Dakienak dakiHizkuntza

‘Ur epela’ personentzat. Zer esateko?

Posted on

Ur-epela esaten jakie persona batzuei, euren izaerea dala-ta. Zer aditzen emoteko ur epelaren irudi hori?

Adjektibo honegaz, epel dalakoaz eregitako adjektibo alkartu batzuk badira, esangura kuriosoa gordeten dabenak personei buruz darabilguzanean. Norbaitegaitik esatea, ur-epela dala, edo beste urlia bategaitik esatea katu-epela dala, e.a.

Zeren gainean darabilgu sarri epel adjektiboa?

Uraren gainean sarri. Ura dala-ta, epel-hila dala be esaten da, guztiz epel izateraino ailegetan ez danean. Hotz-hila be esaten da esangura beretsuagaz.

Baina persona baten izaerea dala-ta dinogunean ur-epela dala, zer esaten gagoz? ‘Jenio gitxikoa, gatz bakoa, adore bakoa’ edo horrelako zerbait. Hara frai Bartolome idazlearen adibidea: “Inok kasurik egin ez deutsan neska epel bat, edo mutil makal bat” (Olgeeta).

Katu-epela be erabilten da personakaitik: itxuraz mantsoa eta izaeraz biguna dalakoaren irudia edo. Emakume batzuen izaerea dala-ta entzun izan dot. Aspaldi ez dala, Mañariko gizonezko bati baturiko esaldi bat, ironiaz betea: Katu-epela bai, baina platera garbitu!

Katuakaitik sarri erabilten da epel adjektiboa beste adiera batzuetan be. Bada esaera bat, dinoana: Katuak epeletara. Edo eguzkiaren berora hurreratzen dirala adierazoteko: “Katuak epelera datoz” (V-arrig, G-azp, AN-gip) esatea (G. Garate Erdarakadak).

Berbeta leuna, gozoa, suabea aditzen emoteko be sarri joten da epel berbara. Gure klasikoetan: “Berenozko miin zorrotzagaz, labanagaz ta epelagaz galdu dabela askoren ondria” (fB Ikasik II). “Iraatsiko al deutse indarra nire berba epelei” (JJMg BasEsc V).

Otxolua idazlearen esaera eder bat: “Bakaldunaren erremuskadeaz, hautseziperdi urten ziran jauregitik katu bustia baino epelago” (Bertolda).

Personen izaereaz asko erabili izan da epela: ‘nortasun gitxiko, adore bako, motel’ dalakoaz. “Gizonik epelenak azartu oi dira” (D. Agirre Kresala). “Saihetsok berotuko dauskadaz, epel, irabio bako, eztakit zelako ori” (Kirikiño Abarrak I). “Karlista buruzagi epel batzuk zillarra nai omen zuten, ez gerra” (Orixe Santa Cruz apaiza). “Autormen hotzak… / asmo epelak” (Urretxindorra). “Nori diñotsak hik ezer […], lumabako mozolo epel orrek?” (Otxolua).

– Esapide batzuk badira, lokuzinoak, epel berbeagaz onduak. Ezagunenak, epelak emon, epelak bota eta horreetariko batzuk.

Epelak emon lokuzinoa dala-ta, Labayru Hiztegiak ‘ziria sartu, engainau’ adiereaz darakusku, esaldi honegaz on eginik: “Ez dakiala ezer eta, epelak emon deuskuz: berak egin dau ondoen. Gazt. ‘Como que no sabe nada, nos ha engañado, y ha sido la mejor”. “Eta zirti-zarta, epelak emon eutsazan Migel-erok gizon harrituari.” (Egutegi.Arantzazu 1956-11-20).

Epelak bota be esaten da. Azkuek Tolosa aldean batua da: “Honek bota zizkiguk epelak! Gazt. ¡vaya una salida!, ¡éste sí que nos ha puesto el gorro! (EY III 334).

Epela sartu esapidea be bada, ‘ziria sartu, hirusaku egin’ adiereagaz: “Barberito ona izango zan baino, / sartu diote epela” (Auspoa 39, 24). Epelak sartu dizkiok [bertsotan] aitari; baiña bapo zeok, motel! (Ataño TxanKan 76).

Epela entzun esapidea: “Batere enun pentsatzen bainan / orain entzun det epela” (Imanol Lazkano).

– “Eguzki epeletakoa izan lokuzinoa be esaten da, ‘mizke hazia izan’ adiereagaz, Gipuzkoako Beterrian batua.

– Errefraua: “Ur beroz erre den potxua beldur da epelarenzat” (Voltoire L’interpret). Bizidun abere edo personei buruz izan daiteke.

– Zeren gainean darabilgu gehiago epel adjektiboa?

Eguraldia dala-ta esaten da Urola partean epelgiro dagoala edo egiten dauela. Halan darabil J. Etxaidek: “Abendua izan arren, epelgiro ederra egiten zun eguzki zimelaren errainupetan” (Joanak joan).

Epel-epeletan egon, guztiok darabilgun esapidea da, berariaz eguraldi hotz gordinak diranean, etxe barruan edo sutondoan epel-epeletan egotea, kanpoan hotzetan ibili barik. Halan darabil Dom. Agirrek behin: “Neguan izaten da besigutea; neguan, legortarrak epel-epeletan lo dagozan bitartean” (Kresala).

Epel-aroa darabil E. Erkiaga lekeitiarrak behin: “Epel-aroa heltzen danean, txiroak eta landerrak zeru txiki baten pozkaria izaten dabe” (Batetik bestera).

Adolfo Arejita