Dakienak dakiEtnografia

Sanjuanak

Posted on

San Juan bagilaren 24an ospatzen dogu. Orduan da udako solstizioa, egunik luzeena eta gaurik laburrena. Sasoi honek, neguan Gabonakaz bat eginda pasetan dan moduan, hainbat siniskera eta ohitura ditu inguruan. Ha ta guzti be gehien-gehien suagaz lotzen dogu jai hori.

Sua bezpera iluntzean egiten da, etxeko landan, edo auzuneko soloetan, edo herrian gaur egun. Gero ta leku gehiagotan egiten dala esan lei, baina lehen soloakaz lotutako siniskeretan oinarrituta egoan. Suaren ganean salto egiteko ohitura egon da, zuziak hartuta soloetan kantuak edo esakera batzuk esatea be bai. Batzuk konjuro modukoak dira, soloak lapur, zapo eta sugeetatik libre egon daitezan.

Atari honetan bertan dagoan Herri ondarearen katalogoan, han hor hemen herriz herri batutako batzuk ekarriko ditugu hona.

Busturian batutakoak

Doniene ta Doniene
gaur dala, bihar dala Doniene,
etzi San Juan bihamone,
gure soloan sorginik ez,
badago bere erre beitez.

San Juan de la porta latina
larunbat arratsaldean,
hamalau atso tronpeta joten
motroillu baten ganean.

Urra, urra, urra sanjuanetan,
jantzan egin behar dogu ifar haizetan,
ujuju, San Juanera goaz gu.
Ujuju, zantzotxu bat bota behar dogu.

Beste hau Berrizen batukoa da:

San Juan, San Juan,
arrautza bi kolkoan,
beste bi altzoan,
sorginak eta lapurrak erre, erre,
artoak eta gariak gorde, gorde.

Biba San Juan!
San Juan, San Juan
nik ez dot besterik gogoan,
gure soloan lapurrik be ez,
sorginik be ez,
badagoz, badagoz, erre beitez.
Biba San Juan!

Maruru-Jatabekoa da hurrengoa:

San Juan Bagileko,
zapoak eta sugeak erreteko,
artoak eta gariak gordeteko,
San Juan Bagileko.

Zamudion be antzera:

San Juan bagilean, denpora ederrean,
artoak eta gariak gorde, sugeak eta zapoak erre.
Biba San Juan, etxean eta kanpoan!
Gaur dala, bihar dala Doniane Kruz, etzi San Juan biharamona.
Gure soloan sorginik ez, badago be erreko dira.