Herri-berbaeran, eta era landuan be, ok dala berbea ziurtau daiteke, beti edo ia beti aditz-multzo barruan darabilguna: ok egin, eta gitxi batzuetan ok eragin faktitiboa. Ok berba horrek jatorriz hots-hitza dirudi, onomatopeia. Ok egin aditz lokuzino modura erabili ohi da: ‘ase-ase egin, bete-bete egin, nahiak jan, handitu arte jan, gazt. ‘hartarse, empacharse’ adiereaz. Adibidez: Hainbeste jan eta gero ia ok eginda gelditu ginan.
Jan-edanaren gorabeheran erabili izan da gehien. Domingo Agirre: “Asko jan, galanki edan, zintzurreraino bete, ok egin, ase, ito ta upeldu” (Garoa). Nikolas Alzola Bitaño izurtzarrak: “Eta jan eta jan bazkarian, kontizu gehienak jan omen zituen, gehiago ezinik, ok egin arte” (Atalak). Bergarako berbetan: “Ez idazu okela geixao bota, ok eindda nago ta” (Martin Elexpuru).
Edan kontuan darabil behin Otxolua mundakarrak, gehiegi edateaz: “Edan egin dabe askatik danga-danga, ordituta ok egin arte” (Bertolda).
Adiera figuratuaz, harrokeria dala-ta behin D. Agirrek: “Gudari ausarta, indar handien jabea, harrokeriz ok egina” (EEs 1917, 171).
Baina gazt. ‘producir harcadas’ adierea be ohikoa da. F. Arrese-Beitiaren idatziz: “Garrak kanpora urten nahi eta ezin urten, / ok egiten deust eztarrian ta larriak legez; / suzko boladak hasi beharko dot botaten” (Ama.Euskeria).
– Ok eragin aditz-multzoa be behin edo behin erabilten da. Orixeri halan irakurri deutsagu behintzat. Eta K. Mitxelenari be bai: “Horrelako ateraldiek badute inoiz gatz eta indar […]. Ok eragiten dute bestetan” (MEIG VI 172).
– Hitz eratorriak be badira ok oinaz eregiak:
Okitu aditz-partizipioa. Batez be adjektibo modura erabilten dana, beste izen edo adjektibo baten ostean, kualitate bat gehiegiz edo larregiz izatea aditzen emoteko. Esapiderik ezagunenak:
– Aberats okitua. “[Ola-jaunak] aberats okitu egin ziran […]. Beste aldetik alogereko asko gehitu ta ugaritu ziran” (J. Eguzkiza Giz.Auzia). “Ta aberats okitu bakanok izan ezik, enparau guztiok langile txiro ta arlote baino besterik ezkintzakez izango” (J.Eguzkiza Giz.Auzia). “Erraiten zuten aberats okitua, urrez hantua zela” (E. Zubiri ‘Manezaundi’). “Egia, aberats okituak direla. Automobila ere badute” (Tapia Perurena Kattalin).
– Zahar okitu. “Geroztik, amerikano bilhakaturik, han bizi omen da, zahar-okitua, oiloz asean bethi” (Barbier Legendes).
Okitu, gazt. ‘colmar, colmado’. R. Inzagarai: “Bi emakume zeuden kai gainean, beste han zeudenetatik pozatien […]. Egon behar pozik, berena baitzan halako arrantzaz okituta zetorren txalupa” (RIEV 1923, 505). E. Erkiaga: “Okituak eta ondasunez beteak ezagutzen ez daben mana, baretasun, arte ta nasaipena beragan dauan gizon apal, mazal eta gogo onekoa” (Arranegi). “Sarri eta maiz, sabel-huts edo erdi-huts izan arren, barrua bakez, arpegia argi ta bekokia jasota, okituaren ondamurik bage ikusi ohi ditugu” (Arranegi).
Okada izena, ‘gorakoa’ adiereaz, ezaguna dogu geure berbaeran, idatzietan be agiri dana. F. Arrese-Beitia: “Abiau bekit gar okadakaz lur barrua” (Olerkiak 275). B. Larrakoetxea: “Hitzok nire entzumenaren urdailleari okada eragiteko birrinduten daustazuz belarrietan” (Egan 1959 (3-6), 197).
E. Erkiagak odol-okada alkartua darabil: “Odol-okada itzalaren ostean, monjatxuak emonik, gurutze bat besarkatu ta hitz makal baina gozatsuz dirautsa Nikanorrek” (Batetik bestera).
Akabukoz, adberbio kategoriaz, okadaka. J. Kerexeta: “Arrainak Jonas legorrera bota eban okadaka” (Jon A 2, 11).
Adolfo Arejita




