Dakienak dakiHizkuntza

Saretu berba barria, informazinoa sarean ipintea adierazoteko

Posted on

Informazioa saretu, sarean ipini edo eskegi esateko erabili leiteke. Dana esateko, saretu esangura gehiagogaz be bardin erabili leiteke. Esangura zabalagoa hartzen dauela esan lei. Ez bakarrik edukiak sarean ipintea adierazoteko, baita be: sarea egitea, hartuemonak sare bihurtzea, alkarregazko informazinoa sendotzeko.

Aditzak sortzeko edo garatzeko malgutasun handia dauka euskereak. Eta hiztegietan batuta egon ez arren, hiztun batek eiho leikez -tu atzizkiaz baliatuta aditzak.

Ehuna zer dan ezaguna da, eta ehunezko be bai: harizkoa. Ehunezko prakak, ehunezko arkondarea… Labayru Hiztegiaren esaldi bat: “Ehunezko mahai-zapi barriagaz egoan mahaia dotore apainduta”. Gitxi erabilia izan arren, horretatik garatu da ehundu, gazt. ‘tejer’. Hari-matazak lehenago etxean egiten zituen gorulariek, baina gero, soineko bat egin behar bazan, errazago zan tailer batera eroatea oihala egiteko.

Esparru semantiko askotan garatu dira edo izen edo adjektiboen gainean -tu erako aditzak. Batzu-batzuk aitatzeko:

– Denporearen eremuan: argitu, ilundu, gautu… Eta denporaz nonora ez ailegetea esateko: belutu edo berandutu.

– Espazioaren eremuan, batzuetan izen soilen gainean: barrutu, inguratu, behetu, goitu, baztertu, erbestetu… Baina hainbat kasutan, mobimentua tarteko danean, -ratu nora-kasuaz: aurreratu, atzeratu, barruratu, goratu, beheratu, azpiratu, gaineratu, ondoratu, menderatu, etxeratu, erbesteratu, kanporatu

– Gizaki eremuko izenakaz: umetu, gizondu, andratu, umetu, aguretu edo atsotu.

– Abere, pizti eta gainerako edozein bizidunen izenen gainean, garatzen diran aditzak irudizkoak ohi dira sarri: astotu (basati bihurtu), txakurtu (gaiztotu), katutu (mozkortu), akertu, oilotu (koldartu, kikildu), tximinotu, aberetu, txoritu (buruarindu), kokotu, zomorrotu,…

– Naturako gai-materien gainean eregiak dira: harritu, zurtu, urtu, leitu, edurtu, kristaldu

Objektu bat hartzen badogu, dirua, urrea edo koroa, berez sortzen dira dirutu, urretu edo koroatu. Ez beharbada leku guztietan, baina hiztunak bere esku dauka ahalmen hori. Sarri entzun dot Urdaibai aldean dirutu berbea, beste leku batzuetan entzuten ez dana. “Zertarako dogu etxe zahar hori? Ez dogu behar. Saldu eta dirutu. Bestala biziko gara!”: “diruz hornidu, dirua egin” esateko.

Adjektiboen gainean be ugaria da eratorkuntza: gaztetu, zahartu, argitu, ilundu, zabaldu, estutu, barritu, edertu, ondu, zorroztu, moztu, itsustu, arteztu, makurtu

Atzizki jakinen gainean ditugun eratorkuntzen artean aitatzekoak dira: -kotu: ganorabakotu; -ztu: kakaztu; -katu: adarkatu, gainkatu…

Arlora bihurtuta, sare izenaren gainean zilegi da saretu aditzari bizi barria emotea.

Adolfo Arejita