Dakienak dakiHizkuntza

SaguA eta katuA ala Sagu eta katuA

Posted on

Izen arruntak, sintaxi funtzino berean dagozanak, juntaduraz alkartzen ditugunean eta halako izen kate bat sortu ?edo bide beretik adjektibo kate bat, adberbio kate bat, zenbatzaile kate bat, edo osteango hitz kategoria bi edo gehiagoren arteko katea?, zein da sintaxi aldetik segidu beharreko estrategia? Mugatzaile edo osteango determinatze-markak ezabatu guztiak, azkenengoa agirian itxita? Funtzino-markak, kasu-markak, aurreko guztiak ezabatu, akaburengoa itxita? Ala juntaturiko izen sintagma edo gramatika-unidade guztiak markatu, bakotxak, jagokozanak agirian dituala?

Aurreratu daigun, estrategia bat baino gehiago dirala gramatikaren aldetik, bide bakarrik ez dagoala. Eta aukera diferenteen artean, badira batzuk (noiz edo behin idatziz edo entzutez agiri diranak) okerrak diranak, agramatikaltzat jo beharrekoak, baina beste batzuk gramatikaz zuzenak, eta estiloaren arabera bata edo bestea hobestera joten dogunak.

Izen juntatuen gramatikaren barruan, eta juntagailuaz josten diranetara mugatuko gara, beste juntagailuakazkoa (edo, ala, nahiz, zein) bazter lagata. Juntagailu marka guztien artean, izan be, eta dogu funtsezkoa, emendioa adierazoten dauen aldetik eta markarik gardenena, bestetik.

Aukera anitzak dira puntu honetan, unitateen alkarketan gertatzen diran aldagarriak ugariak diran neurriak. Eta zuzentasuna baino gehiago, egokitasuna edo komenigarritasuna hartu behar dira kontutan, aukera bata edo bestea hartzeko orduan.

Horreek biak txakurraren eta katuaren moduan dabilz beti esaldian, gramatika-markak agirian dira guztiz: txakurr-a-ren eta katu-a-ren. Mugatzaile singularra jagoke biei, eta -en edutezko genitiboaz markaturik dagoz biak. Hori berori beste era laburrago bitara ?edo agian hirutara?, esan daiteke gramatika zuzenaz.

Bata, lehenengo izen sintagmari atzizki-marka guztiak kenduta; honeek bigarren edota azkenengo osagai juntatuan bakarrik agiri dirala: Horreek txakur eta katuaren moduan dabilz.

Bigarren aukera, izen biren artean bakarrik gauzatzen danean juntadura, alkarketa-legea aplikatzea, eta juntagailua ezabatuz eta determinatze-markak, agiri diranean be, atzenean bakarrik ipintea: Horreek txakur-katu dabilz. Edo adibidez aldaturik: Horreek senar-emazte-ak dira. Azkenengo honezaz ez dogu jardungo oraingoan, hitz-alkarketaren arloa ez baita oraingo jardungaia.

Hirugarren sintaxi bat be aitatuko dogu, elipsi partzialean oinarritua, zeinetan –a edo -ak mugatzaileari eusten jakon izen juntatuetan, baina funtzino-atzizkia eliditzen dala. Izeko-a eta osaba-akaz joan da partidura. Hirugarren hau da gitxien erabilia, eta geuk be gitxien gomendatzen doguna.

Gramatika-marka guztiak agirian dituan juntadura eredua da ohikoena eta hedatuena hiztunentzat, eta idatziz be halan dala esan daiteke. Absolutiboan, -a mugatzailea da soilik marketan dana: Asto-a, txakurr-a eta katu-a. Baina soziatiboa hartzen badogu, kasurako, mugatzaile eta funtzino-atzizkia: asto-a-gaz, txakurr-a-gaz eta katu-a-gaz. Badira idazleak (eta hiztunak be), izen kateatu guztiei banan-banan markak ipintea, enumeratzeari indar emoteko darabilenak; izen juntatuetariko bakotxari indar eta adierazkortasun berezia emoten deutsegula. Baia hiztunen ohiko erabileran ez da, behar bada, horrelako intentzino berezirik era horretako egituretan.

Batzuetan izen juntatuak, batzuk singularrez eta beste batzuk pluralez gertatzen dira esaldian, mezuaren esangureak halan eskatuta. Horrelako kasuetan, mugatzaileak agirian ipintea ia ezinbestekoa da, eta edozein kasutan be ziurrena; bape elipsi barik; esangurea zehatz adierazo gura bada, behintzat: alaba-ak, lagun-ak eta emazte-a.

Elipsi partziala inon aplikatzekotan, izen singular-pluralak juntadura-kate berean gertatzen diranean egin daiteke, egitekotan be. Andre-a eta ume-akaz joan da bazkaltzera edo Izeko-a eta osaba-akaz joan zan Parisera ez gendukez okertzat joko. Normalagotzat eta gardenagotzat onartuko genduke, halanda be, honelako kasuetan, atzizki-marka guztiak agirian darabilzan egitura: andreagaz eta umeakaz eta izekoagaz eta osabakaz.

Mugatzaile-marka eliditzeak sekuentziako izen guztietan (salbu azkenengoan) suposatzen dau, markak aldean daroazan azkenengo izen juntaduak agintzen dauela aurreko guztien determinatze-izaera: akaburengoa singularra bada, aurreko guztiak bardin, eta ha plurala bada, aurrekoak, beste hainbeste. Ume eta gurasoentzat izan dira opariak. Gazte eta zaharren artean izan da tirabira. Otso eta bildotsaren alegia.
Kontestuz, halanda be, batzuetan besterik ulertu leiteke: Andra eta umeakaz joan da Peru oporretan badinogu, andrea ulertuko genduke, gure kulturan poligamiarako ohiturarik ez dagoalako.

Badira izen batzuk, aita, ama tipokoak, arruntak izanik, izen berezien gramatikaz darabilguzanak; mugatzaile barik. Horretarikoetan, seguruena, izen juntatuetariko bakotxa markatzea da gure ustez: Aitari eta amari, aitagaz eta amagaz, aitarentzat eta amarentzat. Baina praktikan besterik be ikusten da; idatziz gehiago; entzutez arraroago da.

Funtzino-marken elipsia desegoki gertatzen da kasu batzuetan, agramatikala dala esateraino ailegau barik. Umetan, gaztetan, handitan… inesibo mugagabeak ohikoak dira denpora-marka legez bere kontestuan. Juntadura aplikatu ezkero, bitxi eta bakan gertatuko litzateke: Ume, gazte eta handitan ez dira gauzak bardin ikusten. Ezinbestean erabiliko genduke , ostera: Umetan, gaztetan eta handitan. Adberbiotze prozesu bat gertatzen dala esango neuke, zeinetan atzizki-markak eliditzeak ez daukan biderik.
Antzera jazoten da –z instrumentalaz eregitako juntadura-kateakaz be: Oinez, zaldiz eta zalpurdiz joian jentea erromeriara esango genduke zalantza barik, eta ez gengokez eroso, esan behar bagendu: Oin, zaldi eta zalpurdiz.

Azken apunte bat, eta juntagailuaz izen bikotea juntatzen danean, bata eta bestea soil-soilik darabilguzaneko kasuaz. J. Mateo Zabalaren adibide bi hartuko ditugu lagungarri. Bata: Atxurlariak ez dago or, negu ta uda, otz eta bero, soloan, basoan, izerdia dariela?. Bestea: bai gizonak, ta bai emakumeak gau ta egun, eta esan lei jai ta aste, negu ta uda, nai euri, nai aterri, nai ekatx, beti arrastaka, beti amurraturik, euren buruak tresna eginik, narraz darabiltzala.

Azken esaldiotan eta juntagailua da gramatika-berme bakarra: pluraltasunarena. Funtzino sintaktikoak ez dau hartzen marka propiorik; testuinguruak argitzen dau zein funtzinotan agiri dan.

Bego honenbestegaz.

Iturriko
2018-03-16