Dakienak dakiHizkuntza

“Saldua, galdua”. Horren azpian zer emon gura da aditzen?

Posted on

Saldu eta galdu aditzak behin baino sarriago aitatzen dira euskal esakuntzetan eta osterantzeko berbakizunetan, errima edo puntu jokoa alkar jagonik.

Saldua, galdua nekazari gizartean sarri entzun izan dan esakuntzea da. Berez ez da beti halan izaten, baina herri-pentsaera tradizionalean horrek dirau. Saldu-erosian, batzuetan galtzen eta beste batzuetan irabazten da, edo batak galtzen, besteak irabazteko.

Eretxi horren azpian zer datza? Etxea, lurrak, belaunez belaun jarauntsi dogun ondasuna, oinetiko ondasunak, saltzen badira, galdutzat emon behar dirala; edo epe ertain-luzera, saltzeak galera dakarrela.

Azkuek era diferenteetan jaso eban atsotitz hau. Bat: “Saldua, galdua”. Bi: “Salduak galdua dirudi”. Eta hiru: “Saltzen dabilena galtzen dabil” (EY 2786). Gehienetan halan dala, baina beste baten halan dirudi.

Errefrauaren beste formulatze bat: “Saldu edo galdu” (EY 900), baina edo juntagailuaren atzeanmezu biak bat eta bera diralakoa esateko. Eta gomendio moduko mezua dirudi hurrengo honek: “Ez galdu ta ez saldu” (EY 2342), ez bata ez bestea egin behar ez diralakoa.

Badira diruz erosi ezin leitekezan gauzak, eta horrezaz ohartzera dator hurrengo hau: “Diruekin erosi ezin laitekena, ez diruagaitik saldu” (Ggarate Atsotitz 3110).

Edozer merkezurrean erosi baino hobe dala beti jenero ona, balioa daukana erostea, besteak beste saldu orduan be prezio hobea egingo dauelako: “Ongi erosia, ongi saltzen” (GGarate Atsotitz 4170). Eta funtsean mezu beretsua hurrengo biok be: gauza onak beti daukala saltze hobea: “Gari ona etxetik saltzen da” (GGarate Atsotitz 5343). XVI. mendeko zaharren honek be: “Oial ona utxan saldu doa.” (RS 541).

Eroste kontuan arriskurik ez hartzea gomendatzen dau beste honek: “Erosten duenak ahal ez duena, sal dezake behar duena” (GGarate Atsotitz 4174).

Saleroste okerraren irudi gisa ezaguna da asto-mandoen arteko konparantza hau: “Mandoa sal eta astoa eros” (GGarate Atsotitz  9377).

Ezer ez daukanak zer galdurik be ez daukalakoa beste honek: “Eukirik ez, eta galtzeko arriskurik bez” (Bitaño).

Ondasunak ez eze, gizakiak be galdu izaten dira. Esparru horretakoa dogu seme galduaren irudia, gure tradizinoan behin baino sarriago soldadu joan edo eroanikoaren irudi modukoa, errefrauetan azaltzen dana: “Soldadua, amaren seme galdua” dino esaera zaharrak (EY 253). Soldadu joatea, lehenagoan, gerrara joan beharra zan azken baten. Hots handia atera eta galtze handiak jasan izan diran gerrateetan egon dira euskal soldaduak, besteak beste, Afrikako gerra odoltsuan.

Adolfo Arejita