Dakienak dakiHizkuntza

Zein da bizkaieraz modurik egokiena esateko “parecía”, batuazko “bazirudien”?

Posted on

Garbi esanda, irudi izan / iruditu aditza euskeraren zabalera osokoa da, bizkaiera eta Iparraldeko hizkerak barru dirala. Egia da, bazirudien adizkia irakurten edo entzuten dogula sarrien hedabideetan.

Baina Iparraldean: Iduri du / Iduri zuen aditz multzoa da adiera honegaz gehien darabilen hitz-egiturea.

Eta Hegoaldeko tradizinoan be aditz horren adizki trinkoa erabili izan dogu, baina ba- aurrizki barik ia beti: Dirudi (halan izango dala). Zirudian ondo urtengo ebala. Ez dirudi komeni danik. Ez zirudian txarto urtengo ebanik.

Izenburuko galderan, “Zein da modurik egokiena” da sakoneko itauna. Izan be, behin baino gehiagotan salatu dogu badaezpadako aditz egituratzat “emoten dau” / “ematen du”, eta iraganean “emoten eban / ematen zuen”.

Zein aukera edo zeintzuk aukera jo geinkez ontzat edo hobetzat? Bat baino gehiago dira, hiztunok egunero edo sarri darabilguzanak. Orainean eta iraganean eskeiniko ditugu, geure eretxian, aukerarik egokientzat joten ditugunak.

Esan aditzaz. Oraineko ikuspegitik: Esan lei ze / Esan leiteke (benetan dabilela, eta ez bromatan). Eta iraganeko ikuspegitik: Esan leian / Esan eitekean (partidua irabaziko ebala, lehenengo tantuak ikusita, baina ez da halan izan).

Pentsau aditzaz be sarri darabilgu. Orainean: Pentsau lei / Pentsau leiteke (denporeak lagunduko dauela). Iraganean: Pentsau leian / Pentsau eitekean (lurraren dardakadeaz teilatuak behera etorri behar ebala).

Antza egon edo antza euki aditz multzoaz be sarri balietan gara. Orainean: Antza dauka (oraingo entrenatzaileaz be Athleticek gatx eukiko dauela Europan sartzen). Iraganean: Antza eukan (azertu gehitxoago euki izan balebe, partidua erraz irabazi eikeela).

Eta berbeta batzuetan adizlagunez sarriago: Antza dagoanez, (hotzak ez dira aldenduko behin zati baten).

Begitandu aditzaz be baliau geintekez, baina beti nori argumentua lagun dala. Halan: Begitantzen jaku… edo iraganean: Begitandu jatan…

– Eretxia euki aditz multzoaz be bai, baina nork ergatiboa lagun dala. Halan: Eretxia daukat, Athletic jokoa hobetzen doala. Edo iraganean: Eretxia neukan (partidua galzorian egoala).

Edo aditz trinkoaz, hainbat egokiago, baina hemen be nori edo nork (eretxi) argumentuagaz. Orainean: Deritxat, deritxagu, deritxe… Eta iraganean: Neritxon, Zeneritxon, Eritxon, Generitxon, Eritxen. Halan: Deritxat (arrazoia daukazula). Neritxon (huts egin behar ebala, baina azkenean ez zan halan izan).

Dalakoa / Zalakoa euki. Diralakoa / ziralakoa euki ereduko egiturak be ezagunak ditugu, batez be sartaldeko hiztunok. Mungiako jaun eskolatu bati, Jesus Zugazaga jaunari irakurria deutsat oraintsu honako esaldi hau: “Beste erabilera horreek gaztelania ohiturak diralakoa daukat”.

Baztertuko genduken aditza da Emoten dau / Emoten eban aditza buruan erabiltea, horren azpian -la atzizkidun mendeko konpletibo bat erantsita.