Dakienak dakiHizkuntza

Zer argitu leiteke urtika berbea dala-ta?

Posted on

Urtika bizi da hondino sartaldeko hiztun zaharren ezpanetan zorionez, baina ez da bakarrean erabilten, izen bati atzetik dautsala baino: zer urtika, esateko zer jaurtika edo zer jaurtigiten.

Adberbio horren atzean urtigi aditz zaharra dago, gaur zabalago dabilen jaurtigi edo jaurti aditzaren era zaharra. Zaharra bai, baina hondino euskerearen bazterretan bizi dana. XVI. mendeko errefrau zaharrak dinoan lez: “Arria urtigi ta eskua ostu, ax gizon galdu”. Gaztelaniaz: «Tirar la piedra y esconder la mano, eres hombre perdido» (RS 405).

Izen bati darraiola urtika, euskerearen sartalderengo parajeetan dirau bizirik batez be: Arratia eta Nerbioi aldea, Uribekosta, Mungialdea, eta kostaldeko herrietan be bai: Bermeon, Ibarrangelun eta abar.

Azkuek aspaldi zehaztu zituan bere hiztegian urtika honen esangura eta inguruneak: “En Vc y G se usa mucho, pero siempre en composición con otra palabra, significando ‘lanzando, echando, arrojando’ […]. Txinpart-urtika (V,…), echando chispas, txistu-urtika (V,…), escupiendo, adur-urtika (V-m,…), echando babas» (Azkue Dicc.).

Urtika eta jaurtika bat diran arren, hotsa edo zaratea ateraten dau sarri, egotzi, jaurtigi edo botaten dan horrek. Horregaitik beharbada, berbeta batzuetan urtika dana beste batzuetan hotsean da. Ingurune batzuk aitatu daiguzan:

– Objektu fisiko bat urtika. Halan gorputzaren atalen bategaz agertu daiteke urtika. Gehien bat, arin-aringa, tximistea baino arinago aditzen emoteko.

Apatx-urtika, zaldia lau-oinen doala, edo pertsona bat tximistea baino arinago. Eta horretatik apatxurtikea, gazt. «galope», berariaz gizakiokaitik: Han izan zan apatxurtikea! Edo: Hak atera dau apatx-urtikea. Baina pertsonakaitik era figuratuan.

Beso-urtika: besaka, gazt. «haciendo aspavientos», haserre giroan. Kirikiñoren berbaz: “Artezkariak ikusten eban […] ebilela beso urtika ta garrasika, ta sinistu eban hau zala zoroa” (Abarrak II 95s.).

Epert-urtika edo ipurt-urtika dira, berariaz astoen kontuan erabiliak, ‘ostikoka’ adierazoteko. Otxoluaren esanean: «Arrantzaka ta iperturtika hasi zan astoen atzetik» (Bertalda). Eusebio Erkiagaren luman: «Astoak han urrunago iperturtika ta arrantzaka hasi gurarik» (Arranegi). Eta Felix Bilbaoren luman: «Arrantzaka ta iperturtika han hegalean dagozan astoekana» (Ipuin barreka).

Ostiko-urtika be aurrekoen ildoko egiturea da, batez be astoen gorabeheran. Otxolua idazlearen senean: «Astoak, ostiko-urtika hasita, behingoan lur jo erazo eutsan» (Bertolda).

– Elementu solido, isurkari edo gasezko bat jaurtitzeagaz lotuta.

Edur-urtika: edur-bolak botaten. “Mutikoak edur-urtika olgetan eben edurra zanean”. (Arrazola. Jesus Eguskitza).

Harri-urtika da beharbada ezagunena, olgetan dala edo umeen arteko burrukan: harrika, harriak botaten. Gure klasikoetan be agiri dira harri-urtika eta hatx-urtika berbak. Pedro Astarloa durangarrak frantses napoleondarren aurkako gerrila-gerrearen giroan darabilen bat: “Abietan dira berorrenak atx eta arri urtika. Arri eskergak eta atx ikaragarriak datoz mendian beera bilinbolaka» (Urteko domeka II).

– Giza gorputzarenak izan ohi dira sarri botaten diran isurkari edo airezko gaiak.

Adur-urtika (‘babeando’), ‘adurra dariola’ esateko.

Dindirri-urtika, dindirria, mukia dariola sudurretatik, gazt. ‘moqueando’. Azkuek batu eta erabili eban: «Umezain […] dindirri-urtika ta kaleak hausten» (Bein da Betiko).

Txinpart-urtika be era honetakoa da, arin-arinka adiereaz: txinpartak dariola edo txinpart-hotsean esateko.

Txu-urtika edo txistu-urtika, txua edo txistua ahotik botaten ibiltea. Pedro Erandiokoaren esanean: txua-urtika.

– Hots, agiraka edo ahotik ateratako berba gaiztoren bategaz lotuta. Honeetarikoak dira: ainen-urtika, birao-urtika eta maldizino-urtika, hau da, maldizinoak botaten edo maldizino-hotsean, gazt. ‘maldiciendo’.

Ibarrangelun batua da ainen-urtika, eta Bermeon jasoa da: maldizino-urtika. Robustiano Ortuzar idazleak Oroigarriak liburuan darabil antzeslan baten: «Berantzako txarrago, maldezinurtika badabil» (Oroigarriak). Eta Jokin Zaitegi idazlearen Sofoklesen itzulpenean: «Eztei-ertunen buruzki aiñen-urtika ari zan» (Sofokel).

Birao-urtika, biraoka, maldizinoka esateko. Añibarroren berbaz: “Dana dala beti da izkune (/ohikune) okerra txatean-pitean gatz bagarik birao-urtika ibiltekoa” (Esku-liburua 1821). Edo Pedro Astarloarenaz: «Abietan dira euren buruai birao-urtika» (Urteko domeka II).

– Joko edo kirol batzuk be badira jaurtiketari lotuak. Herri-kirol zaharretan horretarikoen artean ezagunak ziran: palanka-urtika eta makila-urtika jolastea. J. Ignacio Iztueta zaldibiarrak bere aldiko gazteen jolas-moduak dirala-ta dino: “Burruka, azpiraketan, burumutxika, txingoka, bilinbolaka, makillurtika […] igarotzen dituzte jai arratsaldeak” (Condaira).

– Erabilera figuratu politak be badira. Bat: nagi-urtika ibiltea, «nagiak ateraten» esateko, Azkuek baturikoa.

Adolfo Arejita