Dakienak dakiHizkuntza

-TZAGA/-TZAKA, -tzeke/-teke ezeztapen atzizkien lorratzean “Etzun aite afalTZAGA, jagi aite zor BAGA”

Posted on

0. Aurkezpena: arbola eztitzakak

Gure aita zanak, oharturik semeak jakingura handia erakusten ebala euskerazko berba bitxi edo berezien kontuan, ahaleginak eta bi egiten zituan bere Mendatako euskeran zein akordetan jakon horretarikorik. Eta halantxe behin itaundu eustan, ea nekian zer zan eztitzakie, zer ziran arbola eztitzakak. Artean entzun barik neukan berbea zan niretzat.

Mendatako Zarrandikoetze baserriko arloetan sagardi ederrak egozan orduan be hondino, eta lehengo mendeko 50-70 urte inguruan sagar asko saltzen eben Gernikan eta Bizkaiko beste leku batzuetan. Txirpia zer zan, berez haziriko sagar landarak basotik ekarri eta txirpian sartzea zer zan; behin lodieratxua hartu ondoren sagar-landarok, norberak gura dauen sagar klasearen erramakaz zelan mendau egiten ziran eta sagardian sartu; sagardoa zelan egiten zan… Sagar-arbolen kultura horretakoak ziran Munitibarreko basoetatik ekarten ziran sagar-landara eztitzakak. Eztitzakea esaten jakon eztitu barik egoan landareari.

Euskerearen morfologiara etorrita, -tzaka atzizkia da hiztunik gehienoi lausopean agiri jakuna. Hain lausopean ze, Gernikaldean entzun dodan berbea fruta-arbola berez hazirikoei deitzeko, eztitzerak da. Hango hiztunentzat -tzaka atzizki pribatiboa ilun bihurtu dan neurrian, -era femeninoa ordezko ipiniaz gardendu da zelanbait hitz eratorri hori; fruta-arbolak be, eme-atzizki edo amaiera hori ben errekadera, bendejera atzizkidunen edota -andera emakume-izendun diran labandera, plazandera, uxandera konposatuen kideko balitz lez.

Atzizki honen eta beronen aldaeren gainean da oraingo idatzi hau.

1. Atzizkiaren morfologia eta etorkia

Atzizki hau euskeraren sartaldekoa da batez be, sartaldea eremurik zabalenean hartuta, gipuzkeraren sartaldeko eskualdeak ‑‑Goierri eta Urola‑‑, zati baten behintzat, barru dirala. Atzizki honen aldaera nagusiak –tzaga eta -tzaka dira. Lehenengoa, bizkaieraren sartaldekoa, eta bigarrena, bizkaieraren ekialdekoa eta gipuzkeraren sartaldekoa. Lehenengoa, -tzaga, goizago zaharkitu da bigarrena baino. Eze bigarrenak, -tzaka aldaerak, gitxi-asko bizirik dirau bere urritasunean, nahiz gehienetan lexikalizatuta egon.

Azkuek bere hiztegian (Dicc. II, 343) atzizki honen aldaera nagusi biei emoten deutsie sarrera: -tzaga klasikoari (B) markaz (bizkaiera), eta -tzaka klasiko modernoagoari (B,G) markaz, bizkaiera-gipuzkera eremua autortzen deutsala. Bere Morfología-n be (159-161 zabal dihardu atzizki honezaz, eta hedadurari jagokonez, bizkaieraz harantzago gipuzkeraren eremuan Goierri sartzen dau, seguruenik Lardizabal idazleak bere euskal testuetan -tzaka atzizki-aldaerea hain ugari erabili izanean oinarriturik. Baina harritzekoa da bestetik, Iztueta zaldibiarraren idatzietan atzizki honen errasturik agertu ez izana.

Aldaera zahar bietariko bataren, -tzaga eraren lekukotasun agirientzat, RS errefrau bildumako atsotitz ezaguna gogorazoten deusku Azkuek: “Etxun aite afaltzaga ta jagi aite zor baga” (340). Atzizki bera funtsean, -tzaga, afaldu aditzagaz, eta baga, bat zenbatzaileagaz.

Baina beste aldaera eta sintaxi-funtzino biren argibidea isurtzen deusku adibide banaren bidez. Bata, -tzagarik aldaera adberbiala, Añibarroren egiletzapeko 1821eko Esku liburua liburuskako testutik jasota: parkatzagarik. Bestea, -tzagako adnominala: eztitzagako sagarrak, Mundakako lekukotasuna dakarrela.

Bigarren aldaeraren, -tzaka dalakoaren lekukotasun bizien artean, ezautzaka dakar, Ispazter, Markina eta Arrasateko lekukotasunakaz, horregaz batera dudatzaka, ohartzaka eta betetzaka be aitatzen dituala, testu idatzietako lekukotasunaz.

Azkuek artez epaitzen dauen moduan, -tzaga/-tzaka eta -tzake aldaeraren oinarrian -ga atzizki pribatibo zaharra dogu, bizkaieraz kanpo -ge itxurapean agiri dana. Eratorri ezagunak dira sartaldean: artega, baga, deunga, eskerga, indarga, jangarga adjektibo edo adberbioak, eta erdialdean donge, jangarge, bage eredukoak. Aditz-izenaren gainean eregitakoak, -te atzizkiaren gainean -ka bihurtu izan diranak: loka (lot-ga), bihozka (bihotz-ga), jagika (jagit-ga) sentika (sentit-ga), siniska (sinist-ga).

Aditzak -tu atzizkiaz garatu izan diranean, eta aditz-izena -tze atzizkia izan danean, -tzaga bihurtu izan da atzizki hori, edo kontsonante gorraren eraginez -tzaka. Aditzak -te aditz-izena garatu izan dauenean, ostera, -teka izan da horren emaitza zaharra.

2. Kategoria sintaktiko nagusiak

Atzizki honen azpian datzan -ga/-ge atzizki-era zaharragoan letxe, adjektibo eta adberbio kategorietan garatu dira honen eratorriak batez be. Ezeztapen postposizino zabalduenetariko bat, baga/bage zaharra dogu, gaur egun barik (< bagarik < baga) eta gabe (< bage) bihurtu izan dana.

Adjektibo eta adberbio kategorien artean, denporearen joanean adberbioen aldera hartu dau aldea, adjektiboarena arinduz.

Euskera zaharrean ugariagoak ziran adjektibo kategoriak, gerora bakanduz joan diranak eta lexikalizatze osoan egonkortu diranak. Sein bateatzakak aitatzen dira Antzuolako Amilletaren dotrinan, “ume bateatubakoak” seinaletako. Mogelek ezkontzakak eta ezkonduak aurrez aurre ipinten ditu: “Besteak bardin direala, otsein edo serbitzari batek obligazino laburragoak dituz ugazaba edo etxekoandreak baino; ezkontzaka batek ezkonduak baino” (Konfesino Ona). Edo txakurraren isildu bako ahausien irudia darabil beste behin ixiltzaka adjektiboaz: “Ekusan ernegauta bere burua konzienzia dongearen zaunka ixiltzakeaz” (Sermoiak).

Baina herri-berbetan azterka hasi ezkero, edo herri-hizkera batzen daben corpusetan, adjektibo zaharren zerrendea asko luzatu daiteke. Heltzakak dirala esaten da, zolitu edo heldu barik dagozan frutak, eta irudi bidez, zentzun gitxiko, buruarin edo nabarmenak diran pertsonak be. Frai Bartolomeren berbaz: “Alkarri kinu eginda, aurrean dagozan persona ondrauai guzur minberak ta lotsarizkoak esaten deutseezanak, geienean eurak dira berdeak ta eltzakak” (Ikasikizunak II). Oñatiko euskeran hondino bizirik dago eltzaka (eltzakia) berbea, heldu barik edo berde dagoan frutearentzako.

Goian aitatu dan eztitzaka, eztitzaga aldaerak be dituana da adjektibo modura luzaro iraun dauen hitzetariko bat. XX. mendean bertan darabil J. B. Eguzkitzak oraindino: “Sinestedun gizona ta sinestebakoa, mentau, eztitu, txertaturiko zugatza ta eztitzagea, txerto bakoa, berehalaxe dira.” (Sermoiak).

Beranduan, XIX. mendean, sartalderengo idazleetan -tzagako atzizki-aldaera be garatu da adjektibo kategorietarako. Halan, ezkontzagako darabil J. Mateo Zabalak “ezkondubako” esangureaz: “Zeinbat gizaseme ezkondu eta ezkontzagakoak, Herodes legez aragizkoetan ondaturik bizi direanak?” (Sermoiak I)”.

Adberbio kategoria da, edozelan be, -tzaga/-tzaka atzizkiaz ugarien erabilia dan kategoria, testu zahar eta klasikoetatik hasi eta gaurdaino. Ekialdeko bizkaieraren eta gipuzkeraren eremuan askoz nabariagoa da fenomeno hori, hau da, -tzaka aldaerearen eremuan.

Adberbiotzea, lexikalizatze joera nabarmen baten ondorioz gertatu da batez be. Lexikalizatutzat jo daikeguz hainbeste eratorri adberbial. Halangoak dirudie klasikoetarik jatorkuzan hainbat: arduratzaka, aspertzaka, bildurtzaka, dudatzaka, isiltzaka, ustetzaka eta beste gehiago.

Adberbiotze prozesu horretan, -tzaga/-tzaka atzizkiak -ik atzizkiaz bermatu dau gitxi batzuetan adberbio kategoria hori. Lazarraga arabarraren idatzi zaharretatik agiri da joera hori, poesian eta bertso amaieran, errima beteteko izan arren. Haren olerkietarik hauturiko ataltxo bi: “Gabaz egunaz serbidu begi / sekula aspertzakarik”. “Ene biotza bazegoan a[n] / kolpeaz maltratadurik; / bertati boz bat adi nezan / zeruko odei arterik, / serbi nezala donzella ura / ordu bat faltatzakarik”. Oraintsuragora etorrita, Añibarro eta J. Mateo Zabalarenean be ondo lekukotua dan alderea. 1821eko lekukotasunak dira hurrengo biak: lehenengoa, ikutzagarik: “Agertu egidazuz, jauna, ene biotzeko okollu ta ostendera guztiak, gelditu eztenditzat bekaturen bat ez bat ezkutuan ikutzagarik”. Bigarrena, parkatzagarik: “Onen ganean jakin egizu eze, seigarreneko gauzeetan ez dagoala gauza txikirik; guztiak dira astunak eta sakonak; eta alan ez dozu batxu bere konfesinoan atzeratu bear; eze bein bat atzeratutera azkerokoan, guztiak geratuko jatzuz parkatzagarik”.

Oñatiko euskera zaharrekoak dira lekukotza interesgarrien batzuk. Olabarrieta etxeko dotrina eskuizkributik hauturiko pasarte bi. Bata, galtzaka: “Eskolatik beriala denporia galtzaka ekarri biarko dozube etxerako izango dana zeuben nekazaritzako saillera” (Arrazola II). Bestea, sentitzaka: “Parau biar deustezube zeuben etxeko emakumiai beren oiak, etzaateko, aposintu edo sala apartian, eta orobat gizakumiai, iñolako moduz batak bestien aposintura irago ezin ditezkien moduban, zeurok zagozain ugetik sentitzaka” (Arrazola II).

Gipuzkera eremuan, Goierriko Zaldibiko semearenak ditugu lekukotasunik argi eta ugarienak, guztiak adberbio kategoriakoak. Halan betetzaka: “Iru urte betetzaka erregetzan eginda, Jerusalenen il zan” (Testamentu Zarreko), eta menderatzaka: “Buruzari jakintsu eta biotz andiko onek kanaantar geienak menderatu zituen; baiña banaka batzuek or-emen menderatzaka geratu zitzaiozkan” (Testamentu Zarreko).

Euskera modernoan Eibarko tradizinoa da atzizki honi sendoroen eutsi deutsana. Toribio Etxebarria eta Juan San Martin idazle eibartarrek, Eibarko euskeraz diharduen idatzietan berariaz, behin baino sarriago darabilez -tzeka eta -teka atzizkiak. Toribiok, batez be bere Lexicón eibarrés hiztegi-bilduman, sarrera emoten deutse atzizki aldaera biei, eta adibide egokiakaz hornidu. -KA sarreran azalpen-adibideok dakarz:

“KA. sufijo equivalente al prefijo castellano in.

Sagar ori eltzeka dago.

Jostunak, asteka eukan ondiok zure soñekua.

Afaltzeka zegozen zortziretan be.

Esa manzana está inmatura.

La modista tenía el vestido sin empezar aún.

Aún a las ocho estaban sin cenar.” (Lexicón eibarrés.)

Juan San Martinek, berandutxoago, bere Zirikadak eta Eztenkadak bildumetan, honetariko pasarte atseginak garantzen deuskuz bere ziri eta ezten kontakizunetan:

“Euretariko batek egunak zeroiazen tabernara azaltzeka, ta norbaitek beragaitik preguntau eban” (Zirikadak).

“Guztiak ziran edataille amorratuak, ta egunik galtzeka, gauerako erdi txilibrizkauta «argi-argi» joaten ziran etxerutz.” (Zirikadak).

Aditz-izen perpausak be eregi izan dira -tzaka atzizkiaren bidez, aditz-izen baten gainean ‑‑eta geroago partizipio baten oinaz‑‑; hau da, aditz menderatu horrek bere argumentuak alboan dituala. Añibarroren ondoko esaldi hau dogu adierazgarri adiutua: “Batzuk bekatutzat badaukee bere gauza ostua pagatzaga eukitea, baiña ez deritxe ta ez daukee bekatutzat zor jakina ta autortua luzetutea” (Gero bizk.).

Alde horretatik barik, edo baga postp. zaharragoaren balio eta funtzino bera gorde izan dau -tzaga zaharrak. Mogelen idatzietan, bata eta bestea alkarregaz be agiri dira behin baino sarriago: “Doaz bada […] urte osoetan ondu baga ta bear legez konfesautzaka” (Konfesino ona), “Baiña sugea il baga, munduan eginiko pekatua agertutzaka” (Konfesino ona).

3. Lexikalizatzea, itxura-aldatzea eta biziraupena

Atzizki honen gramatika indarra ahulduz eta galduz joan da, eta lexikalizatze bidea, hitz finko modura izozte bidea handituz (gorago aitatu dan zertzeladea). Atzizki hau daroen eratorri gehienak hitz-oin jakin batzuen gainean garatu dira, eta horretan iraun dabe. Gramatikaltasuna galdu ahala, era lexikalizatua egonkortu da. Eta lexikalizatze bide horretan, kategoriari jagokonez, adberbio modura finkatu da batez be; gitxi batzuetan baino ez adjektibo modura.

Atzizkiaren forma aldatzearen urrats nagusiak izan dira: -tzaga / -tzaka era zaharren bietatik -tzeka/-teka erara finkatu da hizkera batzuetan, eta -tzeke/-teke erara beste batzuetan.

Gaur egun Bizkai partean ia bape ez dala entzuten esan daiteke.

Atzeraka joan da igarri-igarrian atzizki hau hiztunen berbetatik. Hiztunik zaharrenetan, eta eredu zaharraren transmisino ona izan dabenen artean dirauela esan daiteke. Arrazolan (Atxondo), edadekoen artean eitteke (egiteke) eta besteren bat ezagunak dira, baina guztiz gitxi entzunak.

Hondino entzuten dan apurra ‑‑eta bakan entzuten dala ziurta leiteke‑‑ Leniz-Deba ibarretako herrietan batez be, eta gipuzkeraren Goierri-Urola ibarretan apurren bat. Eibarko aitamen bi egin ditugu. Bergara aldean, aditz jakin batzukaz batez be, entzunak dira -teke eta -tzeke aldaerak: egiteke (eitteke), joateke (juteke), labratzeke eta horrelakoak. Baina joera nagusia, erabilia dan inguruetan, barik postposizinoaren aldekoa da, edo bage/gabe postposizinoaren aldekoa gipuzkera eremuan.

Erabilgarritasunaz azken eretxi bat. Erabilgarritzat joten eta gomendatzen dogu atzizki hau, atzera-joera hori gorabehera. Ez bakarrik tradizino zahar eta klasikoan agiri dauen lekukotasunagaitik; batez be, bizirik iraun dauen ibar eta inguruetan, oraintsura arte edo oraindino be darabilen hiztunei zor jaken begiruneagaitik eta eskerronagaitik. Halanda ze, Juan San Martin eibartarrak bere kontaera liburuetan hartu eban bideari eutsi eta gaur egungo literatura idatzian be txertatu edo eztitzeko ahalegina egin behar dalakoan gagoz, gure literatura moderno eztitua emoitsuago bihur dadin, eztitzakarik mingots eta garrantz baino. Halan, tradizino idatzia eta berbeta bizia estu batzanduz, euskal estilo osasungarriago bat girotu geinke.

Iturriko

2019-06-21