Zahar-barriak

Udarako plan kulturalak nahi? Hona batzuk

Posted on

Bizkaiko museoek udarako programa bereziak prestau ditue, batzuetan umeentzat udaleku antzera, beste batzuetan familientzat, eta baita publiko orokorrarentzat be.

Aukeren artean hona batzuk: Muñatones Gazteluak bisita gidatuak eskainiko ditu udako domeka guztietan, irailaren 7ra arte. Bisitariek Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekurik garatuena ezagutuko dabe, leinu-gerretako testuinguru historikoan.

El Pobaleko Burdinolan burdina lantzeko prozesua zein dan jakiteko bisita egin daiteke.

Bilbon, Arkeologia Museoak Arkeouda izeneko kanpamentuak antolatzen ditu umeentzat. Gainera, museoak Arkeologia egun batez izeneko familia-tailerrak eskainiko ditu uztaileko eta abuztuko domeketan.

Rekalde Aretoan, Bilbon, Juan Carlos Eguillor  izeneko erakusketa dago ikusgai irailaren 28ra arte. Ondare aretoak Akuarelaren Nazioarteko Erakusketa izango dau, eta Arrantzaleen Museoan, Bermeon, Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea erakusketa dago. Bertan, abuztuaren 28an eta 29an, EHUren udako ikastaroa izango da, Literatura eta Nazioa izenburupean, Laida taldeak Gabriel Arestiren omenez 50. heriotza-urteurrenean antolatua. Eta uztailean eta abuztuan, Txakolin Museoak Uribeko koloreak izeneko bisita gidatua eskainiko du.

Beste programa interesgarri bat «Ibilbide Historikoak» deritxona da, bisita gidatuen programa zabal baten bidez lurraldea bertatik bertara ezagutzeko. Ekainetik irailera, bederatzi ibilbide ezberdin eskainiko dira: burdinoletako ibilbideak (Barbadun ibaiaren ibilbidea, Lea ibaiaren ibilbidea), arkeologia-ibilbideak (Tribisburuko Nekropoli erromatarra, Katillotxu estazio megalitikoa, Foruko herrixka erromatarra, Ereñozar Gaztelua, Arrolako Oppidum-a, Finagako Multzo Kulturala) eta zin-bideak ( 3 etapatan: Bilbo-Larrabetzu, Larrabetzu-Gernika-Lumo, Gernika-Lumo-Bermeo).

Ez dago urrun joan beharrik gauza interesgarriak ikusteko eta ikasteko, ondo pasatuz beti be.