Dakienak dakiHizkuntza

Zelan esan? «Eskerrik asko gurekin harremanetan jartzeagatik ala jarri izateagatik»?

Posted on
  1. Irakasle batek bideratu deuskun zalantza bat, aditzaren erabileraren ingurukoa.

Aurreko aukera bien artean, jartzeagatik eta jarri izateagatik, bigarren hori alper antzean dagoala esango neuke: izan eransteak hor ez dakar balio erantsirik. Zuzena da izatez, zuzentzat jotekoa, baina ez deutso ezer gehitzen ez informazino ez aspektuaren aldetik lehenengoari: jartzeagatik erabilita nahikoa da, laburragoaz ostean.

Baina bada beste aukera bat, sarritan akordau ez ohi jakuna, baina esangura erantsi bat dakarrena. Eta da: Eskerrik asko gurekin harremanean jarri IZANAGATIK. Aditz partizpio soilaren eta gramatika-atzizkien artean izan aditz partizipioa sartzea, eta honi eranstea kasu-markak. Aspektu perfektua, burutua da egitura horregaz agiriratzen doguna. Harremanean jarri izanagatik dinogunean, harremanean jarri izan da honezkero, jarrita dago aurretiaz.

Baina: harremanean jartzeagatik dinogunean ez dogu zehazten noizko kontua dan harremanean jartze hori. Edonoizkoa izan daiteke berez: oraingoa, lehenagokoa zein geroagokoa. Gaztelaniaz be badago diferentzia hori: “gracias por ponerte en contacto” edo “gracias por haberte puesto en contacto”. Eta hor be biak bardintzeko joerea dago, lehenengoaren mesedetan.

Egitura biak dira zuzentzat jotekoak eta onartzekoak. Baina bigarrenak esangura erantsi bat eskeintzen deusku: nik erantzuna emon aurretik gertatu dala harremanean jartzea zehatz eta espreski adierazotea.

Adolfo Arejita