoko ditugu.

Aspaldiko zahar baten hitzek dinoe: “Eihera batian ezin eho dezanak berze[rat] laster [baldin harri]” (Zalgitze 94). Hau da, leku baten zeozer zuzentzeko erarik ez danean, beste leku batera joatea onena.

Errefrau polit bat dogu hurragoan be, Aramaio herri-izenaz eta eiho aditzaz puntua beteten dauena: “Aramaixo, artue jan da garixe ixo (eiho)” (Atsot 1014). Erreka eta errekasto bat baino gehiagotako urak kolkoratzen dira Aramaion zehar beherantz doan erreka horretara. Eta errotak be ugariak izan dira, lehenagoan behintzat.

Eiho aditza, euskera batuan eho aditza, bizi-bizi egon da gure artean, batez be errotak jardunean iraun daben arte, baina gaur be ondo bizirik dago hondino, nahiz eta ez beti arto edo gari garaua zehetu edo birrindu adierazoteko, gazt ‘moler’ dalakoaz.

Iparraldean eho aditza, norbaiti emon-emonak egin, zehatu esanguraz erabilten da gehiago.

Beste aditz batzukaz be adierazoten da garauak edo aleak eihotea. Azkuek, artoa jo be batu eban bere hiztegirako (Apend.). Alea xehetu edo txehetu be bai, “Errota zahar maitea” kantuan esaten danez.

Urundu eta urun-urun egin be erabili leitekez, baina adiera zabalagoan erabilten diralakoa daukat, bata eta bestea.

Nekazari kooperatibara noanean oiloentzako arto bila, beti eskatu behar izaten dot arto apurtua, nik gogokoago dodan arto birrinduaren ordez. Arto-garauak birrin-birrin edo zehe-zehe eginik dagoz, urun-urun egiteraino, urundurik egoteraino ailegatzen ez bada be txikitze prozesua.

Adolfo Arejita