Dakienak dakiLiteratura

Sorne Unzueta Utarsus (Bilbo 1900-Algorta 2005)

Posted on
Haize gozoak hunkitu egiten nau, baina haize-erauntsiak ez nau botako

Sorne Unzueta Euskal Pizkundeko giroan kokatu behar da. XX. mende hasierako politika eta kulturako zurrunbiloan, bete-betean ibili zan: mitinlari, eragile, irakasle, idazle

1900. urtean jaio zan Bilbon, Abandon, eta Concepcin izena ipini eutsien. Harrezkero agirietan Primitiva eta Basilia be agertu izan da, baina abertzaletasunaren garra biztu jakonetik Sorne izan da. Basilisa ahizteagaz batera, irakaslerako ikasi eban Solokoetxeko eskolan. Orduan jarri zituan Bizkaiko Foru Aldundiak Auzo-Eskolak, leku apartekoetan bizi ziran umeak eskolatzeko. Eskola horreetako askotan euskeraz irakasten zanez, irakasleak behar ziran eta Sorne euskerazko irakasleen lehenengo promozinokoa izan zan, bera euskaldunbarria zala. Ezkondu arte Errigoiti, Plentzia eta Gorlizeko eskoletan egon zan. Gregorio Erraztigaz ezkondu ostean, Lemoa, Bedia eta Berangon behar egin eban.

Abertzale sutsua izan zan, euskal eskoletako irakaslea eta Emakume Abertzale Batzako sortzaileetakoa. Hizlari be ibilten zan, andrazkoei botoa emoteko eskubidea onartu eutsienean batez be.

Gerra hasi zanean, ostera, erbestera joan behar izan eban. Frantzian egon zan, leku baten baino gehiagotan, 16 urtez. Alemanen okupazino-denporan erresistentzian ibili zan, eta gero Eusko Jaurlaritzak Parisen eukan egoitzan, senarrak Euzko Deya-ko bulegoan behar egiten ebalako, Jose Antonio Agirrek halan eskatuta. Garai horretako gorabeherak Me voy contigo izeneko lanean jasota dagoz, bere esperientzia oinarri dala nobela itxuran azalduta. 1953an itzuli ziran, senarra txarto egoala-ta, hemen hil nahi ebalako. Orduko urteak garratzak izan ziran Sornerentzat, giro politikoak estu hartzen eban eta.

Sorne idazle izan zan, gerra aurreko aldizkarietan hainbat olerki, ipuin eta artikulu idatzi ebazan. Horreek danak batuta Idazlan Guztiak liburua argitaratu eban Labayru Ikastegiak 1997an. Horrez ganera, oso ondo margotzen eban, hainbat koadro eukazan etxean, paisajeak, erretratuak eta, berak eginda, ondo politak.

Idazlanei dagokienez, testu indartsuak dira Sornerenak, sentimentuz beteak eta samurrak, baina labankerietan jausi barik. Emetasuna eta amatasuna agiri-agirikoak dira bere idatzietan. Horregaz batera, naturak aparteko lekua hartzen dau bere testuetan, egoera eta jarrera askoren adierazpide eta irakaspide moduan. Natura jakintsua da, eta ederra. Eta Sornek zentzumenak zoli daukaz naturaren erakusgarriak ikusi eta hareekaz jabetzeko. Inguruaz gozatzen daki, begien aurrean daukan edertasunari erreparatzen, eta konparazinoen bitartez irudi eder-esanguratsuak egiten. Argia-iluna, eguna-gaua, koloreak, maitasuna adierazteko hiztegia ugaria da Sorneren idatzietan, testuak sentitu egiten direla esan daiteke.

Ipuinetan alegi itxurakoak ditu gehien, irakaspen eta guzti. Bere mezua azaltzeko balio deutso horrek, zelako jarrerak, jokabideak edo pentsaerak nahi dituen adierazteko bidea da, ipuin baten bitartez modu atseginagoan esanda. Baliteke irakasle izateak be eragina izatea horretan.

Bere bizitzaren oinarrian familia eta herria egon dira beti barru-barruraino sartuta. Andrazko moduan aurrelari izan da emakumeen eskubideak lortzeko borrokan, baina ez eban ondo ikusten feminismoa. Emakumea familiaren, senarraren eta herriaren zerbitzura dago, ez bere burua erakusteko. Amatasuna da emakumearen zereginik garrantzitsuena, bere esku dago hurrengo belaunaldiei berak izandako baloreak irakatsi eta txertatzea. Berak bost seme-alaba euki ditu, egoera gogorretan aurrera atera behar izan dituanak. Idazlanetan be gai nagusietako bat amatasuna izan dau, ama ume babesbakoen babesleku eta bide-erakusle agertzen dala.