Dakienak dakiHizkuntza

Suina, erraina; odoleko / kanpoko

Posted on

Errefrau honen errastu handirik ez da agiri euskal errefrau bildumetan, baina tradizinoaren harian josiriko errefraua dirudi, bai morfologiaz, bai edukiz.

Suin eta sein izenen hots-kidetasunaz josiriko esakuntza dotorea, eta esangura sakonekoa, bestetik. Etxe barruan, odoleko diranen eta erantsiak, ‘inkauak’ diranen artean egin izan dan bereizkuntzaren erakusle garbia. Etxera ezkontzeko diranen artean, bertako gurasoen gogoan, egiten dan banakuntzaren adierazle zorrotza. Odolekoak, diranik eta gaizto edo deungeenak izanda be, etxeko izan ohi dira beti, eta etxekotzat hartuak, eta hartu beharrekoak beti be. Baina erantsien, inkauak kasurako, neurria bestetarikoa izan ohi da.

Bitariko joerak izan dira, dana dala, lehenagoko etxeetan. Batzuetan, etxera datorren suina edo errana (erraina) izan, haize barri freskagarriaren ekarletzat hartu izan da, etxeko bizimoduari indar barria emongo deutsan bultzagarritzat. Baina bestetik, izan dira, baita, zelanbaiteko ‘endogamia’ zitalaren erakusgarri. Kanpotiko hori kontuzkotzat, badaezpadakotzat eta arduraz hartu beharrekotzat juzgau izan dabenak. Bigarren pentsabide honen errainu da goiko errefrau horren mezua.

Suina edo erraina ez dira etxekoen odolekoak, etxera sartzen dan odol barria baino, beste enbor batekoak. Arrazoi hori bitarte, kanpoko edo kanpotik etxeko habiara sartu dan horrek ez dauka izen onik herri tradizinoko esaera eta errefrauetan. Nafarroako esaera baten esana: “Suie sura eta errañe erre”. D. Intzaren azalpena ez dakit mezuaren argigarri danentz: “Suia ta erraiña beti elkarrekin haserre.” (NEZ 136). Sartaldeko berbetan: “Suina surtara eta errana erre”.

Gogoan al dozue Frantzie kortekoa izenaz ezagutzen dan balada odolgiro haretan erranak amaxeari, bera hiltera doazala ohartzen danean, egozten deutsan biraoa? “Amaginarrabea, muskerrez betea, sugeak egingo al deutso / gaberako ogea!”.

– Emazte izango danaren etxera ezkontzen dan suina etxe horretako nagusi izan dadin, ez da begi onez ikusia izan bertako guraso zaharren aldetik. Hala agiri da errefrau batzuetan. Esakuntza batek dino: “Suiña nausi etxian, alabaren dotia aidian” (EEZZ 2682): kanpotik etorri eta etxeko ondasun guztiak eralgi.

Baina ondasun kontuan ez eze, etxeko guraso zaharrei emoten jaken tratu txarra salatzen daben bertsoak be badira: “(Zuenean eztakit…); gurean behintzat suia da gaillen!… Beretzat onenak, beti; neri ez opa….” (Bertsolariya) (Jose Kruz Urrutia). Suina etxeko guraso zaharren galgarri bihurtzen dalako mezua, guraso ginarreba dituanen zorigaiztoaren iturri dalakoa, klasikoen sermoietan be agiri da. J.B.Agirreren sermoi baten: “Nere suia: zorigaiztoan neretzat agertu zana (Platicac I).

Baina suinentzako abertentzia zuhurrak be badira esaera zaharretan. Etxe oneko emaztegaiaren, etxe horretako ugazabandra bihurtuko danaren etxera ezkontzen dan suina betiko morroi bihurtzen dalakoa: “Sui joaten dana ezkontzan, bizi guzia morrontzan” (EEZZ 2681).

– Suina edo errana etxera ekartearen preminea, lege zaharrean, umeak eukitea zan. Baina lehen be jazo eitekean, edo bata edo bestea umerik sorrarazoteko gai ez izatea. Horregaz loturik dago nekazari giroko elabarri bateko esaldi hau: “Etxegurengo ama zaharrak bazerabilen nahikoa kezka, errainari begira… Hainbeste hilabete (ezkondurik), eta ondorenik ez? Errain legorra ekarri ote zuten ba etxera?” (Nem.Etxaniz Lur berri billa).

Adolfo Arejita