Dakienak dakiHizkuntza

PrebentzioZKO/ PrebentzioKO neurriak

Posted on

Pandemia-izurriaren zurrunbiloan sarri entzuten dan esaldia: «PrebentzioZKO neurri guztiak hartuko dira. Maskara, musuko, tapauka edo mozalak, metro biko distantzia, esku-garbitzeak…» Prebentziozko neurri guztiak.

Gaia da: izen bi josten ditugunean, ze neurritan erabili biak lotzeko -ko edo -zko atzizkia, edota harean be ez?

Gehienetan beharrezkoa izaten da -ko atzizkia, edo -zko beste batzuetan, izen bigaz sintagma bakarra osotzeko. Esaterako: GernikaKO UrriKO azkenenGO astelehena dinogunean, -ko guztiak sartzen ditugu bata bestearen atzean. Azken gerrateko Bilboren defentsa-hesia adierazoteko, Bilboren burdinazko hesia erabili izan da, eta ez hainbeste burdin-hesia. Bide beretik herriko jaiak esan ohi dogu, eta ez herri-jaiak, herri jakin batekoak badira behintzat.

Baina aurreko izenak atzekoa modu jeneralean, orokorrean, determinatzen dauenean, sarritan ez da behar ez -ko, ez -zko atzizkirik lehenengo izenaren atzean.

PrebentzioZKO neurriak esan behar al dogu, prebentzio-neurriak laburrago esan ahal danean eta ederto ulertu? Neurri motak, neurri tipoak adierazo nahi baditugu, izen soilen alkarkuntza nahiko da. Halan: kontrol neurriak, salbuespen neurriak, edota  kontrol motak adierazoteko: abiadura kontrolak, birus-kutsatze kontrolak eta beste.

Aldi baten, “rutas turísticas” izenburua emoteko, TurismoZKO bideak zabaldu zan administrazino gune batzuetatik iragarki, seinale eta zabalkunde-paperetan. Ez al da zuzen, labur eta biziagoa turismo bideak esatea?

Eta aspaldiko adibide bat, behinola Gernikako arkupeetan ikastaro bat iragarten eban kartel baten irakurria: “Gernikako MonumentuZKO Ondarea”. Gaztelaniaz: “El patrimonio monumental de Gernika”. Ez al zan errazago ulertuko, “Gernikako Monumentu Ondarea” idatzi izan balitz?

Adolfo Arejita
Lau haizetara