Dakienak dakiHizkuntza

Sarrakioa sartu

Posted on

Gaur nekez entzuten dan berbea, eta bizirik egotekotan be, leku mugatuan, edozelan be, sarrakioa, ‘izu-ikara, bildur ikaragarria, laborria’ adierazoteko. Esakera barruan erabili izan dala esan lei, sartu aditzagaz: sarrakioa sartu, gaztelaniaz esatea lez: “meter miedo en el cuerpo”. J.A. Mogel dogu berba-esapide hau Peru Abarkaren osteko glosario luzetxu baten jaso ebana, gaztelaniazko beste esapide bat ordaintzat emonaz: “Sarrakiua sartu: meterle el judío en el cuerpo”. Aldi haretan Markina eta Artibai inguruetan erabilia zan, duda barik, sarrakio berbea. Azkuek “pavor” itzul-ordaina emon eutsan, eta Markina eta Gernika aitatzen ditu berba honen erabilgunetzat. Urdaibai aldean ez dot entzun nik neuk.

Baina XX. mendeko euskal literaturan bada berba honen oihartzuna. R. M. Azkuek bere hiztegi urregorrizkoan badakar sarrakio berbea: «Pavor, gran miedo. Sarrakioa sartu, infundir miedo a alguien». Baina hiztegia argitaratu baino lehentxuago, baerabilen Domingo Agirre ondarrutarrak Auñemendiko Lorea elabarrian: «Orduantxe ezagutu neban lenengo Riktrudis. Amesetan iruditu geinkean gauzarik zoragarrienaren antzera agertu zan. Axe da sarrakiua sartu eustana! Bildurtu egin nintzan, beste munduetako gauza bat ikusi baneu legez.» (AL). Eta Kresala elabarrian be birritan darabil: «Igaro ziran, bada, Arranondoko jaiak. Entzute andia ekarri eben euren aurretik, gizate guztiaren jaun da jabe izan balira lez etorri ziran kanpai ots zindo ta kalerik kaleko soiñuen zarata bizigarriakaz arimetaraiñoko sarrakioa ta bizitasuna sartzen ebiela» (Kr). Eta baita Garoa-n be. Ez da kasualidadea Ondarroako idazle baten lumatik ernetea berba hau euskal literaturan. Gaur egun be «sarrakixu ata» (sarrakioa atera) esaten da Ondarroa inguruan, ‘errieta egin, agiraka egin, hasarre egin’ esanguraz-

Sarrakio hitzaren jatorria da kuriosoena. Izen kategoriako hitz lexikal izatera heldu baino lehen, bere jatorrian aginduzko aditz bat dogu: sar hakio!, gaur esango gendukena: sartu hakio. Hikako adizkia, zuka balitz: sar(tu) zakioz litzatekena. Hiri zer sartu? Bildurra gorputzera; azpian eliditurik datzan mezua.

Adolfo Arejita