Abenduaren 4a Santa Barbara eguna da eleiz-egutegian. Artileruen eta meatzarien eguna dala gogoratzen deusku egutegiak. Baina hainbat zabalagoa izan da Santa Barbararen erregua eta sokorrua eskatzen izan dabenen gizataldea, lanbide, eguraldi eta giza egoera larrien eremuen arabera.
Euskaldunon herri tradizinoan zeri loturik agiri izan dan santa Barbara, zertzelada batzuez garanduko dogu.
Juan Manuel Etxebarria irakasle eta Zeberioko semeak gogora ekarri deusku errezitadu zahar bat, lehenagoko denporetan, trumoi eta oinaztuek bildurgarriro joten ebenean, eta baserri eta etxe askotan oinaztarririk ez, ‘pararrayos’ik ez, argia be joan sarri, argindarra etenda geratu, eta ilunetan etxe guztia. Eta oinaztua etxean bertan edo hurrean jausi ez zeiten, ezpanetara ekarten zan Santa Barbararen errezitadua. Morgan neu be txikitan etxean sarri entzunda nago, eta entzunaren porezuz buruz ikasita: Santa Barbara, santa Kruz, / jauna balia zakiguz, / inuzentien ogidxe, / Jauna, miserikordidxe. Zeberion be berba bardin-bardinakaz batu euskun Juan Manuelek, bertako ahoskera edo fonetikeagaz: “(…) Iñosentean ogie / Jaunen miserikordie”.
Trumoia hoska, tximista eta oinaztuak behin eta barriro goietan, baina hur, bisutsa eta txingor-erauntsiak etxe inguruetan gogor joten, eguraldi txarraren testigu… Halakoetan babes barik eta bildurrez ikara sentitzen ziran etxeko guztiak umeetara ginokoak, eta santa Barbarari sokorru eskatzea ez zan mira egitekoa. Sustrai zaharreko sinesmena zan gure herri euskaldunetako euskaldunon tradizinoan; aldetik aldera esan leiteke.
Sakana aldekoa ete dan nago, Nafarroan eskari modura esaten izan dan esakune hau: “Santa Barbara! Zure be(ha)r gara” (AN-gip). Esaera horren arrazoia honelan zehazten jaku, gaztelaniaz orain ehun bat urte berau batu ebenen idatzian: “Cuando se desencadena una tempestad y caen rayos” (AEF 1924, 7). Oñatin be antz-antzean batu eban Graziano Anduagak: “Santa Barbara, Santa Cruz, / Santa Teresa de Jesus, / iñusentien ogia, / Jauna, miserikordia” (Aitonaren Uzta).
Bide berekoa dirudi, Iratiko oihanean mendiko borda barruan estalpeturik egozan artzainek, eguraldi txarraren bildurrez, santa Barbarari babes eske egiten eutsen erregua: “Zeinatzen naiz hiruretan! / Santa Barbara, ni baitan / balia zakizkit gau huntan!” (Landerretxe «Iratiko artzaina»).
Trumoi, tximista eta oinaztuakaz estu loturik dagoz honako esaera gogoangarriok be: “Trumoia jotzean, Santa Barbara!” (Atsot 12467). “Tximista denean, Santa Barbara!” (Atsot 12623).
Suteen deskalabru eta triskantzak jazo izan diranean be Santa Barbara ekarri da bitarteko: “-Zu, bai al dakizu suaren santu debotua zein dan? -Santa Barbara- diyo sastriak” (V. Iraola Oroitzak). Xenpelar bertsolariaren hitzetan: “Orrengatik da Santa Barbara / suaren defensoria”.
Heriotz zigorra indarrean egoanean, urkamendira kondenatuak ziranen bitartekotzat be Santa Barbara ezagutu da. Belateko lapurren bertsoetan berariaz aitatzen da santa honen izena. Eta Orixek be bardin bere poema nagusian: “Barbara done egunez urka zitu(z)tena” (Euskaldunak).
Meatzarien bitartekotza aitatu dogu goian. Izan be, mea-zulo barruetan, arrisku handitan eta egoera latzean jardun izan daben behargin sufriduek be Santa Barbara autortu izan dabe babesletzat, Txirrita bertsolariak bertsoz gogorarazoten deuskun lez: “Santa Barbara mine-zuluan, / hura hango desgraziya!” (Bat-bateko bertsoak I).
Zorigatx handien aurrean, edozertarikoak izanda be, Santa Barbara bitartekotzat bilatzea ohikoa izan da gure pentsaera zaharrean. Bada errezitadu bat, dinoana: “Santa Barbara bedinkatu, zeruan dago izkribatu, papera ta ur bedinkatu, Santa Barbara bedinkatu” (Atsot 11843).
Eta azkenez badira G. Garateren atsotitz-bilduman bi, beste bide batetik joten dabenak. Batek, txakurraren buztanagaz loturik darabil santa honen izena: “Santa Barbara, txakurren buztena gora gora” (Atsot 11847). Eta bada bigarren bat, zentzun artezik hartzen be erreza ez dan errezitadu bat, baina zorigaiztoaren iragarle moduren baten, artzainen munduagaz loturik: “Santa Barbara: ahuntzek babara, ardiek erure, artzaiek zerure, makille infernure, zakurre, nahi duen lekure” (Atsot 11848).
Adolfo Arejita




