Dakienak dakiHizkuntza

“Si tienes un ‘sikupe’, te arreglo allí el coche”

Posted on

Asier Muniategi jaunari eskerrak. Kortezubiko Oma auzoan bizi dan lehengusu bati batu deutso, hurrean, esaldi hori. Autoa konpontzeko tailerrera eroaten ibili behar barik, laguna dauen mekaniku horrek agertu deutsan jarrera borondatetsua. Euskerara bihurtuta: “Sikupe bat badozu, bertan konponduko deutsut autoa, zeu tailerrera joaten ibili behar barik”.

Gaztelaniaz ‘tejabana, cobertizo’ edo antzeko baten ordainez emoniko berbeta, sikupea, eta meritu gehiago kasu honetan, ezpan euskaldun batzuek gaztelaniazko esaldi barruan erabilita: un sikupe. Adierazgarritasun handiko berbea, edozelan be: norbera busti barik, aterpean, behar eroso egin ahal izateko.

Beste zein berba dogu euskeraz, balio bera edo hurrekoa adierazoteko? Hara batzuk.

Eskepea, Urdaibai aldean hondino be bizirik dirauen berbea. Bitoriano Uruburu Barrutiko semeak sarri erabili eroiazan eskepie edo eskepetxue. Gehienbat, ganaduentzako aterpea landan edo basoan. Neguan, eguraldi txarragaz batez be, pinudi barruko landan baegozan etxeko behiak, eskepe bat, eskepetxoa ederto letorkiela aditzen emoteko, ganadu jatekoa busti barik bertan euki egien, endemas neguan, edo gauean etxunda trankil egon eitezan.

Tradizino zaharreko berbea, Bizkai eta sartaldeko berbetan, idatziz be. Euskerazko idatzietan, Jesus umearen jaiotza-lekua eskepe triste bat izan zala gogorazoteko behin baino sarriago agiri da. Marijesietako kopletan, Urdaibai aldeko bertsinoetan, testu aldaera diferenteetan irakurri dot eskepe izenagaz izentautako Jesus umearen jaiolekua.

Aterpe, aterpea dogu beharbada zabal eta hedatuen dabilen berbea. Idatzizko tradizinoan be ondo sustraitua. Baina berbaz be sarri-sarri darabilguna, eremu semantikorik zabalenean: patari zein pertsonentzako. Kirikiñoren idatziz: “Arginek udan euzkitik euren burua gordetako euki ohi daroen moduko oihal sendo zati bategaz aterpetxu bat eginda dauko” (Abarrak II).

Estalpe izena be berbaz eta idatziz sarri. Erdialdeko hizkeretan gehiago beharbada. Ubillosen hitzez: “Belenen ondoan zegoan, estalbe edo etxola batean” (Berri-ekarlea). Ama Birjinaren kantu ezagunaren barruko esaldia: “Agur, pekatarien kaia ta estalpea”. S. Salaberriaren oraintsuagokoan: “Gau guztian hantxen egon ginan, […] euditan […], estalpe bat ere etzegoalako” (Neronek tirako nizkin).

Etxola ekialdeko hizkeretan da erabiliago, erdi eta sartaldekoetan baino. Baina tradizino zaharrekoa, edozelan be. Etxeberri Ziburukoa: “Jesus Kristo etxolan sortzearen gainean noela” (Noelak). Xurio: “Orduan gehiago prezatua izanen da etxola txarra, ezen ez jauregi urreztatua” (Imitazionea).

Teilape izena be guztiz ezaguna dogu, baina batez be bikuntzako etxeetako familien gorabeheran. Baserrietxe baten, alderdi batean familia batekoak eta etxekonean beste batekoak bizi diran kasuan, sarri erabili izan dan berbea: teilape berekoak gara, edo teilape berean bizi izan ginan, edo teilape beretik urtenikoak gara. Zehaztasun gehiagoz, etxe-teilapea be baderitxo horri.

Berez, etxetik aparte dan ‘eskepe’ bati be esan izan jako teilapea. Halan J. M. Etxeitak: “Bere etxetik urre eukazan beste teilape luze batzuk, arazo guztiak egiteko, ta eguraldi txarretan abereak eukiteko” (Josetxo). Nemesio Etxanizek: “Lehengo teilape arlote ordez, ermita eder hau idikitzeko aukeratu diguten eguna” (Antz 57). Eta bertsoz: “Ostatuak beterik / egoten baizian, / asko lotzen ginean / lekurik ezian. / Teilape baten sartu / diru eskasian” (Ayesta 46).

Lehorpe, edo legorpe izena be badogu. Hatan be, Omako autodunaren lagun mekaniku horrek berbaz darabilen sikupe berbearen bikotxa: sikupea eta lehorpea gauza bera dira: euririk sartzen ez dan aterpea.

Olabe izen bakanagoa be badakar Azkuek, gaztelaniazko ‘tejabana’ berbearen euskal ordaintzat, Gernikaldean batu ebala-ta. Neuk ez dot egundo entzun olabe izena berbaz. Idatziz, ostera, E. Erkiaga idazle lekeitiarrari idoro deutsagu. Lexiko arloan Azkueren jarraitzaile handia bera: “Etxe osoa ta alboko olabea” (Arranegi). “Txirringutsen olabera” (Batetik.Bestera). “Etxe ta olabe ondotik igaroten da trena.” (Batetik.Bestera).

Adolfo Arejita