Urteko zita dogu honezkero ‘Loraldia’ festibala. Aurtengo edizinoak, hamabigarrenak, BAGA, BIGA, HIGA, MAURIZIA! izenburupean aurkeztu da. Garai konplexu baten erdian sormenaren etxea zabaldu eta iruditeria barriak ehuntzeko gonbitea egiten dau: ahots barriak eta erreferenteak alkartu, tradizinoa gaurkotu, eta lengoaia artistikoetan esperimentatu, beti be transmisinoa eta komunidadea ardatz hartuta.
Arte proposamen bereziak dira, sormena eta ikuskizuna, diziplina ezbardinak batuta, euskeraz, iragana eta modernidadea bat eginda.
Agenda zabala osotu dabe, martiaren 9tik 28ra bitartean, Bilboko eszenatoki guztietan. Guztira 25 jarduera programau dabez musika, literatura, bertsolaritza, dantza, antzerkia, zinema eta esperientzia murgiltzaile/digitalak. Ekoizpen propioak eta formatu bereziak ditu Loraldiak bereizgarri. Aurten, kasurako, IKIMILIKILIKLIK Vol.2 (produkzino barria), APPA MAURIZIA (Sormen Digitala Bekaren emaitza), AHAZTU NIREKIN (etorkizunari begirako sormen-katea), besteak beste.




