Dakienak dakiHizkuntza

‘Silla hau ia libre BADAUEN jakin gura dot’

Posted on

Taberna baten mahai baten jesarrita gengozala, aulki bi hutsik egozan mahai inguruan. Eta alboko mahaira etorri ziran batzuk, ostera, aulki baten faltan. Eta halantxe sortu zan mahai bietakoak alkarregaz berbetan hastea. “Gura dozue?” opatu geuntsan gu. Eta taldeko gazte baten erantzuna: “Libre badauen bai”. Eta nik zuzen erantzun: Zer? Badauen? Baina alboko mahai horretan baegoan euskaldun edadetuago bat, eta segiduan erantzun eban: Badau! Hau da: libre badago, bai.

Badago baldintzazko adizkia batetik, eta dagoan zehar galderazkoa bestetik alkarregaz nahastetako joerea zabal dabil euskaldunen artean. Batez be gazteen artean, eta inguru batzuetan berariaz. Urdaibai aldean aspalditik igarrita nago, aditz egitura biok nahastau edo alkar-gurutzatzeko joera handia dagoala euskal hiztunen artean: baldintzazko aditz jokatuak eta zehar galderazkoak bereizteko orduan. Eta halantxe garatu dira adizki bikotxak: badago (badau) eta dagoan (dauen) bata-besteagaz nahastau eta badauen sortu.

Zehar galderazko mende-perpausak ba- aurrizkiaz markatzeko joerea zaharra da Bizkaiaren sartalderengo berbetan. Añibarro idazleak, Arratiako Areatzako seme izan zanak idatzirikoa da, kasurako, ondoko pasarte hau: “Begira, galdu badeutsezu lotsea, obedenzia, ta zor jaken erreberenzia zeure guraso edo nagusiagoai; euki badeutsezu gorroto, begirakune, gogortaderik; esan badeutsezu berba astunik; erakutsi arpegi illunik; deseatu gatxik edo eriotzarik; desobeditu gauza onetan; edo aztu bozuz zarzaro edo premiña denporan, janaritu ta janzi gura-ezik” (EscuLiburua 132). Zehar galderazko esaldia da, begira(tu) aditz nagusiaren mende dagoana. Gaurko euskera arautuan, mendeko adizkiok -an atzizkiaz markatuko lirateke: galdu deutsazun, euki deutsezun, esan deutsezun eta aztu dozuzan. Baina, tradizinoari zor deutsagun begirunea bitarte dala, ez gendukez adizki okertzat joko ba- aurrizkidunok be, erromantzearen albotiko eraginaz garatuak izan arren, gaztelaniaren si aurre-markaren adiera bikotxa bitarteko dala.

Baina guztiz modernoa edo oraintsukoa dan joera nabarmen hori, badan, badaukan, badabilen adizki ereduona, bai badaukagu okertzat, eta guztiz baztertu beharrekoa.

Adolfo Arejita