Dakienak dakiHizkuntza

Zein mezu daukagu “Ahoa bero eta sabela hotz” errefrauaren atzean?

Posted on

Ahoa eta sabela aurrez aurre, jate kontuari joakon errefraua da oinarrian. Normalena da, ahoa dabilenean, sabela poz sentitzea. Errefrau zahar batek dinoan erara: “Agoa dabilenean, sabela poz.” (EY 965).

Baina goian aitatu dan errefrauak, sabela poz barik, sabela hotz dino. Eta ahoa ibilian erabiltea barik, ahoa bero egotea. Oinarrian gauza bera esateko: ahoa bero darabilenak jan eta jan dihardu, jatun ona da. Baina zer dala-ta kontraste hori: ahoa bero eta sabela hotz? Hain zuzen be, ahoa bero izatea beste zentzun bategaz, bigarren zentzun bategaz darabilelako errefrau barruan: ahoberoa izatea, ahoberokeriak esatea. Horregaitik Azkuek irudizko interpretazino hau emoten deutso: “la boca caliente y el vientre frío, dice figurativamente de un hablador”. Eta aldaera honegaz baturik dakar: “Agoa bero ta sabela hotz.” (EY 966).

Sabela dala-ta, gizakiontzat (eta bizidun ororentzat) daukan aginpidea erakustera dator aspaldiko errefrau bat: “Gure sabelak, gure jabeak” (Oihenart Prov 508). Eta sabela bete euki ezkero, edozertarako prest egotea gogorazoten deusku XVI. mendeko beste batek, sartaldeko berbetan esaten zan honek: “Dana sabelera ta Jerusalemera” (RS 311).

Sabela eta oinak konparatzen dituan Zuberoako errefrau zahar hau be bitxia da: “Dabilanak sabela handi, / dagoenak hoina handi” (Zalgintze 135).

Sabela eta arimea be alkarren kontrako edo arerio antzeko dakuskuz sarri gure sermoilari zaharren idatzietan. Mogelek dakarren hau testigu: “Sabelak emoten deutsu ardura geiago arimako gauzak baiño” (PAb), dirautso Peru nekazariak Maisu Juan barberuari. Eta hari berekoa da, frai Bartolome idazle etxebarritarrak pekatariei aurpegiratzen deutsen beste hau: “Bekatari tristeak! Sabela ta gorputza Jaungoikotzat artuta” (Ikask I).

Sabela irudi-izentzat hartuta, herrien gobernuagaz bardintzen dauen esaldi irakurgarri bat itxi euskun idatzita J. B. Eguzkitza idazleak gudu aurrean Gizarte auzia saio-liburuan:“Estadua sabel handi ta bihotz txikiko ugazaba da-ta”. Gaur guztien gustukoa ez dan esaldia, baina gaurkotasun handikoa edozelan be.

– Sabela bero egotearen inguruko errefrauen artean bada bat, ganaduen ausnarraren irudiaz: “Agoa ausnarrean dabil, sabela bero.” (EY 967).

Sabela bero eukitea dala-ta, Oñatiko Arantzazu aldean aspaldi baturiko esate modu bat: “Aitxua janda sabela bero, lotxo bat eindda kalera gero” (C.Izagirre Aranzazu-Oñate).

– Sabela poz segidaren lekukotasun zahar eta egokienetarikoa, Oihenartek XVII. mendean baturiko hau da: “Ahoa debilano, sabela boz” (Prov. 13). Geroago, Azkuek eta beste batzuk batuak dira antzeko gehiago: “Hagina dabilenean, sabela poz” (EY 960) eta: “Agoa gustora dabilenean, sabela poz” (EY 965).

Hari berekoa dogu sabela bete esapidea be. Sabela bete eta sabela huts aurrez aurreko egiten ditu E. Erkiaga idazle lekeitiarraren pasarte bikain honek: “Esteak kizkortuta iragan ondoren, sabelari betekada sendo bat emoteko eretia eldu jaken” (Arranegi).

– Sabela huts eukitearen gorabeheran: “Ahoa bero eta sabela huts” (Garate Atsot 307).

Sabela huts danean, esan izan dan hotsitza (onomatopeia), M. Larramendik dakarren erara: “Rugir las tripas, sabelak gurgur egin” (Dic.Tr.).

Adolfo Arejita