LiteraturaZahar-barriak

Zaranpean lo egin

Posted on

Baserri giroko bizimoduan behin baino gehiago entzun dogu umeei urteak beteteko bezperan esaten: «Gaur zaranpean/zestopean/otzarapean lo egin beharko dozu». Esaera hori nondik datorren edo zer esan gura dauen argitzeko, Kirikiñoren idatzi bat dakargu atal honetara, beti bezain zuhur Jabier Kalzakortak bilatuta.

«Ume batek urteak betetan dauzan aurreko egunean esan ohi jako: «Gaur gabean zarapean ipini behar zaitugu eta bihar arte zarapean egon beharko dozu».

Bat edo bat ezkontzeko danean be, aurreko egunean horixe esan ohi jako: «Zaranpean zagoz honezkero».

Baita azterketa nahiz zein-gehiagoketa bat inork egin behar badau be, ohituraz «zaranpean zagoz» esaten jako aurregunean.

Zaranpean hitz hori dator honetatik: oiloa hilteko danean, aurregun iluntzean otan harrapetan da, eta zaran bat ahuspez ipini eta harexen azpian eukiten da biharamonean hilteko ordura arte. Hau egiten da, oiloak hain goiztarrak izanik, eraz harrapetako hil behar dana, eurek oilotegitik urten baino lehenago goizegi jagi behar izango litzateke, edo bestelan oilo-ehizan ibili behar arineketan eta zarata baten; erosoago izaten da aurreko iluntzetik oiloa harrapauta eukitea.

Erdaldunak, gure zaranpean lekuan esaten dabe «estar en capilla, poner en capilla».

Erdaldunak: -¿Cuándo te casas? -Ya estoy en capilla.

Guk: -Noz ezkontzen haz? -Zaranpean naiagok.»