Dakienak dakiHizkuntza

Ze berba daukagu euskeraz «levadura» adierazoteko?

Posted on

Azken hileotan etxe barruan egon garan bitartean, sutean jardutea izan da askoren entretenimentuetako bat. Errezeta barriak prestau, erronkak bete, zer ez! Hari horreri tiraka dator hainbat postre, zein ogi, gaztai eta antzekoak egiteko erabilten dan osagaiaren izena euskeraz zein dan.

Euskaldun askok ahaztuta be badauka euskeraz berbea, eta lebadurea entzuten jake esaten hainbati. Lebadura hitza levare aditzetik dator, hau da, altzatu, hazi, gora eragitearen emaitza; frantsesez levain. “Fermento” izena be emoten jako.

Baina euskerak bere-bereak dituan berba bikainak ditu lebadura dalakoa adierazoteko.

Legamia da zabalen dabilena, baina aldaera ezagunak be baditu: legamina, labamina, legamamia, lemamia Iparraldeaneta abar.

Altzagarria be esaten jako leku batzuetan: orea altzatu egiten dauena, altzagarria.

Jagigarria be bai gure sartalde euskeran. Oreari jagi eragiten deutsana. Ogia ondo egin dadin, oreari jagi bi egin behar jakozala esaten dabe. Xabier Boveda durangoarrari deutsat zor ohar hau: ogiari jagi bi egitearen zehaztasuna.

Hazkarria be sartaldeko berbea da, “fermentoa” eragiteko. Hazi eragiten deutsana. “Ta da lurreko ogia, ezpadu ere gure artean legami edo azkarririk” (Mogel CC).

Aurreko hiru berbok, altzatu, jagi eta hazi esangura beretsua dabe kasu honetan: gora eragin.

Txantxadurea esan izan jako Bizkai parte zabalean lebadureari. Mogelek, ogia zelan egin azaltzeko, dino: «Txantxadurea aurrez eginda ezarri bear jako ogi oreari» (Peru Abarka ).

Pedro Astarloa idazle frantziskotarrak, Durangoko semea eta Markinako jatorrikoa bera, hiru berba darabilz batera esangura honegaz, baina eleizearen irudi gisa: «Elexeak dirudi azkarri, txantxadura  edo lebadurea«. Eta beste pasarte baten: “Ara ze puskea dan oreari ezarten jakan txantxaduria”. Txantxadurea eta hazkarria, lebadurearen sinonimotzat.

Orantza be esaten jako Nafarroan eta Iparraldeean. Orea da oinean dagoan berbea: ore-antza. Orea dalako, ogia egiteko jagiten dana.

Nahi beste forma dagoz, beraz. Dana dalakoa erabilten dala, opil gozoak egin eta on egin!