Markesaren alaba” bertso-txortako baten hasierako bertsoak holan dino: “Zeruak eta lurrak egin zituana, / memoria argitzera atoz neregana”. Bertsoaren berbak gorabehera, aditza zelan erabilten dogu kontestu horretan? Egin zituana ala egin zenduzana / zenituana?
Hau da galdera: zein da egokiagoa “Neu naz hemen gitxien dakiDAna” ala “Neu naz hemen gitxien dakiana?”. Dakit lehen pertsonakoa ala daki hirugarrenekoa?
Erlatibozko esaldi baten burua persona-izenordaina danean, singularrean ni edo zu danean, edo pluralean gu edo zuek, lehen edo bigarren personako izenordainak singularrez edo pluralez, erlatibo-perpasu horren buru dan pertsona-izenordain horri jagokon aditz jokatu erlatiboari zein akordio-lege aplikatu? Buru egiten dauen izenordain horrena? Lehenengo edo bigarren personearena? Ala hirugarren persona neutroagaz akordioa edo komunztadura egin?
Gaztelaniaz, batez be singularrez danean, hirugarren persona neutroagaz egiten da oro har. Esaterako: “Soy yo quien tiene la última palabra”, edo: “Eres tú quien mejor conoce este tema en profundidad ”. Pluralez danean, ostera, lehenengo eta bigarren personakaz jokatzen dira aditzak gaztelaniaz be: “(Somos nosotros ) quienes tenemos la última palabra” edo “(Sois vosotros) quienes debeis hablar sobre este asunto”.
Goiburuko bertso-kopla horretan, erlatibo-perpausaren akordio-modu zaharrena eta aiutuena, gaurko euskeran be, menpe-esaldiaren buru egiten dauen persona-izenordainaren persona bera jagotea da menpeko aditzean be. Goian ezarri ditugun esaldi bi horreetan: Neu naz hemen gitxien DAKIDANA hobetsiko genduke, eta dakiana hirugarren personakoa bazterrean laga. Baina txartzat ez genduke joko bigarren hori be. “Markesaren alaba” bertsoen ontzaileak, Iturriño bertsogileak, ondutako bertso-kopla horretan be egin zenitu(e)na edo zenduzana lehenetsiko gendukezan euskal gramatikaren argitan, egin zituana adizki erlatiboaren gainetik. Esaldiaren barrenean datzan egiturea hau da: Zeuk egin zenduzan, edo zenituen, zeruak eta lurrak. Jainkoa bera ipinten da testigu, gure memoria argitu daian.
Gaurko eguneroko gure berbetan darabilguzan esaldi-eredu batzuk dakarguzan hona argitasun gehiagorako.
– Lehenengo personea, ni personea buru daben esaldi bi. Bata: “Ni ez naz hori egin dodan bakarra”, Ana Oar-arteta irakasleak Ajuriako etxeko berbetatik ekarrri deuskuna. Bigarrena: “Ez nintzan ni izan lotsatuta nengoan bakarra”. Hau be herri-berbetatik batua.
Sakabi eta Egañazpi trikitilariei euren kantu-kopletariko baten aspaldi harrapau neutsen hurrengo esaldi hau, berorretan buru egiten dauen personea zu bigarren personea dala. Dino: “Zu zera neure bizialdia / argiz betetzen dezuna” (trikiti kopla, Basatxoritxu doinuan. Sakabi-Egañazpi). Zu zara beteten dozuna, eta ez beteten dauena.
Euskal idazle klasikoetara joko bagendu argi bila be, gramatika-lege beronegaz topo egingo genduke. J. A. Mogelen esaldi gitxi batzuk, ni eta zu personak erlatibo-perpausen buru dituenak:
– Lehenengo personan: “neu nintzan emon nituana gerrarako bideak” (PAb), “bazaut zareala […] amaren estalki ta irudinaz zeuretu gura nozuna” (Ipuinak), “neu naz lenengo jaten dodana gura dodan beste” (Ipuinak), “ni naiz arako abere edo giberri, bekaturako billatu ninduzuna. […] gu gera bekatu egitera eraman ginduzunak” (Konfesio.Komunio).
– Bigarren personan: “Barriz zu zara atsoari gatx egin deutsazuna” (PAb), “zu, zu izan zinean ni zematu nenduzuna, belauniko jartea edo baztertutea gura zenduana; zu, astindu zineana ni berba gogorrez lotsatuta largateraino” (Ipuinak), “sinistan dot zeu zariala nik artuko zaitudana” (Erakuspena).
Adolfo Arejita




