Dakienak dakiHizkuntza

OSTONDU orduko hotzituko dau

Posted on

Berba-ekarrian, eguraldia dala-ta gazte behargin batek esaniko berbak: “OSTONDU orduko hotzituko dau”. Oraindino neguan gagozanez, behin iluntzera ezkero eta eguzkia ostondu, berehala hotzitzen dauela aditzen emoteko.

Berez, ostontzen dana, eguzkia da, baina esaldian ez da aitatu ez eguzkirik, ez zer ostontzen dan, ezpada ostondu orduko soilik. Beste berba batez esanda: ilundu orduko.

Ostondu aditzaren azpian ostendu dago: ostendu aditzaren aldaerea dogu ostondu, bokal biak bardinduta. Eta beharbada leku gehiagotan esango da ostondu, ostendu baino. Baina ostendu da era zaharra. Eguzkia ilunabarrean ostendu egiten da, mendien edo itsasoaren ostean ostendu.

Bada errefrau zahar bat, dinoana: “Ostenduko zara, / ta aldi igaroa / oraetan gaxta (gatx da)” (RS 144). ‘Aldenduko zara’ esangurea dau hor.

Ostendu, edo ostondu, adiera nagusi bigaz darabilgu. Bata: ‘ezkutatu’ adiera orokorraz. Hara F. Arrese-Beitiak zelan apaintzen deuskun aditz beronen esangurea: “Eta ondartza erreak dira hatxarriakaz / ostendu, estaldu, desagertuta, ezkutauten” (Ama.Euskeria).

Bigarren esangura nagusia, eguraldiagazkoa da: ‘egunaren atzena, iluntzea’ adierazotekoa. Bigarren adiera honetakoa dogu: Ostondu orduko hotzituko dau esaldi hori. Azkuek be hurreko adiereaz darabil honako esaldi honetan: “Bildur nintzen albizarra amata edo itzali ta bera ostenduko ete jaten” (Batxi Guzur). Eta Eusebio Erkiagak bere elebarri ezagunean: “Eta eguzkia Otoioren atzean ostendu eta itsasoan murgildu zala, aspaldi zan” (Arranegi). Ildo beretsukoak dira Domingo Agirreren hurrengo biok. Batean, izarraren ostentzea darabil: “[Izarra] ostendu zan naro ta bare ortz urdinean bidazti” (EEs 1917, 212). Bestean, eguzkiaren ostentzea: “Ostendu zan eguzki gaixo indargea Udalaren atzetik, bere ondoren argi motel pitin bat utziaz” (Garoa). Andima Ibiñagabeitia elantxobetarrarena dogu beste hau: “Egun osoa kantari ematen nun, eguzkia ostendu arte”.

Izen modura be erabilten da: ostentzea: ‘iluntzea, ilunkera’ esangureaz. Eresi zahar baten hasierako kopla baten berbak dira: “Argi izarrak urten dau / zeruan goian ostentzean” (Mondragoe erretzea).

‘Ezkutatu’ adiereagaz ostondu idazle batzuek be erabili izan dabe. Bedita Larrakoetxea idazle zeanuritarrak, kasurako: “Ezebezak ez yok olan ostondu bear gorririk” (Euzko.Gogoa 1958 (3-4), 275). “Nire ardangela itsasertzeko hartzulo dok; hantxe jagok ostonduta nire ardaoa” (Euzko.Gogoa 1959 (3-6), 208).

Umeen jolas ezagunari be, gazt. ‘al esconderite’ deritxonari, euskeraz osten-ostenka, edo oston-ostonka deritxo. (Guk txikitan Morgan ostu-ostuka esaten genduanari). Bat ezkutetan dan lekuari be, gazt. ‘escondrijo’ deritxonari ostenderea esan izan jako. Eta aurreko aldearen antonimoa dan osteko alderdiari ostendia esan izan jako. Adiera figuratiboaz be erabilten da ostendia, gazt. ‘por la espalda’ esaten danerako. Halan: “Mutil hori ostenditik neska haregaz dabil, baina agirian ez dau ibili gura”.

Esanguratsua eta adierazgarritasun handikoa da ostondu (ostendu) aditza entzutea eguraldi-aditz modura, zer ostontzen dan azalean esan barik be argi ulertzen dalako egunaren ostantzea, iluntzea adierazoten dala hor.

Adolfo Arejita