Morgan txikitan bizi izan neban esperientziatik abiatuko naz. Bagenduzan geure ortu ederrean makatzak eta madariak. Makatzak madari bereziak ziran, txikiak, motxak, baina gozoak halanda be. Tomas Gerrikabeitia bollibartarrak be esangura horrexegaz darabil: “An inguruen keixe eta makatz batzuk ikusten genduzan ederto eldute.” (Arantza.Larrosa).
Hiztegietan makatza, mendau bako madariari edo basa-madariari esaten jako, baina ez dot uste leku guztietan hori holan danentz. Gure makatz arbolearen frutuak gozoak eta estimagarriak ziran, txatoak, baina beinke be gozoak.
Eibarren be, Tor. Etxebarriak batu ebanez, “Makatz ederrak agertzen dira Bizkaitik gure plazara”.
Baina euskerearen erdialdetik ekialderantz beste adiera hori da nagusi, hurrean: basamadari txikerrarena, mentu edo txerto bako madariarena. “Makatza baino gogorragoa da” (más duro que un perojo) darabil Iztuetak. Oñati-Arantzazu aldeko berbetan be halan: “Makatz(x)ak, peras silvestres” (Iz ArOñ). Zestoan be holantxe: “Makatx, […] txertatu gabeko […] gerezia. Makatxak halare txikiyouak izatettun ta mikatzauak e bai» (ZestErret).
Literaturan: “Foru illak zuk ezin biztu ziñaizala, / makatz ustelik zeiñek osatu leike bada?” (Ama Euskeria).
Herri-errezitadu ezagun bat bada, Kandelario egunari buruzkoa, Azkuek Gernika aldean honelan batu ebana: “Kandelario lerio, atxari ura dario, makatzari madari, eutsi Peru ankeari. (V-ger)” (EY III 159).
Adolfo Arejita