Dakienak dakiHizkuntza

Zenbakiak data-egunetan

Posted on

Zenbaki bi, hileko data-egunak izendatzen diranean, batzuetan entzuten diran moduan: HamaikEAN eta Hogeita lauEAN, Zuzentzat jotekoak ete dira?

Hitz batek amaieran -a bokal itsatsia dauenean, inesiboan -an atzizkia darabil, ez dago -ea inflexinorik; -an bere horretan gelditzen da. Errekan, sakostan, trintxeran, bueltan esaten da eta ez *-ean amaiera sasikoaz. Eta kontsonantez amaitzen diran izen edo adjektiboetan, ostera, -a-an > -ean bihurtzen da. Halan: lurrEAN, gogorrEAN edo sudurrEAN.

Bizkai euskerako hiztun eskolatuen artean ernea dirudi nahaste txar honek: AutopistAN esan ordez, *autopistean esatea; politikAN esan ordez, *politikean egitea, edo izen arruntetara etorrita, *errekean esatea, errekAN esan ordez. Espainiako Vuelta dalakoaz be entzun dogu hedabideren baten, ez dakit zenbatgarren *etapean zer edo ha gertatu dala, etapAN erabili beharrean. Okerreko analogiak egitea da hori, herri-berbetan egundo sekula jazo ez dan desbide-fenomenoa.

Bide beretik doa hamaika zenbaki-hitzaren portakizuna be: hamaikAN esaten da, eta ez *hamaikean.

Harean diferentea da lauEAN zenbakiaren kasua. Lau diptongodun hitza dogu hor: gau izenean dogun -au- diptongo bera. Gau izenagaz gauean (gabean) darabilgu, -e- bokala erdian dala. Eta lau zenbakiaz be lauean esaten da hainbat berbakeratan. Forma okerra ez da behinik behin lauean hori. Era dialektala da, baina kasu honetan era araututzat doguna lauAN da. Arauz erabili beharreko formea, gure kasuan.

Adolfo Arejita