Dakienak dakiHizkuntza

“Urtearen amaierEAN eta urtearen hasierEAN”. Hiztunok hasierAN eta amaierAN esaten dogu, ezta?

Posted on

Irratiz entzunikoa da beste hau be: “Urtearen amaierEAN eta urtearen hasierEAN”. Hiztunok hasierAN eta amairAN esaten dogu, ezta? [HASIER-EAN ala HASIER-AN]

Izen edo adjektiboak -a mugatzaileaz darabilguzanean ErrekA > errekEA. Gerra > gerrEA. AlabA > alabEA egiten dogu.

Baina non kasuan ez da jazoten nor-zer kasuan egiten dan -aa>-ea bokal-bihurketa. Hau da, -a-an ez da bihurtzen *-ean bihurtzen non-noiz kasuan. ErrekEA esaten dogu, baina ez *errekEAN. GerrEA esaten dogu, baina ez *gerrEAN.

Hasiera eta Amaiera izenak -era atzizkiaz eratorriak dira. Nor-zer kasuan: hasierEA eta amaierEA bihurtzen ditugu. Eta bide beretik sorrera > sorrerEA. Eta -tza atzizkidun izen eratorrietan be gauza bera: jaiotza, heriotza eta ezkontza izenak, artikulu mugatzaileaz:jaiotzEA, heriotzEA eta ezkontzEA bihurtzen ditugu.

Baina non kasura dakarguzanean izenok, -AN geratzen da huts-hutsik , eta ez *-ean. Halan dinoguz: HasierAN. AmaierAN. SorrerAN. JaiotzAN. HeriotzAN. EzkontzAN.

Izen eratorri bat -kada atzizkiduna bada, berbarako pelota izenetik pelotakada, esan geinke partidu baten oraingo hau 100gn pelotakadEA dala, baina partidua 100gn pelotakadAN irabazi dala. Baina ezetara be ez *ehungarren pelotakadEAN. Denpora-neurria dogu hamarkada izena, ‘hamarrurtekoa’ esateko. Horretatik esan geinke, kanta bat modan izan zala 90eko hamarkadAN, baina ez *90eko hamarkadEAN.

Gerra aurreko gramatikari garbizaleek bultzatu eben -a amaieradun izen edo adjektiboak non-noiz kasuan -EAN markatzeko joerea. ErrekA > errekEA bihurtzen dan moduan, inesibo kasuan be bokal-aldaera bera ezarri behar jakola eta *errek-EAN esan edo idatzi. Baina joera hori, erregularra bai, baina okerrekoa da euskal gramatikan, idatziz zein berbaz. Bilboko Euskelzale Bazkuna alkarteak-eta orain mende bete inguru bultzaturiko joera logikazalea. Baina orduan be gure idazle zindoek, Azkue, Zamarripa, Domingo Agirre eta herri-hizkera sendoa erabilen beste idazle bizkaitar enparauek ez ziran zulo horretan jausi.

Halanda ze, goiko esaldira bihurtuta, Urtearen hasierAN eta Urtearen amaierAN erabiliko dogu hutsik barik eta nabarmenkeria barik.

Adolfo Arejita