Dakienak dakiEtnografia

Ogi salutadorea

Posted on

Gaur egun hondino etxe batzuetan gordetan dan ohitura bat ekarriko dogu hona, ogi salutadorea. Ohitura hori Gabon-afariari lotuta dago eta Bizkaian zabal-zabal ibili da. Afaria hasi aurretik etxeko jaunak, edo mahaiburu egiten dauenak, ogia hartu, mosua emon eta aiztoaz zatitxu bat ebagiten dau. Zati hori mantelaren azpian ipinten du eta afalostean kutxan, armarioan edo toki jakin baten gordetan da. Urtero egiten da gauza bera, eguneko ogiagaz.

Antza danez ogi hau ez da galtzen ez usteltzen, aparteko indarra dauka eta helburu askogaz erabilten da: txakur amorratuak osatzeko; etxea eta etxekoak oinaztarrietatik jagoteko, ekatxak aldentzeko; kostaldean, itsasora botaten da ekatxa dagoanean itsasoa baretzeko; soloak gordetako, etab. Leku batzuetan, jenteak jan egiten eban hurrengo urtean, ogi horregaz berakatz-zopa eginda.