Dakienak dakiHizkuntza

Zelangura, zenbatgura, zergura, zeingura eta beste

Posted on

Gura eta nahi sinonimoak dira, zentzunkideak, ez beti, baina bai kategoria eta ingurune batzuetan. Erabilera paraleloa dabe nahi izan/gura izan aditz lokuzinoetan, berbarako. Batek badino, ogia nahi dot, beste batek esan lei, ogia gura dot; edo batak etorri nahiko leuke, eta besteak etorri gurako leuke, aditzaren esparruan. Zenbatzaileetan nahi beste eta gura (dan) beste sinonimoak dira, gura aina eta nahi adina diran moduan.

Izen kategorian, ostera, nahia nasaiago darabilgu gurea baino: Mendira joateko nahia erakutsi du normala dan moduan, Mendira gurea erakutsi dau ez da hain ohikoa. Baldin konposaturik ez badarabilgu, jakina: ibili gurea, egon gurea, etxera gurean, ezkondu gurakoa.

Sinplekeria handiegia litzateke, bestetik, nahi eta gura euskalkien arabera banatu nahi izatea: nahi batua eta gura bizkaiera. Argudio errena, nonbaiten be. Nahi bizkaieran sartu-sarturik dago eta gura horren erpeak beste euskalkietara be eroso sartzen dira, eta hiztegi batuan be onarturik dago. Sinonimoak dira, beste barik.

Gura eta nahi jatorri diferenteko hitzak dira, denporearen puruz gurutzatu eta esangura eta erabilera batzuetan bardindu diranak. Gaurko hiztunari zer ardura deutso gura hori gula latinetikoaren oinordekoa izatea, ama-semeen arteko zila aspaldi eten bazan. Eremuari jagokonez, gura bizkaieraren sartalde eta erdialdean dago errotuago eta nahi bizkaieraren ekialdetik sortalderuntz hegaldatzen da.

Baina laga daigun nahi horren kontua beste sanja baterako eta heldu deiogun oraingoan gura honi. Eta gura honetan be, itxi daiguzan oraingoz bazterrean gura izan aditz lokuzinoaren inguru-zertzeladak, eta ituan jo daigun konposatu-alkartu ereduko egituretan dituen erabilera batzuetan.

Esapide ezaguna da gure artean: Zer gura eta haxe (atera euskuen mahaira). Zer eta gura (izan) egitura banangoak dira hor, perpausan funtzino banagaz. Baina horretatik eta horren eredura eregiak dira /galdetzaile + gura/ egitura alkarturak, nahi (izan) orokorragoaz zernahi, nornahi, noiznahi edo nonnahi eregi diran bide beretik, nahiz hau baizen osterago. Horregaitik beharbada, berbazko erabileran askoz ugariagoak dira idatzizko tradizinoan baino.

Honetarikoak eurrezean darabilguz sartaldeko euskaldunok: nor(-)gura, zer(-)gura, zein(-)gura, noiz(-)gura, zelan(-)gura, non(-)gura eta batez be zenbatgura (berbaz, bateginik, zenbakura). Parentesi arteko marratxoaz ipini ditugu urratsa agirian ixteko. Baita be, marratxoaz ala loturik idatzi, zalantzagarri eta eztabaidagarri gertatu daitekelako batzuetan. Gure gomendioa, halanda be, batera idaztearen aldekoa da edozelan be, -nahi osagaiazkoak diranen antzera. Loturik idazteak baditu arrazoiak eta onurak. Ezbaiak errrazago uxatzen dira holan. Baina sendoroago erakusten da horretara, hiztunen kontzientzian alkarketa lexikal osoa garatu dala holakoetan, behinola alkarketa gramatikala zana.

Gaur egun zergura, zeingura, norgura, nongura edo noizgura tipoko alkartuak dira darabilguzanak, baina lehen osagaia deklinatzen doguneko alkarketa zaharkitu antzean geratu da. Arazo barik esan daikegu, halanda be, nogaz-gura, baina ez dozu entzungo, ez irakurriko norguragaz, nornahirekin guztiz normala izan arren. Neska gogoarin, zorapilo, zarabankada, lotsagazako edo galduko, nogaz-gura dabilen bateri darabil behin J.M. Zabalak, eta: itxi bagarik nogaz-gura batzanduten, beste behin.
Zeingura be ezaguna eta entzuna da, nahieran, aukeran, zein nahi dan esangureaz. Ederto baten darabil Etxeita mundakarrak Josetxo elabarrian: Ez zaite lotsatu, gizona; esan dodana ez da izan destaine bat baino. Lau neskatila gagoz etxean, hartu daizun zeingura; zer nahi dozu ezkontzeko ereti oberik?

Zergura be aurrekoaren antzera. Honan idatzi-predikau eban behin J. M. Zabalak: Ta gero zer gura dozue izan ditezan umeak? Zer? Kristinau deungak, biraogilak, gurasogin txarrak, gogorrak, edalak, seigarrenekoan loiak, ao gaiztokoak, lapurrak, eta zergura!. Eta beste behin, oraindino zorrotz eta gordinago, sein-galtzea dala eta: Baia okeluetan, ostenderetan ta bazterretan zergura egin, zelangura ebili gerokoari bildurrik artu bagarik, eta gero seina oratu jakenean: Ai ene ondrea! Ezin ezkonduko naz, eta oker egina estalduteko, ta lotsaritan ez ibiltearren, errurik ez daukan ume gaixoari bizitzea galarazo. Esan gura da: nahi dan guztia, gogoak emon ahal guztia.

Aurreko pasarte horretan, idazleak zer gura zehaztugabearen ondorik, haren segi-segian zelangura aditzondoa erabili deusku. Zelangura berez-berez darabile bizkai sartaldeko idazleek. Halan Aibarrok: Ze umiltasun andiaz imini zinean judegu gogor amorratuen eskuetan, ukabilka, ostikoka, makilaka ta zelangura barregarri erabilteko. Gogorarazo daigun, bide batez, gaur egun be, gure inguruko berbaikuneetan, bizi-bizi dirauela zehaztugabe honek. Otxolua mundakarraren pasarte batez on egingo dogu baieztu doguna: Zelan gura izan dedila, ba; baina zuk, hona etortzean, burua-makurtu egin behar deustazu. (Bertolda).

Aditzondoetatik urten barik, nongura eta noizgura be zabal dabilz sartalde euskeran, nonnahi eta noiznahi hitzen bikiak balira lez. Zabalaren lumaz adibidetuta: Baia zuen eskuan daukazue nozgura eta nongura egitea beste komunino modu bat.

Zenbatgura kantidade-hitzagaz amaiera emongo deutsagu gaurkoz jardunari. Aniztasuna, askotasuna hanpatzeko, berau dogu gaur egun sartaldeko hiztunon zenbatzaile hurrekoenetariko bat, nahibeste, gura adina (guraina) eta beste batzukaz batera, behinola erabiliagoak ziran berein, edozenbat edo beste batzuen lekuan. Kirikioren Abarrak bildumako esaldi honegaz esango deutsagu kitu jardun labur honi: Halan utzi eban mutila Madriden, bere-buru zala eta dirua nozgura ta zenbatgura atarateko eskubideagaz.

Datorren astera artean.

Iturriko
2016-10-06