Dakienak dakiHizkuntza

NORTZUK – ZERTZUK – ZEINTZUK -ZU hizkidun izenordain anitzak

Posted on

Galde-izenordainetan, nor, zer eta zein hitz-marka nagusien albo-zerrendan nortzuk, zertzuk, zeintzuk ipini ohi dira; bigarrenok, duda barik, anitzak, askorakoak. Morfologia konplexua dabe: izenordain soilari -zuplurala-hizki zaharra gehiturik, eta -zu horren atzean hondino be beste plural atzizki bat, -ekmugatzailea.

Eboluzino fonetiko argia jasan dabe hirurok. Batetik, -zu zaharra -tzu bihurtu da, frikari izatetik afrikari izatera: nortzu-, zertzu-, zeintzu-. Eta bestetik, -ek mugatzailearen laburtze fonetikoa, -k soilera etorririk: nortzuek > nortzuk, zertzuek > zertzuk, zeintzuek > zeintzuk. Gaur egun, bizkaieraz zein euskara batuan, azken forma honeek ditugu arauzkotzat hautu diranak.

Nor, zer eta zein izenordainak, berez, ez dira ez baterakoak ez askorakoak; numeroari jagokonez, neutroak dira. Bardin esan daiteke: Nor izan da?, edota: Nor izan dira etorri diranak? Edo: Zer izan da hori?,edota: Zer izan dira horreek zaratak? Eta bardin hirugarrena: Zein izan da hori esan dauena?, edota: Zein izan dira zarataka ibili diranak?

Bizkaieraz baino gehiago, gipuzkeratik ekialderantz agiri da garbiago galde-izenordain soilen bakantasuna, numeroagazko neutro izate hori. Baina aldi klasikora atzera jo ezkero, edozein euskalkitan, bizkaiera barru, topau leitekez nor dira, zer dira, zein dira ereduko egiturak. Mogelen gipuzkera-bizkaieretako hiru adibide emongo ditut Bat: “erri guziak ezagutzen ditu nor diran, nola darabilten etxea”. Bi: “Zein dira Jangoikoaren amorioko seiñale edo ezaubideak?”. Hiru: “Zer dirakaridadeko edo errukitasuneko egite edo obrak?”.

Baina euskerea, ibili-ibili, aldatzen eta inguruetara egokitzen joan da. Eta euskerearen sartaldean, ez bakarrik bizkaieran, baita sartaldeko gipuzkeran be (Urolan eta Goierrin berariaz) nortzuk, zertzuk eta zeintzuk izenordain anitzak garatu dira, gaztelaniaz be “quienes” eta “cuales” garatu diran antzera. Gaztelaniak -(e)s atzizkia pluralerako hartu dauen lekuan, sartaldeko euskereak -tzu(e)k hartu dau, halako garakuntza paraleloa bailitz lez.

Sartaldeko hiztunontzat, beraz, itaun-izenordain anitzak azkenengook dira argi eta garbi: Nortzuk izan dira atea jo dabenak? Zertzuk esan deustezan, akordura be ez dot ekarri guraZeintzuk dira goizaldean kantetan ibili diranak?

Beste era batera esanda: nor dira, zer dira, zein dira, lehen orokor izanak, sartaldean  zaharkitu egin dira, eta euren lekua nortzuk dira, zertzuk dira, zeintzuk dira eredukoek hartu dabe; bigarren sailekook orokortu dira sartaldean.

Bigarren sail honetakoak, argiro gogoratu beharra dago, zaharrak dirala. Egia esan, sartaldeko euskeran ezagutzen diran testurik zaharrenetatik dagoz ondo dokumentaturik. Baina hiru izenordainon artean agirien eta ugarien azaltzen dana zeintzuk da, bai testu zaharretan, bai klasikoetan. Nortzuk eta zertzuk urriagoak dira testu zaharretan, baina ez horraitino berandukoak.

Zeintzuk izenordaina, idatzirik zaharrenetan, itaunetan baino gehiago, erlatiboko perpausen buruan agiri da, izenordin anaforiko gisa. Halan Lazarragak XVI. mendean: “Silberok eta Doridok leengo berbaok enzun egien orduan, utra atsegin andia artu eben euren biotzetan, zeinzuk bertati, nork bere espiluak eta ezpatak arturik, joan zirean konfusioko etsera”.

Baina XVII. mendean bertan nortzuk eta zertzuk itaun-perpausetan erabiliak dira argiro. Halan, Amilleta Antzuolakoak nortzuk eta nortzuek batetik, eta zeintzuk eta zeintzuek bestetik,behin baino sarriago darabilz. Lehenengoak: Nortzuek eoden?. Nortzuk juzgaduko gaitu?Nortzuek dira biziak?. Bigarrenak: Zeintzuk dira?. Zeintzuek dira remedio orreek? (6).

Eta XVII. mendean bertan, bardintsu Kapanaga mañariarrak: “Zeinzuk dira merezimentu geiago dabeenak?”.

Bada beste sintaxi bitxiago bat, oraindino be Elgoibar aldeko berbetan (hango lekukotasunak ditugu behintzat) bizirik dirauena, eta zeintzuk, zertzuk legezko izenordainen egitura konposatua islatzen dauena. Idazle beronen beste esaldi baten agiri da garden: /zein + izen + -tzu-k/, non zein galde-determinatzaile kategoriaz izenaren aurrean kokatua dan eta -(t)zu-k izen horri atzizki gisa erantsita: “Zein gauzatzuk lagunetan jakuz mandamentu oneek gordeetako?” egiten dau itaun Kapanagak.

Eta oraintsuragoko klasikoetara etorrita, Mogelek be on egiten dauena, sarriro gainera: “Ze penitenziatzuk dira onak […]?” darabil bere dotrina luzean.

Zeintzuk izenordainaren garapena, beste biena baino handiagoa izatearen arrazoietariko bat, erlatibo perpausak eregiteko izenordain anaforiko gisa euki dauen erabileran datza batez be. Erlatiboko mende-perpausa, gure tradizino klasikoan, beronen buru egiten dauen izenaren aurrean ipini ordez, izenlagunen posizinoan, buru-izen horren atzean kokatzen da, aposizino egituran, buru-ordezko zeinedo zeintzuk dala. Sintaxi horrexetan ezagutu dabe zein eta zeintzuk izenordainek, batez be tradizino klasikoan, hedakuntzarik handiena.

Sartaldeko gipuzkeraren lekuko ona dan Lardizabalen esaldi bat: “Gero bere epai edo sentenzia bi errudun aien kontra eman zuen; esan zien, zer kastiguak beretu zituzten, zeintzuek orain ere gugan badiraute”; “eta Saragandik aldegitean, oni ere esan zion; zure anaia dalakoari milla zillar diru eman diozkat, zeintzuekin oial bat erosiko dezu, zere burua estaltzeko, munduak jakin dezan, ezkondua zerala.”

Izenordain kategoriakoak izan arren oinarrian galde-hitzok, aurre-determinatzaile gisa be aloso erabili izan dira, bai tradizinoan, bai gaur. Nor eta nortzuk da izen bategaz batera gitxien erabili izan diranak. Baina ezagunak dira, halanda be, honetariko esaldiak: Nor Jangoiko izan da hori esan dauena? Nortzuk deabru dira horreek?

Zer eta zertzuk batetik, eta zein eta zeintzuk bestetik, askoz ugariagoak dira aurre-determinatzaile gisa. Zertzuk anitza berez darabilgu, ia berban-berban: Zertzuk gauza dira entzun dozuzanak? Zeintzuk emakume izan dira kalean ikusi dituzunak?

Klasikoen artera bihurtuta, hara Mogelen esaldi hau. “igaroen jakee denporia zertzuk moda direan konteetan”.

Bego gaurkoz honenbestegaz, hurrengo baten osoago eskeintzeko gogoz.