Dakienak dakiHizkuntza

“Sarna” zelan esan euskeraz?

Posted on

Gaztelaniaz “sarna” deritxonari gutariko gehienok sarnea esaten deutsagulakoa daukat; mailegua darabilgulakoa.

Badira, halanda be, euskal izen batzuk, han edo hemen erabiliak diranak. Bat: azteria. Beste bat: zaragarra. Azteria, oinarrian, atz egitearen eria da; atzeria aldaereaz izendatzen dabena beste batzuk. Iparralde osoan erabili izan dan izena da azteria, eta Nafarroa ekialdean be bai. Azkuek Erronkarin baturiko sendabide bat: “Azteriaren erkin arazteko on da lapa-belarraren ura egosi ta ezneareki nastean artzea”. Labayru Hiztegiak dakarzan ordainak: “hazteri, zaragar, hatz, ezkabia, zalakar, hirodura”.

Bizkai-Gipuzkoetan atza, huts-hutsik be esaten deutsie. Azkoitian lehenago atza esaten ei eben, gaur egun sarnea.

Eta euskerearen luze-zabalean  atz oinagazko izen eratorri edo alkartuak be ez dira falta: atzazkarra (BN), atz iraunkorra (G), zai-atza (L) e.a.

Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasean legena emon dabe erantzun lez barriemoile batzuk, baina berez legena (legana be deritxona), “leprea” da, eta ez “sarnea”. Ezkabia be bai, baina honen esangurea be “lepra”tik hurrago dago, “sarna”tik baino. Frai Bartolomek: “Zeinbat lepra edo ezkabi, zeinbat sarna” (Ikasik II).

Sarnea mailegu-izena da, edozelan be, zabalen dabilena. Eta lehenago be halan zan. Hara Mogelek, seigarren mandamentua eta neska-mutilen arteko zirrikak dirala-ta zer dinoan: “Sarna gaistoz beterik balegoz alango mutillen eskuak, gordeko zinate alakoen eskuetan ibiltea” (Konfesino Ona).

Euskeran aspaldi sartu zan “sarna” maileguzko eritasun-izena. Ze sarnea daukanari, “sarnadunari» esateko, Azkuek aspaldi batu eban berba gaitzesgarri bat: sarnaztoa, gazt. “sarnoso”.

Euskeraz, sartaldean berariaz, -zto atzizkidun adjektibo mordoa daukaguz, guztiak gaitzesgarriak. Batzuk, guztiz ezagunak: koipeztoa, zapaztoa, zorriztoa, basaztoa, goseztoa. Beste batzuk ez hainbeste: aduztoa baino gehiago darabilgu adurtia; oreiztoa baino gehiago darabilgu pekaztoa, edo Libe Agirrek Meñakako berbetatik plazaratu deuskun euliztoa. Eta bada Bermeon baturiko berba bat (beste inon ez dot entzun): adarraztoa, Begoña Bilbaok ondu eban hiztegian dator:rena “Ori adarrazto bat da, andreak adarrak imini deutsoz” (B.Bilbao BBEK 18).2

Labayru Hiztegiak “sarnoso” hitzarentzat dakarzan euskal ordainak, sarnazto horregaz gainera: “hazteritsu, zaragartsu, zaragardun, ezkabiatsu, ezkabiadun (tiñoso)”. Nik sarnaduna gehituko neuke.

Amaitzeko, gogora ekarri daigun gaztelaniazko errefrau ezagun bat, dinoana: “Sarna con gusto no pica”. Euskerazko ordain bat, esangura beretsukoa: “Gogozko tokian aldaparik ez”, edo “bide txarrik ez”, edo “gau eta ilunik ez”.

Adolfo Arejita