Dakienak dakiHizkuntza

Okerreko lekuan ez sartu

Posted on

Gaztelaniaz: “No entrar en camisa de once varas” izan daiteke ordain hurrekoa. Baina haria agintzen dauen harila da edozelan be berau. Okerreko lekua esapide egina edo egin antzekoa da. Izan leiteke lekua, tokia, zuloa edo beste izenen bat be. Hara zenbait testigantza idatzi.

Juan San Martin: “Okerreko lekura jo dok. Juari apopillo Txaltxaneko tabernara” (Zirikadak). Bilintx: “Kezketan jarri zan / okerreko lekua / zitekela izan”.

Okerreko aldera, ‘aldrebes, iruntzitara, kontrako aldera’ adiereaz be erabilten da: “–Okerreko aldera sartu zuen [kristalezko begiya] begi zuluan. —Okerreko aldera? –Bai; begiya barrena eta txuriya kanpora” (Iraola Auspoa). “Izkirimirizalen bat, silla okerreko aldera jarrita bear ez dana esateko adarra ortza tartean artzen duteneko beste” (Anabitarte, Usauri). “Okerreko aldera jo zak, Itziar aldera” (Orixe, SCruz). Baina okerreko bidetik esanguraz be: “Okerreko aldera iges zijuazkion [zerriak]” (Ce Beovide Asisko Lorea).

Okerreko bidea sarri darabilgun hitz bikotea da edozelan be. a)  ‘Kontrako bidea’ adiereaz: “Zoaz beldur gabe, diotza Izaiak: ez diot txist bat aterako, ta erakutsiko diot okerreko bidea” (Bizenta Mogel). b) ‘Zuzena ez dan bidea’: “Urreratu zan herrirantz ta kanpo aldetiko kalean zehar okerreko bidea hartu eban, baina beraizik eta jakinez” (Erkiaga, Batetik bestera). “Horrela ez baitu barrengo begiak kanpokoa okerreko bidetik gidatuko” (MEIG V).

Okerreko etxea: “Baiña, ez gaizki pentsau, irakurle. Dana be izan zan Joxe Moko okerreko etxian sartu zala” (San Martin, Zirikadak).

Okerreko eretxiak: “Ortik jatorkoz sarri okerreko eritxiak” (Dom.Agirre, Sermoiak).

Adolfo Arejita